“Proposamen urbanistiko bat” [Ramon Ugalderen testua]

0
2028

Dagoeneko denok ikusita izango duzue horrelako edo antzerako eszenaren bat Arrasateko erdialdean: autobusak Garibai kaletik Biteri kalera pasatzen direnean- eta alderantziz- sortzen diren “bielekuek”. Enbarazoa areagotu egiten da kontrako norabidean beste ibilgailu bat datorrenean … eta zer esanik ez momentu berean kotxeren bati Biteri Plazako lur-azpiko aparkalekutik irtetea tokatzen bazaio.

Arrasateko hirigintzaren bilakaera, aparkalekuen gestioa, autobusek jarraitu behar izaten dituzten ibilbideak, peatonalizazioa saioak … arreta pixka batekin jarraitzen duen edonork onartu beharko du ibilgailuen trafikoaren “antolaketa” erabat kaotikoa, inkoherentea eta disfuntzionala dela.

Nire ustez posible da Erdialdeko trafikoa hobetzea eta orain sortzen diren beharlekuak ekiditea. Aldez aurretik esan dezadan ez dakidala zeintzuk diren udalaren planak eta ez dakidala zer den udalak egin nahi duen ekobulebarra (agian eginda dago eta konturatu ere ez naiz egin). Gainera nire proposamena ez da bat etorriko Arrasateko boto-emaile gehienek onartutako egitasmoekin. Baina hala ere uste dut proposatzen ditudan neurriek asko lagunduko lioketela

Arrasateko Erdialdeko funtzionaltasunari eta dinamismoari:


1.- Autobus geltokia lekuz aldatu eta eraman Nafarroa Etorbidearen hasierara: Forum dendaren ostera hain zuzen. Autobusak kokatzeko espazioa oraingo kokapenean baino pixka bat handiago izango litzateke eta nahiko espazioa dago bai zabaleran eta bai luzeran bi anden eta bi espaloi handi eratzeko. Horrela autobusek jarraitu behar duten ibilbidea arrazionalizatu egingo litzateke. Autobusek, ez lukete egin beharko hainbeste buelta.

2.- Biteri plazako aparkalekuaren irteera Garibai kalera barik Biteri kalera aldatu: Orain dagoen moduan irteera hori oso desegokia da, deserosoa eta arriskutsua,

Garajearen irteera Garibai kale azpitik luzatu eta irteera eman Loramendi kirolak denda eta Udalatx fruta denda bitartean. Horrela lortuko litzateke Garibai kalearen peatonalizazioa erabatekoa izatea, tarte handi batean behinik behin, eta bide batez urez beteriko plastikozko hesi mugikorrak eta bolardo metalikoak kentzea. Oinezkoendako ibilbide erosoa eta trabarik gabekoa lortzeko.

3.- Laubide Plazako aparkalekuaren sarrera aldatu eta Garibai kalearen hasierara eraman, hau da neurri bat autobus geltokia praktikoagoa egiteko eta autobus geltokiaren funtzionaltasuna errazteko: garajera sartzen diren kotxeak eta autobusak elkarri traba ez egiteko.


4.- Parke bat osatu isletak eta biribilak batuta eta alde zaharrera edo Garibai kaleko hasierako aparkalekura doazen ibilgailuei Etxaluzeko biribila erabil araztea. Horrela 2000 m 2 ko zuhaitzez, bedarrez eta eskulturez osatutako parke bat sortzeko aukera emango luke.

5.- Garibai kalea ia erabat oinezkoendako izango litzateke.

6.- Orain autobusak gelditzen diren tokian epe mugatuko aparkalekua eta taxi geltokia antolatzeko aukera emango luke edo bestela taxi geltokia Biteri kalera aldatu.

7.- Biteri kalean ere aparkatzeko plazak gorde daitezke. Eremu hori horrela antolatuz gero lortuko liratekeen onurak handiak izango zirela uste
dut:
A- Oinezkoendako eremu libre eta handi bat , eta bide batez dotoreagoa,
bolardo eta plastikozko hesi barik.
B- Autobusen zirkulazioa erosoagoa eta funtzionalagoa.
C- Eta benetako parke bat, 2000m karratukoa gutxienez. Parkea
erabilgarriagoa egin nahi bada hesi txiki batekin babestu beharko litzateke,
ibilgailuen trafikoaren arriskuaz libratzeko

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen