MUGIMENDU FEMINISTAK A25ean: “ASKOTARIKO INDARKERIARIK” GABEKO “BIZITZEN ALDE LANEAN JARRAITUKO DUGU”

0
2359

Arrasateko Mugimendu Feminista mobilizatu da berretsiz “askotariko indarkeriek gurutzatuta bizi beharko ez diren bizitzen alde lanean jarraituko dugula”. Seber Altubeko bilkurak azpimarratu du mugimenduak “geroz eta indar gehiago batzen ari garela”, eta “faxismoari feminismoz erantzungo diogula”.

Argazkiak: Arrasateko Mugimendu Feminista.

Mugimendu Feminista arratsalde partean ere mobilizatu da, Seber Altube plazan eta euripean bilkura eginez.

Gogoan izan ditu azken urtean Euskal Herrian eraildako bost emakumeak, eta “goxotasunez beteriko besarkada bat” bidali die euren senide eta lagunei.

Ildo horretan, memoria kolektiboa “borrokarako tresna gisa ulertzen dugu”. Halaber “besarkada bero bana” helarazi dizkie mundu zabalean borrokan diharduten “emakume* eta sexu-genero disidenteei. Bereziki Palestinara”.

“Sistema zisheteropatriarkal, kolonial eta kapitalistak egitura guztiak erabiltzen ditu zapalkuntzak betikotzeko”, “gorputzetan nahiz lurraldeetan”.

Faxismoa salatzeaz gain, gehitu du “ez dugula feminismoaren instrumentalizazioa onartuko”. Kontrara, “justizia feministan sinetsi eta justizia feminista eraikitzen jarraituko dugu”.

Arrasaten ez ezik, “Euskal Herria osoan matxismoaren aurka” dihardu, eta balioan jarri du autodefentsa feminista “etor daitekeenaren aurrean”.

Baita “erasoen aurrean, eskubideen ukazioaren aurrean, zerbitzu publikoen pribatizazioaren aurrean, gure bizitzekin negozioa egiten dabiltzanen aurrean” ere.

Erronken aurrean “aliantzak egiteko garaia da” eta Euskal Herriko Mugimendu Feministako kideak “geroz eta indar gehiago batzen ari gara”. “Gora borroka feminista! Gora Arrasateko Mugimendu Feminista!”.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen