Osoko Bilkurak onartu du Aurrekontuen doikuntza, oposizioak “zuhurtzia falta” salatuz

0
995

Udalak 4’7 milioi gutxiago izango ditu koronabirusaren ondorioz. EAJ-PNV eta PSEk egokitzapen “zuhurra” onartu dute plenoan. EH Bilduk eta Elkarrekin Arrasatek egotzi dizkiete “ez negoziatzea” eta “proposamenik ez onartzea”.

Koronabirusaren ondorioz, 2020ko Aurrekontuetan aldaketak egitekoak dira. Udal-gobernuko taldeek (EAJ-PNV eta PSE) aldaketen proposamen bat aurkeztu dute Plenoan.

Aldaketa horiek aurreko astean prentsaurrekoan ere aurkeztu zituzten. Laburbilduz, Udalak 4’7 milioi gutxiago izango ditu, baina adierazi izan duenez “proiektu guztiei” eutsiko die, “oraingoz zorpetu barik”.

EH Bilduk gaurko Osoko Bilkuran bere “kezka eta frustrazioa” azaldu ditu Udal-gobernuak udaletxetik “kanpora begira elkarlanaz hitz egiten duen arren, gero benetan udaletxean ez duzuelako hala jokatzen”.

“Bilera bat eskatu dizuegu kreditu aldaketak egiteko, baina ez duzue gurekin egoteko inolako ahaleginik egin. Bitartean, Debagoieneko beste herrietan, Udal-gobernuaren eta oposizioaren arteko harremana normala eta naturala da”.

“Proposamenak egiten ari gatzaizkizue, baina erantzuna beti ezezkoa da. Pena da, zeren eta gauzak denon artean hobeto egiten baitira”.

Aurrekontuen edukiari dagokionean, “uste dugu ez zaretela benetan krisiak ekarriko duenaz. Arrasateko familia batzuek ez dute diru nahikorik hozkailua janariz betetzeko. Udalaren itzulapikoko diru guztia konprometitu duzue proiektu guztiak lehenbailehen egiteko”.

Alde horretatik, “ekobulebarraren proiektua (2’2 milioi €) hilabete batzuk mahai gainean uztea eskatu genizuen. Guk ere proiektu horren alde gaude, baina egoera argitu arte ez litzateke dirutza hori konprometitu beharko”.

EH Bilduk salatu duenez, Udal-gobernuak erabaki batzuk “teknikarien eta kontu-hartzailearen irizpidearen aurka hartu ditu” eta erabaki garrantzitsu batzuk “pandemia hasita zegoenean hartu dituzue”.

Elkarrekin Arrasatek gaitzetsi du Udalak 3 milioi baino gehiago galduko dituela “Aldundiaren murrizketa baten ondorioz, EAJ-PNV eta PSEren erabakiaren ondorioz”.

Gainera, “eztabaidarako ahalmen falta duzue, gure galderak ez dituzuelako erantzuten. Nahiago duzue prentsaren bitartez gobernatzea, hemengo kultura demokratikoa popatik hartzera bidaliz”.

Udal-gobernuak esana du Udalaren egoera ekonomikoa “ona” dela, baina Elkarrekin Arrasatek adierazi du “superabita izatea ez da positiboa, superabita izateak erakusten du zerbitzu publikoetan erabil zitekeena ez dela erabili”.

Arrasaten egungo langabeziaren datuak “azken lau urteetako txarrenak dira, eta emakumeen langabezia %15ekoa da”. Horren aurrean “zein zerbitzu publiko indartuko dituzue?”.

“Ez dakizue zein izango den 2021eko egoera ekonomikoa, baina hala ere 2 milioi baino gehiago konprometitu dituzue ekobulebarra egiteko”.

Tokiko merkataritzari dagokionez, “alkatea dendaz denda ibili da limosnak banatzen, Mr. Marshall izango balitz bezala”. “Zuen psikopatia soziala sufritzen dute Arrasateko langileen familiek euren azaletan”.

EAJ-PNVek egotzi dio “guk diogunari entzungor egitea”, adierazi du “gure ahalegin guztia alor sozialean bideratuko dugu”, eta hitzeman du “ez dugula inor atzean utziko”.

“Bi aldeen arteko harremana ez bada ona, bi aldeek dute horren erantzukizuna. Gainera, obsesionatuta zaudete gure komunikazioarekin. Gure proposamena lehenengo Batzordean aurkeztu genuen, eta ondoren prentsaurrekoan”.

Ander Garai, Ogasuneko Batzorde buruak, azaldu du Aurrekontuak moldatzeko prozesua: “Lehenbizi jaitsiera zenbatekoa izan daitekeen kalkulatu genuen, gero proposamen bat landu genuen teknikariekin, baita politikoki ere”.

“Batzordean adierazi nuen astebeteko denbora zegoela oposizioak proposamenak aurkez zitzan. Baina denbora tarte horretan oposiziotik ez zen proposamenik aurkeztu”. Agian bi aldeek behar dute borondatea elkar ulertzeko”.

Ogasun Batzordeko kide Joseba Ezpeletak erantzun dio Aurrekontuak jorratzeko “bilera bat eskatu genizuela. Erantzun zenigun hurrengo batzordean erantzungo zenutela, eta azkenean ezetz erantzun zenuten. Zer da zuentzat elkarlana?”.

Maider Morrasek ukatu du “Udal-gobernua hasiera-hasieratik herritarrak lagundu dituenik. Dokumentaturik dago bi hilabete pasa zirela”.

Udal-gobernuaren eta oposizioaren balizko elkarlanari dagokionez adierazi du “Udal-gobernuak du elkarlanean aritzeko ardura”. Gardentasun falta egotzi diote Aprendiceseo obretan esaterako.

Elkarrekin Arrasateko Igor Urizarrek azaldu du 20 proposamen baino gehiago egin dituztela 3 hilabetetan zehar baina “ez dugu Udal-gobernutik erantzunik jaso”. Eztabaidaren ostean bozketako emaitzak ondokoak izan dira:

  • Aldeko botoak: 12 (EAJ-PNV eta PSE)
  • Ezezko botoak: 9 (EH Bildu eta Elkarrekin Arrasate)

Informazio zabalagoa ondorengo bideoan (54:19 unetik aurrera):

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen