“Herriko edozein entitatek eman dezake izena Euskaraldirako; 30 dira jada”

0
545

Arrasateko denda txikiek nahiz handiek, elkarteek, taldeek,… eman dezake izena dagoeneko, doan. Norbanakoen izen-emateei dagokienez, orain bi urte 4.000 arrasatearrek eman zuten izena.

Arrasateko Euskaraldiak aurrera jarraitzen du antolaketa-lanetan, eta aurreko astean esaterako bilera informatiboak izan ziren.

Antolatzaileek berretsi dute aurtengo edizioan “edozein entitatek har dezakeela parte: denda bat (langile batekoa izan arren), kultur-elkarte bat, kirol-talde bat, enpresa bat,…”.

Entitatea definitzen da “antolatuta dagoen edozein pertsona talde, eta langile bakarra duen denda bat adibidez ere entitatetzat dugu”.

Euskaraldian parte hartzeko, entitateek ariguneak sortu behar dituzte “hau da, euskaraz lasai aritzeko guneak. Bi arigune mota daude, alde batetik barne-arigunea dago”:

“Adibidez, enpresa batean taldean egiten den lan bat. Talde horretako partaideen %80k baietza ematen badio Euskaraldian parte hartzeari, eta arigunea sortzeari, arigunea sortuko da bertan”.

Beste mota kanpo-arigunea da. “Herritarrei arreta egiten dieten guneak izan daitezke. Entitateek bermatu behar dute ariguneari etorri zaizkion herritar guztiak euskaraz atendituak izan ahalko direla”.

Beraz, “arigune bat sortu ahal duten entitate guztiek Euskaraldian parte hartu ahal dute. Parte hartzea doakoa da, eta eskatzen den bakarra da euskararekiko konpromisoa hartzea”. Orain arte (uztailak 28) ondoko entitateek eman dute izena:

  • Amaia Albes
  • Arrasate Euskaldun Dezagun
  • Arrasate Institutua
  • Arrasate Pilota Taldea
  • Arrasate Rugby Taldea
  • ArrasateBHI
  • Besaide Mendizale Elkartea
  • Emun Koop. E.
  • Fagor Arrasate S. Coop.
  • Fagor Automation
  • Fagor Electronica Koop. E.
  • Fagor S.Coop
  • Galbaian S. Coop.
  • Gili Gili arropa denda
  • Goiena Komunikazio Taldea Koop. E.
  • Hezi eta Hazi akademia
  • Hurkoa Fundazioa
  • Juan Antonio Irizar farmazia
  • Koniker S.Coop.
  • Laboral Kutxa
  • LagunAro Koop. E.
  • Mondragon C.F.
  • Mondragon Goi Eskola Politeknikoa
  • Mondragon Koop. E.
  • Olatz Musika Akademia
  • Olgeta
  • Photo Belun S.L.
  • Ttakun txalaparta elkartea
  • Ttukun kopistegia

Izena ematea irailaren 27an amaituko da baina Euskaralditik gomendatzen dute “abuztua tartean dagoenez, ahalik eta azkarren izena ematea”. Hartara, sartu euskaraldia.eus webgunean, eta bertako ‘Ariguneak’ atalean. Datu batzuk sartzearekin nahikoa da:

  • Entitatearen datu orokor batzuk
  • Kontakturako pertsona bat
  • Arigune kopurua
  • Ariguneetako pertsona kopurua

Izena emateko laguntza behar izanez gero:

  • arrasate@euskaraldia.eus emailera idatzi
  • AEDra deitu (943 77 12 28) eta Jokinengatik galdetu

Garrantzitsua da entitatean “ondo hausnartzea arigunea edo ariguneak non eta zelan sortu. Arigunearen adibide bat Eroskiko urdaitegia izan daiteke, hau da, talde horretako langileek eguneroko barne-funtzionamendua euskaraz eginez”.

“Hori barne-arigune bat da, eta gainera kanpo-arigune bat sor dezake, urdaitegi zerbitzuak bezeroekin hitz egiten duelako”.

“Entite batzuk parte hartu gura dute eta horretarako barne-lanketa egiten dabiltza. Entitateko barne-lanketari esker, partaideen benetako konpromisoa lortuko da”.

Aurtengo edizioan ere, herritarrek norbanako bezala ere izena eman ahalko dute. Beraz, “entitate bateko langile batek esaterako, bere entitateak izena emateaz gain, herritar bezala ere izena eman ahalko du”. Izen-emate mota hau irailaren 24an irekiko da.

Arrasateko Euskaraldiak berretsi du bertan parte hartzeko “ez dela esfortzu ekonomikorik egin behar, eta aukera daukatela gure herriarekiko eta gure kulturaren oinarriarekiko bultzada emateko”.

Euskal Herri osotik ehunka entitate izena ematen dabiltza, eta “gure herria euskalduna denez, zergatik ez parte hartu?”.

“Baliteke aurrerago izena eman duten Arrasateko entitate guztiekin aurkezpen bat egitea, izena emandako lehen 15 entitateekin egin genuen aurkezpena“. Bide horretan, bideo batzuk grabatu genituen eta datozen egunetan plazaratuko ditugu”.

Era berean “izena ematen dutenei argazkiak ateratzen dizkiegu, ondoren irudiak sareratuz. Izan ere, Euskaraldiak asko eskertzen du entitateek konpromisoa hartzea. Ateak denontzat zabalik dauzkagu”. Euskaraldiko lehen edizioan 4.000 herritar inguruk eman zuten izena.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen