Kale-inkesta egin berri du Mondraberrik, igande honetako koronabirusak markaturiko hauteskundeen inguruan.
Euskadiko hauteskundeak igande honetan izango dira eta herritar askok, oraindik ez dute botoa erabaki. Hala ere, eta hortik harago, 125.255 pertsonak, erroldaren %7,3k, posta bidez bozkatzea eskatu dute uztailaren 12ko EAEko hauteskundeetan, hau da, aurreko hauteskunde autonomikoetan baino %140 gehiago (52.365). Uztailaren 2an amaitu zen posta bidezko botoa eskatzeko epea, eta azken datuen faltan, Araban 16.144 eskaera egin dira (erroldaren %6,4), Bizkaian 77.067 (%8,47) eta Gipuzkoan 32.074 (%7,76).
Herritarrek posta bidezko botoari buruz zer iritzi duten eta Covid-19aren aurkako neurri egokia iruditzen zaien jakiteko kale inkesta argitaratu dugu. Gainera, datorren legegintzaldirako agintariengandik zer nahi duten azaltzeko eskatu diegu.
Juan Luis Lopez Castro ‘Julu’:
“Seguruaski lehenago ohartu izan banintz, botoa posta bidez emango nukeen. Arrisku mailari dagokionez, bozkatzera joatea komertzio batera sartzea bezalakoa da. Nik uste posta bidezko botoa sustatu beharko litzatekeela, koronabirusaren krisia ez balego ere”.
“Koronabirusaren inguruan oro har beste askok beste dakit, hau da, ez dakit ezer. Jakintsuek azaleko ezagutzak dituzte arazo honen inguruan”.
“Hauteskundeak irabaziko dituztenei zintzoak izan daitezela eskatzen diet. Besterik ez. Hori eginez gero, ez litzateke aurrerapauso txikia izango”.
Rosa Espejo eta Amalia Espejo:
“Gure iritziz boto presentziala emateko babes nahikoa egongo da, musukoa adibidez eramango dugu. Kalean ibiltzean ere arriskua dago, botoa ematean bezala”.
“Adineko pertsonek babes handiagoa behar dute, baina badakite posta bidez botoa ematen? Agian horretarako seme-alaben laguntza izango dute. Adineko pertsonak dira posta bidez botoa emateko behar handiena dutenak, baina aldi berean horrelako sistema bat erabiltzeko zailtasun gehienak dituztenak ere”.
“Politikariei eskatzen diegu lehenbizi euren artean konpon daitezela. Koronabirusaren arazoa okertu egin dute. Ez ditzatela euren interesak lehenetsi, eta herriaren alde lan egin dezatela. Ez dezatela euren artean hainbeste eztabaidatu. Konponbideak behar ditugu”.
Julen Valle eta Iosu Madinabeitia:
“Ondo iruditzen zaigu. Hauteskundeak irabaziko dituzten agintariei eskatzen diegu gazteok lanpostu bat lortu ahal izateko hainbeste ikasketa egin behar ez izatea”.
“Gazteok lan bat izateko aukera berberak izan beharko genituzke, ikasketa maila eta kopurua hainbesteko garrantzia izan barik. Gainera unibertsitate-ikasketek ez dute garantizatzen lan bat izatea”.