‘Punkaren Beste Aldea’k bi sari jaso ditu Dock of the Bay jaialdian

0
737

Perlatak Jesusi Etxebarriarekin batera grabatutako film laburra Donostiako jaialdiko Sail Ofizialean izan da. Bi sari jaso ditu, bai epaimahaiarena baita publikoarena ere.

Argazkiak: MB artxiboa.

Dock of the Bay izeneko jaialdia Donostiako Musika Dokumentalen Jaialdia dugu, eta aste honetan ospatu da.

Bertako sail ofizialean ‘Punkaren Beste Aldea’ dokumentalak parte hartu du, eta proiekzioa ostegunean izan zen.

Dokumentalaren zuzendaritzaz eta gidoiaz Perlatako Jaione Martinez Saez de Maturana, Ane Garai Arrieta eta Maialen Oleaga Nuño arduratu ziren.

Ikus-entzunezkoaren protagonista Jesusi Etxebarria dugu, 50 urtez arrasater ugariri musika irakatsi zien emakumea.

Sail ofizialean beste zenbait laburmetrai ere eskaini ziren, eta Perlatak bere zaleei kirol legez ondokoa proposatu zien:

“Jaialdiko egitarauan proposamen interesgarrixak daz, bota begiradatxo bat”.

Dock of the Bay-ko epaimahaiak Film Labur Onenaren Saria aitortu dio, epaimahaikideek aho batez hartutako erabakia.

“Guztion adostasunarekin ematen diogu sari hau zuzendarien begirada arretatsuagatik eta entzuteko gaitasunagatik nabarmentzen den film honi”.

“Lehen planoan jarri gabe, umiltasun ariketa batean, ikuslearengan arrasto bat uzten duen istorio bat kontatzea lortzen dute”.

“Hori guztia modurik onenean egiten baitute: estetika zinematografikoa espresiboki erabiliz; bisualki, soinuarekin eta muntaketa lanetan ere bai”.

Epaimahaikideek gehitu dute “sari hau ez diogula umorezko film bati ematen, maitasunezko film bati baizik, erabateko maitasunezko film bati”.

Gainera, kuir-punk taldearen lanak Publikoaren Saria ere jaso du, Film Labur Onenari dagokionez. Horrenbestez zorionak Jesusi eta Perlata!

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen