EAJ-PNV eta PSEk “Elkarbizitzaren alde eta Ertzaintzaren eta Udaltzaingoen defentsan” mozioa aurkeztu zuten. Testuaren arabera, “Arrasaten ere Ertzain bat erasotua izan” zen uztailean. EH Bilduk galdetu du ea “nola liteke agente horri egoera berdina beste behin gertatu izana jende berdinarekin?”. Halaber, Palestinaren aldeko ‘flotilla’ren aurkako Loiuko karga gogora ekarri du, besteak beste.
Argazkia: MB artxiboa / Bideoa: Udala.
Mozioa aurreko osteguneko Udalbatzarrean aurkeztu zen, eta lotzen zituen zenbait eraso “Herri honetan iraganean bizi izan genituen garai-ilunekin”.
Oro har, gaitzetsi egin zituen”azkenaldian, ertzainei, udaltzainei eta lanpostu hauetarako oposaketak prestatzen ari diren gazteei zuzendutako hainbat eraso”.
Horren adibide jartzen zituen Gernikan “uztaileko egun hauetan hainbat ertzain mehatxatu eta irainduak” izatea.
EAJ-PNV eta PSEk adierazi zuten “Arrasaten ere Ertzain bat erasotua izan” zela “uztailean, zerbitzuz kanpo egonda taberna batetako liskar batetan mediadore lanak egiten zebilen bitartean”.
Bi alderdiek azpimarratu zuten “Ertzaintza zein udaltzaltzaingoak funtsezko elementuak direla gure segurtasuna bermatzeko”.
Halaber, biek ala biek Udalbatzari eskatu zioten “mehatxuak, irainak eta erasoak irmoki salatzeko”.
Baita EAEko herritarren “eskubide eta askatasunak errespetatzean eta bultzatzean eta horrek dakartzen beharrak betetzean oinarritutako bizikidetza-eredua babesteko” ere.
Elkarrekin Arrasatek erantzun zuen adieraziz “nire ustez zuen diskurtsoak ez du gure herriko errealitatea islatzen”.
“Benetan gai hau arduratzen badizue, udaletxean baditugu beste modu batzuk gai hau lantzeko”.
EH Bilduk gogora ekarri zituen Anoeta inguruan larriki zauritutako Amaia Zabarte, Tolosan begian zauritutako adingabeko pertsona eta Loiuko flotillaren aurkako karga.
Bi galdera jarri zituen mahai gainean: “Arrasatera etorrita, zer egiten zuen agente hori gaueko ordu txikietan bere burua salbatzailetzat jarriz, mota horretako liskar batean?”.
“Nola liteke agente horri egoera berdina beste behin gertatu izana jende berdinarekin?” Herri honen denok ezagutzen dugu elkar”.
EH Bilduk adierazi zuen “kritika politiko eta soziala legitimoak direla” eta ez du onartzen “herritarren protesta kriminalizatzeko saiakera hau”.
“Polizia eredua berristearen beharra” azpimarratu zuen. Bozketaren emaitzak honakoak izan ziren:
- Ezezko botoak: 11 (EH Bildu eta Elkarrekin Arrasate)
- Baiezko botoak: 8 (EAJ-PNV eta PSE)




