Zaintzei buruzko EAJ-PNVren mozioa ez du onartu Plenoko gehiengoak

0
744

Zaintzen inguruko greba feministaren ostean, Osoko Bilkurak mozio hau aztertu du aste honetan.

Irudia: Udala.

Euskal Herriko Mugimendu Feministak lehen aldiz greba feminista orokorrera deitu zuen, Azaroaren 30erako. Testuinguru honetan, EAJ-PNVek mozioa aurkeztu zuen udaletxean, eta mozioak ondorengoa dio:

“Historian lehen aldiz, joan den urriaren 29an Zaintzaren eta Laguntzaren Nazioarteko Eguna ospatu zen, eta testuinguru horretan, ekimen asko antolatu dira Euskadin zaintza-eredu berri bat aldarrikatzeko. Osasun sistemaren eta euskal gizarte zerbitzuen kalitatea eta sendotasuna funtsezkoak izan dira Covid-19aren pandemiaren aurkako borrokan; eta, orain, itun sozial eta politiko berri bat adosteko garaia da, gure zaintza eredua lidergo eta erantzukizun publikoan oinarrituta eraldatzen jarraitzeko, sektorearekin, eragile nagusiekin eta inplikatutako gizarte erakundeekin lankidetzan”.

“Era berean, gizarte gisa, generoan oinarritutako rolak eta estereotipoak hautsiko dituen eredu-aldaketaren alde egin behar dugu”.

“Gaur egun, Gipuzkoan, lau pertsonatik batek (% 22,9) 65 urte edo gehiago ditu. Gipuzkoako biztanleriaren zahartzea da gaur egungo erronka nagusietako bat, eta hortik eratortzen da zahartze aktibo eta osasungarria sustatzeko beharra, baita estrategiak garatzekoa ere, adineko pertsonek pairatzen dituzten mendekotasun eta bazterkeria egoeren gorakadaren aurrean”.

“Testuinguru horretan, arrasatearrok eragile konprometituak izan behar dugu printzipio komunitarioetan oinarritutako balio-gizarte baterantz joateko, eta modu aktiboan parte hartu behar dugu zaintza-eredu erreferentzial bat eraldatzen eta martxan jartzen, zaintza eskubide unibertsala eta, pertsona, gizarte-ongizateko eredu berriaren ardatz nagusia izango dena”.

“Horregatik guztiagatik, Arrasateko Udalari konpromisoa hartu dezan eskatzen diogu Euskadiko zainketen aldeko itun sozial berrian parte hartzeko, eta zainketa-sistema sendo, eraldatzaile, komunitario eta feminista defendatzeko eskatzen diogu. Horretarako, ardatz estrategiko hauek garatzeko konpromisoa hartu ditzan eskatzen dugu”:

“1.- Pertsona, zainketa-eredu berriaren ardatza. Arreta pertsonalizatua, unibertsala eta kalitatezkoa izateko eskubide subjektiboa bermatzea.
2.- Zainketen profesionalizazioa. Zaintza-modu formal eta informaletan diharduten langileen lan-baldintzak sendotzea eta hobetzea, elkarrizketa sozialaren bidez eta laguntza-sistema indartuz.
3.- Etxeko zaintza lehenesten duen sistema. Adineko hamar pertsonatik zortzik etxean bizitzen jarraitu nahi dute. Horregatik, genero ikuspegia galdu gabe, etxeko zainketak hobetzea eta berrikuntza txertatzea beharrezkoa da, zaintza profesionalizatuz, familia-zaintzaileari lagunduz eta komunitatearen parte-hartzea indartuz.
4.- Berdintasunezko eta zuzena den sistema. Zaintzaren ardura emakumeek izan dute historikoki, eta, horregatik, uste dugu beharrezkoa dela, feminismo konprometituan eta berdintasunezkoan oinarrituta, zainketan emakumeen eta gizonen erantzunkidetasuna txertatuko duen gizarte-eredua aldatzearen alde lan egitea, ikuspegi intersekzionala hartuta.
5.- Koordinazio soziosanitarioa areagotzea. Gizarte eta osasun sistemen arteko lankidetza handiagoa eta hobea izan behar da, erabiltzaileek arreta integrala jaso dezaten euskal administrazioaren aldetik, mendekotasuna, dibertsitate funtzionala, gaixotasun mentalen bat edota gizarte bazterkeriako egoeraren bat izan.
6.- Komunitatea indartzea. Giza garapen iraunkorrerako gune gisa komunitate-loturak indartzea, gizarte-kohesioa eta zaintzarekin konprometitutako erakunde, elkarte eta pertsonen parte-hartzea areagotuz.
7.- Zainketen iraunkortasuna eta kalitatea bermatzea. Eraginkorragoak izanda kudeaketa hobetzea, horretarako baliabide ekonomiko berriak aztertuz eta egungo zainketa-ereduaren bideragarritasuna eta etorkizuneko ongizatea bermatuko duten neurri fiskal berriak hartuz, belaunaldien arteko konpromiso berrituarekin.
8.- Zainketen elkarlaneko gobernantza. Zaintza publiko eta komunitarioko eredu bidezkoago, berdintasunezkoago eta erantzunkideago baten alde egiteak berekin dakar elkarlaneko gobernantzako mekanismo berriak antolatzea: publiko-pribatua, publiko-publikoa, publiko-komunitarioa”.

Osoko Bilkuran PSE “euskal zaintzen sistema baten alde” agertu da, eta Aritz Murua Acha zinegotziak gaineratu du mozioak “genero-ikuspegia kontuan hartzen dituen hobakuntzak dituela”.

EH Bilduko Jasone Giraldo Menendezek, Gizarte Ongizateko zinegotziak, azaldu du mozioko “ideia batzuk partekatzen ditugun arren, beste hainbatekin ez dugula bat egiten”.

EH Bilduko zinegotziak salatu du “bizitzak eta zaintzak erdigunean jarri dituen Greba Feminista Orokor baten ostean, halako mozio bat aurkezteko moduak eta helburuak,nolabait atzetik aurpegi garbiketa eta itxurakeria besterik ez zituela pentsatzen dugu”.

“Eskaparate bete-beteta baina denda edukiz eta asmoz hutsik. Ausardia ere izan duzue pandemia aipatzeko, ba eskerrik asko”:

“2020an herri honetan komunitatetik eraiki ziren zaintza sareak, inongo udal-babesik gabe, egindako esfortzua eta lanari aitortza egiteko aukera ematen duzuelako, nahiz eta berandu iritsi”.

“Bada garaia zaintza eredu eraldatzaile batean oinarritutako politikak egiten hasteko. Horregatik, guk Arrasateko eragile eta norbanakoekin batera, lankidetzan, gure herriko zaintza sisteman arreta berezia jarriko dugu”.

Halaber, “zaintza arloak azken 8 urteetan jasandako hutsikeriari aurre egiteko, proiektu berriak martxan jarriko ditugu, eta martxan daudenak indartuko ditugu”.

Elkarrekin Arrasateko zinegotziak, Eva Abuin Bideburu Feminismo eta LGTBI+ zinegotziak, azaldu du EAJ-PNVri zenbait proposamen aurkeztu zizkiola adostasun bat lortzeko, baina EAJ-PNVek ezezkoa eman ziela.

Elkarrekin Arrasatek proposatu zuen lehenik “Mugimendu Feministarekin eta Arrasateko Greba Feminista aipatzea, eta egin duten lana balorean jartzea”.

Bigarrenik, “proposatu genuen pandemiaren irakurketa kentzea, ez baitugu horrekin bat egiten”. Eta hirugarrenik “zaintza eredu publikoa defendatzea”.

EAJ-PNVek azaldutakoaren arabera, “beste ekarpen batzuk [mozioan] txertatu ditugu”. Agurne Juldain Alcalde zinegotziaren hitzetan, “guk gure ereduan sinesten dugu, eredu sendo bat da” eta Gipuzkoako Aldundiaren datu batzuk adierazi ditu.

EH Bilduk EAJ-PNVri erantzun dio Gipuzkoako Batzar Nagusietako datu horiek “onar daitezen, EH Bilduren, Elkarrekin Gipuzkoaren edo Alderdi Popularraren botoak beharko dituzuela”. Hona hemen bozketaren emaitzak:

  • Mozioaren aurka: EH Bildu eta Elkarrekin Arrasate (11 bozka)
  • Mozioaren alde: EAJ-PNV eta PSE (9 bozka)

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen