Espainiar estatuko Trantsizio Ekologikorako Ministerioak ezezkoa eman dio “Itsaraz” deitutako proiektuari, egitasmoak ingurumenari eragingo lizkiokeen kalteengatik. Parke eolikoa egiteko, tentsio altuko linea bat egin beharko litzateke, tartean Arrasaten.
Irudiak: Iberia Omicron.
Ministerioak erabaki hau urtarrilaren 3an hartu zuen, eta gaur eman du jakitera Espainiako Aldizkari Ofizialaren bitartez.
Horretarako, aurrez proiektua gauzatzeko lekuak (Urkiolako parke naturala eta Udalatxeko ingurua) eta planteatutako neurriak aztertu ditu.
Ministerioak ondorioztatu du proiektuak ez lukeela bermatuko bertako hegazti fauna babestuari eta espazio babestuei kalterik ez eragitea.
Azterketa horren arabera, egitasmoak Natura 2000 Sareari eta Urkiolako babestutako gunean eraginak izango lituzke.

Statkraft enpresak aurreikusten du “Itsaraz”ko parke eolikoak zortzi aerosorgailu (172 metroko diametroa eta 200 metroko altuerakoak) izatea. Horrela, 60’4 megawatt ekoitziko lituzke.
Eraikiko balitz, Aramaion eta Eskoriatzan ez ezik, azpiegiturak eragina izango luke ere Arrasaten, Atxondon, Elorrion, Abadiñon, Legution, Arratzua-Ubarrundia eta Aramaion.
Aipatzekoa da ere, parke eolikoari lotuta, azpiestazio elektriko bat eraikiko litzatekeela Abadiñon, 13 kilometrora.
Bi guneak elkartzeko, tentsio altuko linea bat egin beharko litzateke, besteak beste, Udalatxeko ingurua zeharkatuko lukeena.
Erlazionatutako albistea:
Proiektatutako eolikoendako, tentsio altuko linea egin asmo dute Arrasaten
2023ko abuztuaren 14an argitaratutako albistea




