Tximista batek antena bat jo du, gutxienez “200 etxebizitza telebista barik utziz”

0
3082

Goizaldeko 03:45ak aldera tximista bat Santa Teresa inguruan jausi da. Etxe bateko antena harrapatu du, eta aparailu elektriko ugari kaltetu ditu: telebistako anplifikadoreak, telebistako deskodegailuak, atezain automatikoak,…

Tximista (Arrasaten ‘iristu’ ere deitzen zaio) bat gaur goizaldeko 03:35ak aldera Santa Teresa inguruan erori da. Burrunbada herrigune osoan entzun da.

“Ikaragarrizko zarata egin du – azaldu digu Santa Teresako bizilagun batek – baina ez trumoi baten zarata, bonba bat gainera bota izan baligute bezalakoa baizik”.

Tximistak Santa Teresako 14. atariko antena bat “ukitu du eta desegin du”, arazoa konpontzen ibili den Elkorok azaldu bezala.

“Ez du apurketa handirik eragin, baina tximista zirkuituan barruraino sartu da, eta gaintentsioaren ondorioz etxebizitzetako aparailu ugari kaltetu ditu”. Elkorok erakutsi digu iristuak kalteturiko aparailuetako bat [beheko argazkian].

Arrasateko zerbitzu tekniko hau 7 komunitatean lanean ibili da buru-belarri egunean zehar arazoak konpontzeko, baita Ion Elektrizitatea enpresa ere.

Bertako arduraduna Ion Merinok kalkulatzen du “gutxi gorabehera 200 etxebizitzatan telebista barik geratu direla”.

Gutxienez 5 kaletako komunitatetan kalteak izan dira: Elkano, Santa Teresa, Doneztebe Portuko, Agerre eta Nao Santiago kaleetan.

Tximistak telebistako anplifikadoreak, telebistako deskodifikadoreak, atezain automatikoak, kalderak… zerbitzuz kanpo utzi ditu.

“Zenbait komunitatetako atezain automatikoak erre ditu”, besteak beste, Santa Teresako 16. atarikoa. “Argindarrik gabe ere izan dira bizilagun ugari”.

Horren guztiorren ondorioz, “bertako bizilagun ugarik asteburua gutxienez telebista barik eman beharko dute”. Zorionez ez da zauriturik izan.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen