Jesusi Etxebarria: “Omenaldiak asko pozten nau; herritar askori irakatsi diet musika 50 urtez”

0
1635

Uztailaren 15ean arrasatear honek Arrasate Blues jaialdiaren omenaldia jasoko du. 1962tik 2012ra solfeo, piano, txistu, baxu eta gitarra jotzen erakutsi zien herriko neska-mutil ugariri.

Jesusi Etxebarria 1941eko abenduaren 25ean jaio zen, eta “4 urte nituenean nire aitak musikaren oinarri batzuk irakatsi zizkidan. Nire izeba moja batek ere gauza gehiago irakatsi zizkidan”.

“7 urte inguru nituenean, nire lehen maisua On Justo Munarriz izan zen, Arrasateko Bandaren zuzendaria. Solfeo eta pianoa irakatsi zizkidan, bera hil zen arte”.

“12 urterekin Zaragozara joan nintzen azterketa egitera. Han nire izeba moja zegoen, merzedaria, eta berak esan zidan azterketa egin nezala. 4 urteko solfeoari eta 4 urteko pianoari buruzko azterketa egin nuen, eta lortu nituen nota guztiak bikain izan ziren”.

“Gero, On Justo Munarriz hilda zegoenez, nire irakasle berria Juanito Arzamendi izan zen, nire bigarren maisua. Biak ala biak oso onak izan ziren. Juanito Arzamendirekin piano ikasketak osotu nituen”.

Ikasketak amaitu nituenean, 20 urte nituela “On Jose Maria Arizmendiarretak (haurtzaroan nire konfesatzailea izan zena) aholkatu zidan musika-eskola bat sortzea. Izan ere, lehenago eskolak nire etxean, Gazteluondon ematen nituen”.

“Garai hartan lan ugari zegoen Arrasaten, eta seguruenik ULGORen edota beste enpresa batean lanpostua lor nezakeen, baina Arizmendiarrietak Markinako bere iloba bat bidali zidan, eta bera izan zen nire lehen ikaslea lokal honetan (Iturriotzen)”.

Jesusi 1962an, 20 urte zituela, eskolak ematen hasi zen. “Hasiera hartan ikasle gutxi nituen, baina denborarekin ikasle piloa etortzen hasi ziren. Lokal honetan 25-30 ikasleko eskolak ematen nituen”.

Goiko argazkian: Santa Barbara parkean tunako kide bezala.

Izan ere, “Arrasate Musikal 10 urte geroago hasi zen eskolak ematen. Nire solfeoko ikasleak Donostian azterketa egitera eramaten nituen. Denborarekin gitarra eta txistua ikasi nahi zituzten neska-mutilak etorri zitzaizkidan”.

“Nik artean pianoa, kantu korala eta solfeoa irakasten nituen, eta nik gitarra jotzen ikasteko Gasteizko irakasle batengana joan nintzen. 21 urte inguru nituen, eta berarekin 3 urtetan ikasi nuen”.

“Ondoren, Bergarako Gonzalez Bastidak ere gitarra irakatsi zidan. Aretxabaletako Demetrio Iriarterekin txistua jotzen ikasi nuen, Aretxabaletako Bandako zuzendaria ere izan zena”.

“Handik urte batzuetara Francisco Escudero izan nuen irakasle Donostian, eta kontrapuntuan, fugan,… trebatu ninduen”.

Iturriotzeko lokalean “gazte ugariri gitarra klasikoa jotzen irakatsi nien, eta eurek rock taldeak sortu nahi zituzten. Horregatik Arrasateko talde askoko kideak nire ikasle izan ziren”.

Gitarra klasikoa Jesusirekin ikasi ondoren, “ikasle askok gitarra elektrikoa jotzen ikasi nahi zuten, eta Arrasate Musikalera joaten ziren, konpentziara, eta horrek ez zidan graziarik egiten”.

“Horregatik, 50 urte nituela, prentsan irakurri nuenean Jorge Fernandez irakasleak gitarra elektriko eta baxu elektriko eskolak ematen zituela, berarengana joan nintzen, eta horrela Donostian gitarra eta baxu elektrikoak jotzen irakatsi zidan. Nire azken irakaslea izan zen, zazpigarrena”.

Bi instrumentu horiek ere jotzen ikasi ondoren, Jesusi gitarra eta baxu eskolak ematen hasi zen. “Lokala intsonorizatuta ez zegoen arren, eta batzuetan hiruzpalau ikasle ia aldi berean jotzen zuten arren, lokalaren gaineko lehen pisua nirea da, eta bigarrenean nire ahizpa batena”.

Goiko argazkian: Arantxa Mendizabal, eta Miren eta Xabier Letona neba-arrebak, besteak beste, Gurea ohian.

“Kontuan hartzekoa da eskolak gaueko 21:00ak arte izaten zirela, eta gero kalean batzuek esaten zidaten musika Herriko plazatik entzuten zela. Norbaitek aholkatu zidan ikasleek eskolan jotzean aurikularrak erabiltzea”.

“Ikasleek eskatzen zidaten euren gustuko taldeen abestien partiturak zehaztea. Horretarako, goizeko 07:00etan hasten nintzen lanean, eta gazteen CDak osorik entzuten nituen, ondoren partiturak sortzeko, lan ikaragarria zen”.

“Horren ondorioz, gazte gehiagok ematen zuten izena nire eskoletan. 50 urtez eman nituen eskolak (1962-2012) eta denbora tarte horretan ikasle piloa izan nituen”.

“Hori ikusita, pertsona batzuek proposatu zidaten eurek ere hemen eskolak ematea, baina ez zegoen leku nahikorik, gela bakarra zegoelako. Batzuek uste zuten lauzpabost gela zeudela, oker zeuden”.

“1982an, azterlariak Arrasate Musikalera etortzen zirela baliatuta, nire 80 ikasle bertan azterketa egitera zuzendu nituen. 80 horietatik 70ek azterketa gainditu zuten”.

“Solfeoko 5. mailako ikasleak: 20 ikasleetatik 15ek bikain nota lortu zuten, eta bi ikaslek (horietako bat nire iloba) ohorezko matrikula. Ildo horretan, epaimahaiak zoriondu ninduen Aretxabaletako Sarasuatarren anaietako baten kalitatezko musikagatik”.

“Nire ikasle askok nota oso onak lortzeak ekarri zuen ikasle gehiagok izena ematea. Goizeko 09:00etan hasten nintzen eskolak ematen gaueko 22:00ak arte. Urte askotan 22:30ean afaltzen nuen”.

“Lan gehiegi zen, eta gero nire buruari galdetu izan diot ea zergatik egiten nuen hainbeste lan. Ez nuen nahi ikasleak Arrasate Musikalera joatea baina erabakia gaur hartu behar banu, ez nuke hainbeste ikasle onartuko, ezta hainbeste lan egingo ere”.

“50 urte hauetako une politenetakoak izan ziren, adibidez gelan gitarra klasikoko 10 ikasle eta ni elkartzean, elkarrekin abesten genuela, boleroak, musika modernoagoa,… Gazteek eskatzen zizkidaten partiturak talde askorenak ziren, besteak beste”:

“Maná, Serrat, Duncan Dhu, La Guardia, Fito y Fitipaldis (oso gustuko dut), Sabina, Los Secretos, Ismael Serrano, Jarabe de Palo, Cristina Aguilera, Mclan, Manolo García, Heroes del Silencio, El Canto del Loco, Mecano,… Eskolak oso atseginak ziren, musika lagun, eta ikasle guztiek euren esker ona agertzen zidaten”.

Goiko argazkian: Begoña Etxebarria (Jesusiren ahizpa, bigarrena eskumatik hasita) eta Arantxa Bolinaga, besteak beste, Gasteizko mutil batzuekin Arabako hiriburuan.

Gazteez gain “nire ikasle zaharrenak 80 urte zituen eta Santa Agedan fraidea zen. Gitarra ikasten zuen. Mojek ere nirekin ikasi zuten, Mesedeetako Ahizpak, eta nire emakumezko lehen ikasleak izan ziren. Santa Agedako mojei ere eskolak ematen nizkien Gesalibarren, joan-etorriak taxian eginda, ordainduta”.

“70 urterekin jubilatu nintzen, eta 70 urte izan arte gitarra elektrikoa jotzen nuen. Hori jakinda, ezagun batzuek kalean galdetzen zidaten ea noiz jubilatuko nintzen, baina ni oso gustura nenbilen ikasleekin gitarra elektrikoa jotzen. 50 urtetan Arrasateko musikagintzan lan egin ostean, 2012an jubilatu nintzen”.

“Lan gehiegi egin dut; lehen 10 urteak oso lasai jardun nuen, ikasle asko ez nituelako, baina gero ezaguna egin nintzen, ez zegoen beste musika-eskolarik, eta ikasle ugari izan nituen”.

“Azterketak egiteko Donostiara eramaten nituen, solfeo eta piano azterketak, eta beraz neskak eta mutilak ondo prestatu behar nituen, ekainerako edota irailerako”.

“Guraso batzuk kexu ziren euren seme-alabak irailean eraman nituelako. Hori egiten nuen ikasle horiek ekaineko azterketarako prest ez zeudelako. Horrek borroka handia izan nuen”.

“Hori 15 urtetan gertatu zen, eta lan gehiegi zen, baita ardura asko ere. 1993an, ordea, egoera errotik aldatu zen, ez zen azterketa gehiagorik egin. Beraz, ordutik lan errazagoa izan zen”.

Jesusiren abeslari gustukoenak dira “Mikel Laboa (adibidez bere habanera bat zoragarria da), Benito Lertxundi, Imanol, Gontzal Mendibil, Xabier Lete,… Baita musika kubatarra (Silvio Rodriguez eta María Teresa Vera), argentinarra (Carlos Gardel), mexikarra (Jorge Negrete eta Pedro Vargas), opera (Maria Callas, Pavarotti, Mario Lanza, Beniamo Gigli, Miguel Fleta, Enrico Caruso, Alfredo Kraus,…), klasikoa (Mozart, Schubert, Schumann, Verdi, Beethoven), Sabina, La Oreja de Van Gogh, zarzuela,… eta euskaldun musika asko”.

“Blues musikan nire ikasle izandako Itziar Yagüe oso gustuko dut”, aurtengo Arrasate Blues jaialdian kontzertua emango duena.

Hain zuzen, jaialdi horrek omenaldia egingo dio uztailaren 15ean. “Paper batean idatziko ditut omenaldian esango ditudanak, eta adibidez Ibai-Arteri eskerrak emango dizkiot”.

“Oso pozik nago omenaldiarekin, ezagun askok kalean zoriondu naute, batez ere ikasle ugarik edota euren gurasoek. Batzuek brometan esan didate omenaldian abestuko didatela eta beste batzuek nire aldeko pankarta handi bat erakutsiko dutela. Nik esan diet holakorik ez egiteko [barreak]”.

Jesusik egun 79 urte ditu eta “dagoeneko ez naiz lotsatzen, baina lehen oso lotsatia nintzen. Adibidez behin jendaurrean hitz egin behar izan nuenean, aurpegia gorri jarri zitzaidan. Ez daukat omenaldian lotsatzeko asmorik”.

Azpimarratzekoa da Ibai-Artek izan zuela omenaldia egiteko ideia, eta omenaldian parte hartzea proposatu zion Itziar Yagüeri. Honek baietz erantzun zion. “Itziarrek 7 urte zituenetik 13 urte izan arte nirekin ikasi zuen, eta ondoren bera familiarekin Oñatira bizitzera joan ziren”.

arrasateblues.com

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen