Horrek funtsean adierazi nahi du Entidad Nacional de Acreditación delakoak “laborategiaren gaitasun teknikoa eta emaitzen fidagarritasuna berresten” dituela. Horri esker, kooperatibak “nazioarteko erreferentziazko arauarekiko” entseguak egin ditzake. Arrasateko enpresa honek “adostasun-saiakuntzak egiten ditu automatizazio industrialeko gailu mota guztietarako”.
Beheko argazkia: TUlankide – Orbik Cybersecurity.
Teknikoki adierazita “laborategiak IEC 62443-4-2 arauarekiko konformitate-entseguak” egin ditzake, “SL-2 segurtasun-mailara arte, automatizazio eta kontrol industrialeko sistemen osagaietan”.
Kontuan hartzekoa da IEC 62443-4-2 delakoa “nazioarteko erreferentziazko araua” dela “automatizazio eta kontrol industrialeko sistemen osagaien zibersegurtasun-baldintza” teknikoetan.
TUlankidek zabaldu berri duenez, Orbik Cybersecurityk baloratu du aitorpen industrial hau CRArako, hau da, Cyber Resilience Act-erako, “urrats erabakigarria” dela.
Hots, Garaia parke teknologikoan kokaturiko enpresak “industria-produktu konektatuen ebaluazioko erreferente gisa duen posizioa sendotu” du.
Areago “akreditazioa fabrikatzaileentzat une erabakigarrian dator”, izan ere, “Europako Cyber Resilience Act (CRA) arauak, 2024ko abendutik indarrean dagoenak, 2026ko irailetik aurrera, aktiboki ustiatzen diren ahultasunak aktiboki jakinaraztea eskatzen du”.
Ildo honetan “2027ko abenduaren 11tik aurrera, Europar Batasunean merkaturatzen diren elementu digitalak dituzten produktu guztiei funtsezko zibersegurtasun-baldintzak betetzea eskatuko die”.
Testuinguru honetan “laborategi akreditatuaren entseguek fabrikatzaileei beren produktuen zibersegurtasun-konformitatea bermeekin frogatzen lagunduko die”.
Jon Ander Agirretxuk, Orbikeko laborategi akreditatuko arduradunak azpimarratu du akreditazioak “gure entseguek kalitate- eta fidagarritasun-estandar gorenak betetzen dituztela erakusten duela”.
Halaxe baloratu du “fabrikatzaile batentzat, laborategi akreditatu batek igorritako txostena izateak konfiantza ematen” diolako “bezeroen eta merkatuaren aurrean”.
Orbikek “hiru printzipiotatik abiatuta eskaintzen die bere bezeroei konformitate-entseguetan”:
“Bikaintasun teknikoa, ENACen akreditazioak babestua; sektorekiko esperientzia industria-esparruetan, hala nola trenbidean, makina-erremintan eta elektrikoan, besteak beste; eta produktu bakoitzaren konplexutasunarekiko hurbiltasuna eta egokitzeko gaitasuna”.
ENACen akreditazioa “duela zenbait urte IKERLANen aitzindari gisa hasi eta laborategian gelditzen ez den lana da”.
“Fabrikatzaileei laguntzea da gure helburua, bere produktuen zibersegurtasunaren adostasuna lortu eta bizi-ziklo osoan mantentzeko: lehen etapetatik eta adostasun-ebaluazioetatik hasi eta ziurtapeneraino”.
“Gogor lan egiten ari gara enpresa-ehunari lehiakortasuna emateko eta 2027ra gure gizarteko produktuen zibersegurtasunaren adostasuna betetzearen lasaitasunarekin iristeko”, nabarmendu du Salva Trujillo Orbikeko CEOak.

Oro har, Orbik 2023an sortu zuten, eta startup izatetik industria-zibersegurtasunean 60 espezialista baino gehiagoko taldea izatera igaro da.
Denbora tarte honetan, “industria-sektore askotako fabrikatzaileei lagundu die, eta produktuaren bizi-ziklo osoan zerbitzuak eskaintzen ditu, produktuaren zibersegurtasun-konformitatea lortzeko: laborategiko entseguetatik ahulezien kudeaketara eta ziurtapenerarte”.
Ainhoa Gorostizak, Orbik-eko Testing eta Ziurtapen zuzendariak gehitu du akreditazioa lortzea “mugarri garrantzitsua” dela kooperatibarentzat:
“Gure taldearen ahaleginaren eta konpromisoaren emaitza da. Aurrerapen honek bikaintasun teknikoaren aldeko gure apustua eta bezeroentzako balio-sorrera indartzen ditu”.
Orbik Cybersecurityk Arrasaten du egoitza, eta 2023an Ikerlan euskal zentro teknologikoak bultzatutako startup gisa sortu zen, “produktu elektroniko industrialen segurtasun-eskaera gero eta handiagoari erantzuteko”.
2024an lan elkartuko kooperatiba misto bihurtu zen Mondragonen eta Ikerlanen arteko akordio bati esker, Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin Basque Tek Ventures programaren bidez.
Hala, Euskal Autonomia Erkidegoko ekintzailetza teknologiko kooperatiboaren “eredu aitzindari bihurtu” zen.
Enpresa honek ere “ISO/IEC 17025 arauaren arabera akreditatutako laborategi bat du, zibersegurtasuneko entsegu akreditatuak ematen dituena, ekipamendu industrialerako eta elektronika txertaturako, IEC 62443-4-2 arauaren betetzea ebaluatzeko”.
Gainera, “nazioarteko beste estandar batzuekin ere lan egiten du, hala nola EN 18031 eta prEN 40000-1 seriea, RED zuzentaraua eta CRA erregelamendua betetzeko”.
Zerbitzuetaz aparte, Orbikek hurrengo produktuak ere eskaintzen ditu: Batetik, “Orbik Virtual Lab, produktuen zibersegurtasunerako laborategi birtuala, konformitate-entseguak automatizatzen dituena eta garapen-prozesuan txertatzen dituena”.
Eta bestetik, “myorbik.com, produktuen ahuleziak modu integralean kudeatzeko hodeiko SaaS plataforma”.
Hau da, Orbikek laster “Europar Batasunean nahitaezkoak izango diren araudi-eskakizunei aurrea hartzen laguntzen die enpresei”.




