BILBOKO EMAKUMEAREN HILKETA SALATU DU ITAIAK: “EZ ZUEN BERMATUTA BABESGUNE ETXEBIZITZARIK”

0
1991

Itaiak beharrezko ikusten du “babes logistiko eta profesionala bermatzea” indarkeria jasaten duten emakumeei. Halaber gogor gaitzetsi ditu “indarkeria matxista asmakizun ideologikotzat jotzen duten diskurso faxistak”. Hala, matxismoaren “aurka antolatzera eta borrokatzera” deitu du.

Lehen bi argazkiak eta bideoa: Itaia.

Emakumeen Antolakunde Sozialista berriro mobilizatu behar izan da, gaur arratsaldean eta Seber Altube plazan.

Izan ere, Bilbokoa Euskal Herrian aurtengo seigarren erailketa matxista izan da, eta egoeraren larritasuna azpimarratu du:

“Gizarte kapitalistan emakumeak bigarren mailako subjektu dira eta horrek era guztietako erasoak ekartzen ditu”.

“Kopuruetatik harago, gaur egun emakumeak emakume izate hutsagatik erailtzen dituztela” ohartarazi dute.

Horregatik gogor kritikatu ditu “indarkeria matxista asmakizun ideologikotzat jotzen duten edota urtean horrenbeste emakume erailtzen ez direla dioten diskurtso faxistak eta matxistak”.

Horiei guztiei aurre egiteko konpromisoa berretsi du, are “instituzioek dituzten mugak agerian” geratu diren honetan.

Alde batetik, erasotzaileak urruntze-agindua urratu izana azpimarratu dute, “egunero errepikatzen den eta askotan erailketarekin amaitzen den errealitate gisa”.

Ildo honetan gogora ekarri du Iruñeko Sarrigurenen urruntze-agindua urratu ondoren eraildako Tatiana.

Bestetik, emakumea bien etxean erail dutela eta babesgune izango zen etxebizitzarik bermatuta ez zuela kritikatu dute.

Berretsi dute “ez dutela eraso matxista bakar bat ere onartuko eta erasotzaileen aurrean erantzun irmoa emango” dutela.

Bukatzeko, auzoz auzo eta herriz herri matxismoari aurre egingo dion “mugimendu indartsua hedatzen jarraitzeko” deia egin dute, hain zuzen:

“Gizartean matxismoaren aurkako kontzientzia” zabaltzeko eta “eraso orori aurre eginez, matxismoa behin betiko amaitzeko”.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen