Ibai-Artek eta Arrasateko Trikitixa Eskolak antolatuta, zenbait emanaldi izango dira irailaren 7tik (ostegunetik) 9ra, bi naziotako taldeek parte hartuz. Egun berberetan Merkemerkaua ospatuko da zenbait kale eta plazatan.
Lehen argazkia: Gaizka Peñafiel Dañobeitia / Bigarren argazkia: O Val Das Mouras.
Egitarauari ekiteko, eta arratsaldeko 18:00etan abiatuta, kalejira aurrera eramango dute trikitixa eskolako lagunek, panderoei eta trikiei eragiten.
Hurrengo egunean, irailaren 8an, Herriko plazan Ate Irekiak ospatuko dira ‘Eskola Plaraza’ goiburuarekin eta Triki-gin txapelketa barne.
Ondoren, arratsaldeko 20:00etan, Herriko plazatik kalejira abiatuko da Portaloirantz, bertan Xabi Solano Maizak kontzertua emango baitu.
Nazio eta nazioarte mailako musikari honek, besteak beste, Esne Beltza taldean aritua da, eta Donostiako Aste Nagusian zuzenekoa eman berri du, arrakasta lortuz.
Beste nazio bateko proposamen batek, O Val Das Mouras, irailaren 9an ariko da Herriko plazan, betiere Hauspo Egunaren baitan. Galiziarrek zelta-folka jorratzen dute Rosalía de Castroren poesia oinarri.
Ekitaldi hau arratsaldeko 19:30ean hasiko da, eta aipatu behar da egun berberetan (irailaren 7tik 9ra) Merkemerkaua ospatuko dela kale eta enparantza ugaritan.
Ibai-Arteren eskutik, ostegunean eta ostiralean ordutegia arratsaldeko 16:00etatik 20:00etara izango da. Larunbatean goizeko 10:00etatik 14:00etara eta arratsaldean 17:00etatik 20:00etara.