Larunbatean izango da taldearen ‘Phoenix’ izeneko disko berria erosteko lehen aukera
The Clayton taldeko kideak izango dira larunbateko protagonistak Monteazpiko terrazan Perlata taldearekin batera. Taldea Arrasateko eszenatokira iritsiko da bederatzi abestiko disko berria aurkeztuz. Diska honetan, ‘Phoenix’ izenekoa “rock klasikoarantz biratzen eta musika influentziak erakusten” saiatu dira.
Arrasateko herritarrek lehen aldiz erosi ahal izango dute diska hau larunbat honetan izango den kontzertuan: “Aukera paregabea da guretzat lan hau festetan Arrasateko jendearen eta gure lagunen aurrean aurkezteko. Diska berriaz gain, jendeak ‘merchan’ berria erosteko aukera izango du”.
Kontzertu hau igaro ondoren, jendeak herriko hainbat tabernatan erosteko aukera izango du, “eta iragartzen joango garen leku gehiagotan”.
Taldeko kideek azaldu dutenez, diskoa Bilboko Silver Recordings estudioetan grabatu zuten apirila eta maiatza bitartean, eta hainbat eragin erakutsi nahi izan dituzte bertan: “Gure musika rock klasikotik oso gertu dago, eta diska honetan soinu honetara gehiago hurbildu nahi izan dugu. Gainera, berrikuntza nagusi gisa, gaztelaniaz eta euskaraz abestetik euskaraz eta ingelesez abestera pasa gara”.
The Clayton-eko kideek diotenez, grabazio prozesuak ere eragina izan du disko berriaren soinuan: “Bilboko Silver Recordings estudioetan grabatzeak lortu nahi genuen rock soinu klasikoenera hurbiltzeko balio izan digu. Izan ere grabaketa analogikoaz baliatu gara aurrera atera ahal izateko”.
Diskoan Perlata talde arrasatearraren laguntza ere jaso dute. Taldekideek diotenez, abestien errepertorioan emakumezko ahotsak sartzeko nahiagatik sortu da elkarlana: “Taldekide askok harremana zuten Perlatako kideekin, eta beraiekin lan egitea erabaki genuen, emakumezko ahotsak zituen abesti bat sartzeko. Gainera, Perlataren ahotsak punketik gertuago daude. Horrek nahasketa oso berezi bati forma ematen lagundu digu, eta oso ondo geratu dela uste dugu”.
Bestalde, Monteazpiko eszenatokia mantentzearen garrantziaz ere mintzatu da taldea: “Espazio hauek behar ditugu ezagutzera emateko eta gozatzeko. Guretzat, festetan hain ondo antolatutako leku batean jo ahal izatea plazera da”.
Kontzertu horren ostean, taldeko kideek kontzertu gehiago eskainiko dituzte datozen asteetan Bergaran, Aramaion eta Eskoriatzan, besteak beste. “Oso pozik gaude jendeak guri deitzearekin. Urte osoan kontzertuak egiten jarraitzea espero dugu “.

Ooonak! Aspaldi entzun doten talde interesgarrixenetarikua, bai hoixe! Segi egurrian gaztiak!