Zabalik dago Santamasetan postuak jartzeko baimena eskatzeko epea

0
299

Azaroaren 15ean itxiko da eskaera egiteko epea, eta eskaerak www.arrasate.eus-en egoitza elektronikoaren bitartez edota BAZen burutu daitezke.

Testua: Arrasateko Udala. Argazkia: MB artxiboa.

Datorren abenduaren 22ko Santamas eguneko ohiko postuak jartzeko eskaera egiteko epea dagoeneko zabalik dago, eta azaroaren 15era arte mantenduko da irekita. Honen harira, postuak jartzea aginduko dituzten arauak prestatu ditu Arrasateko Udaleko Kultura sailak.

Eskaerak www.arrasate.eus-en egoitza elektronikoaren bitartez edota BAZen burutu daitezke.

Biteri plaza

Biteri plazan nekazaritzako elikagaiak saltzeko postuari dagokionez, aurkeztu beharreko agiriak honako hauek dira: nekazaritza ustiatzeko txartela , osasun erregistroa, janari erabiltzailearen agiria, eta salgaiaren arabera legez eskatu daitezkeen agiriak. Gehienez 60 saltoki aukeratuko dira, eta lehentasuna izango dute herriko, eskualdeko eta/edo EAEko ekoizleek.

Aukeratutako saltoki bakoitzak 32 euroko tasa ordaindu beharko dute udaletxean abenduaren 6a baino lehen. Arrasate, Debagoiena eta Aramaioko ekoizle/egileak salbuetsita egongo dira ordaintzetik.

Seber Altube

Seber Altube plazan baserriko elikagaiak saltzeko postuari, eta herriko saltokien eta barazki eta fruta lehiaketari dagokionez, bertako partaidetza esklusiboa izango da: soilik herriko saltokien eta fruta eta berdura lehiaketetan izena ematen duten ekoizleak, eta Arrasateko ekoizleak hartu ahal izango dute parte. Etxean bertan egin edo ustiatutako baserriko produktuak bakarrik aurkeztu ahal izango dira, eta ez da onartuko produktu industrialeko unitateen parte hartzea.

Lehiaketari dagokionez, hiru egongo dira: herriko saltokiena, barazki saltokiena eta fruta saltokiena. Sariak emateko erabiliko diren irizpide nagusiak kalitatea, kopurua eta aurkezteko modua izango dira. Sari ekonomikoez gain, irabazleak garaikurra ere jasoko du. Bestalde, barazki ekologikoak osatutako saltoki onenak ere saria jasoko du, eta, epaimahaiak hala erabakitzen badu, baserrian eskuz egindako ogia ere saritua izango da.

Talo-postuak

Talo eta antzeko euskal produktuen saltokiei dagokionez, postuak esleitzeko irizpideak hauek izango dira, ordena honetan: antzinatasuna Santamas azokan, saltokiaren ezaugarri teknikoak, euskararen erabilera, produktu mota eta postua jai girora egokituta egotea. Gehienez sei saltoki baimenduko dira.

Postuaren tamaina saltoki bakoitzaren araberakoa izango da, baina aukeratutakoek 16 euro ordaindu beharko dute m2 bakoitzeko abenduaren 13a baino lehen. Ez dira baimenduko 10m2 baino azalera txikiagoa duten saltokirik. Ordainketa Udaletxean egin beharko da.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen