Arrakasta handia Ez Donk Amaitu-k inauguratutako erakusketan

0
1654

Ez Donk Amaituk erakusketa inauguratu du eta gaur bertan egon da ikusgai Kulturateko Klaustroan. Zabalik izango da azaroaren 27ra arte, beraz gerturatu nahi duten guztiek hilabete oso bat izango dute bertara gerturatzeko eta bertan jarri diren irudi ezberdinak ikusi ahal izateko. Hala ere, gaurko arratsaldean, herritar ugari hurbildu dira bertako dokumentu, artxibo etab. miatzeko.

Antolakuntzatik azaldu duten bezala, erakusketarekin “ahaleginduko gara 80etako arlo garrantzitsuenak islatzen. Horretan jardutean konturatu gara egun ditugun lorpen asko 80. hamarkadan oinarrituta daudela”.

Erakusketak, beraz, argazki-erakusketa ez ezik, lekukotasun-bilduma ere izan nahi du, Arrasateko 80ko hamarkadako bizimodua nolakoa zen eta, jakina, garai hartan gazte izateak zer suposatzen zuen erakusten duena. Garaiak asko aldatu dira ordutik, baina, ekimenaren antolatzaileek, espiritu hori bizirik mantendu nahi dute, garaiko artxiboak bilduz.

Inauguraziora ere Arrasateko musikari ugari hurbildu dira, eta erakusketa 80 hamarkadako punk abestiekin jantzi dute arratsaldean zehar.

Inauguraziora adin guztietako bizilagunak hurbildu dira. Erakusketak harrera bikaina izan du lehen egunean eta hilabete osoan zehar bizilagun askoren arreta erakarriko zihur daude antolatzaileek. Azken finean, bizitza ematen lagundu zieten urte haiek eta istorioak gogoratzeko aukera biribila.

Izan ere, erakusketa honen zutabe nagusietako bat musika da. Erakusketaren antolatzaileek punkaren garrantzia berreskuratu nahi dute, eta azaldu nahi dute musika hau ez zela arrazoirik gabe agertu, baizik eta gertaera batzuei eta testuinguru sozial eta politiko jakin bati erantzuten diola, eta testuinguru horren oihartzunak oraindik ere dirauela gaur egun arte.

Klaustroetan egongo den “erakusketa aitortza bat izango da garai hartan aurrerapausoak lortzeko bidean jardun zutenei. Eraskusketaren izena ’80ko urtiek Mondrauen’ da”. Bertan ikusgai izango dira “flyerrak, kartelak, sarrerak, argazkiak, prentsako argitalpenak eta beste bitxikeria batzuk”.

Honekin batera “Udal-Bibliotekako langileek gurekin bat egin dute; punkaren eta 80. hamarkadaren inguruko liburuak bildu dituzte, eta eskura jarri dituzte liburutegiaren fonoteka sailean”. Azaroan zehar 4 dokumental emanaldi egingo dituzte Amaia Antzokian. “Askotan punk mugimendua krestekin eta jarrera zehatz batzuekin lotu izan da, baina Ez Donk Amaituko kideon ustez, punka hori baino askoz zabalagoa da”.

Kulturateko areto nagusian, 3 mahai-inguru egingo dira, musikarekin lotuta: “80. hamarkadatik abiatuta, gaur egunerantz”. Zuzeneko musika ez da faltako, Gaztetxean bertan: Perlata eta Zero.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen