Aurrekontuak 4’7 milioi jaitsiko dira, baina Udalak “proiektu denei” eutsiko die, “oraingoz zorpetu barik”

2
879

Udal-gobernuak, koronabirusaren ondorioz, 2020ko Aurrekontuak egokitu behar izan ditu. Adierazi duenez Udalaren egoera ekonomikoa “oso ona” da. Hitzeman du “udal-zerbitzuetan ez dela murrizketarik egingo”.

Koronabirusaren ondorioz, Udal-gobernuak beharrezko ikusi du 2020ko Aurrekontuak egokitzea. Aldaketak prentsaurreko bidez aurkeztu dituzte.

Alkateak adierazi duenez, “herritarrei helarazi nahi diegu proiektuek aurrera jarraituko dutela, eta udal-zerbitzu guztiak mantenduko direla”, eta horietako batzuk “indartuz”.

Udalaren egoera ekonomikoa “oso ona” da, “azken urteetan egindako gestio ona medio. Zero zor egoera batean dago”.

Iaz Osoko Bilkurak onartu zituen 2020rako ia 35 milioi euroko Aurrekontuak. Hala ere, koronabirusaren ondorioz, 30 milioira jaitsiko da ziurrenik (30.118.000’48 €) . “4.700.125 € gutxiago jasoko ditu Udalak diru sarreretan”, izan ere, aurten Udalak diru gutxiago jasoko du:

  • Foru Fondotik (3.200.000 € gutxiago)
  • Tasetatik (911.125 € gutxiago)
  • Eraikuntza Zergatik (300.000 € gutxiago)
  • Karga Urbanistikoetatik (200.000 € gutxiago)
  • Jarduera Ekonomikoen Zergatik (100.000 € gutxiago)

Udalak iragarri izan duen bezala, ostalariei, autonomoei, enpresa txikiei,… uraren tasa, zaborraren tasa, lurzoru publikoaren okupazioaren tasa,… ordainketa gehienez 6 hilabetetan egin ahal izatea.

Era berean, kiroldegia itxita egon behar izan denez, “kiroldegiko abonatuei diru bat itzuli beharko zaie”.

4’7 milioi gutxiago horiei aurre egiteko, Udalak erabiliko ditu iazko gerakina (iaz sobratutako dirua). Jaitsierari aurre egiteko, gerakin guztietatik 1.996.000 € erabiliko ditugu”.

Jaitsierari aurre egiteko “aurrezpenak ere erabiliko ditugu”, hau da, koronabirusaren ondorioz izandako “aurrezpenak, adibidez kiroldegia itxita egon denez, garbiketa gastuetan eta mantenu gastuetan aurreztu dugu”.

Oro har, Udalaren proiektuek “aurrera jarraituko duten arren, ez du denbora nahikorik izango Udalak aurreikusitako gastuak aplikatzeko. Adibidez, Kulturolan, pandemiaren ondorioz obrak geratuta egon direnez, ezingo ditugu gastatu aurreikusitako 500.000 €. Zenbateko hori automatikoki txertatuko da 2021erako Aurrekontuetan”.

Aprendiceseko obretan, geratuta daudenez, “1.012.552 € datorren urtera igaroko dira. Guk obra horiek egiteko zenbatekoaren %100a bageneukan”. Beraz, “Aprendices eta Kulturolako obretan aurten gastatu ezingo dena 2021ko Aurrekontuetara eramango da”.

Eraikina ‘biluzik’ geratu denez, eraikina babesteko dirua jarriko du Udalak: “Lehiaketa publiko bat irekiko da, eta kostua 84.000 euro ingurukoa izan daiteke. Kreditu aldaketa aurreko plenoan egin genuen”.

Udal-gobernuak hitzeman du “ez dela udal-zerbitzurik kenduko, murriztuko eta jaitsiko. Areago, hainbat udal-sailetarako gastua igoko da, indartuko dira. Adibidez, Gizarte Zerbitzuak eta Toki Garapen Ekonomikoa”.

Oro har, “ez dira partidak bertan behera utziko, blokeatu baizik. Horrela, orain aplikatu ezin badira, baina urte bukaerarako egoera ekonomikoa hobetuko balitz, partidak desblokeatu ahalko genituzke”. Beraz, baliteke hainbat partida ezin aurten aplikatzea.

Blokeatutako partidak dira asfaltatzeak (20.000 €), ekipo informatiko eta automatikoetan (50.000 €), hiri-altzariko inbertsioak (5.000 €) eta bide publikoetako seinalizazioa (7.500 €).

Juan Arzamendi Musika Etxeko eta Kulturolako obrak “blokeatzen dira baina 2021eko Aurrekontuetara joango dira zuzenean, Osoko Bilkurak Aurrekontu hauek onartuko baditu”.

Jaien partidari dagokionez “Sanjoanetarako partida 93.000 eurotan murriztu da, Kultura Sailetik hala proposatuta. Ondorioz, Arrasateko jaietarako partida 150.000 eurotan geratuko litzateke”.

Udalak azaldu duenez, Sanjoanetan “ekintza sinboliko bat egingo da, eta nahi dugu berau adostua izatea”.

93.000 euro horietatik “50.000 euro bideratuko dira tokiko merkataritza, ostalaritza eta elkarteen jardueretara. Horrela, garbitasun- eta segurtasu-protokoloek markatzen dizkieten kostuak (manparak, gelak, ozono tratamenduak,…) arinduko dizkiete”.

Hori “oraindik zirriborro bat da, eta ideia da establezimendu, taberna, jatetxe, elkarte,… bakoitzari gehienez 500 € ematea. Eragile horiek fakturak Udalari aurkeztu beharko lizkiokte, eta Udalak ordainduko luke kostuaren erdia. Ideia hau Ibai-Arterekin lantzen gabiltza”.

93.000 euro horietatik “25.000 euro bideratuko dira COVID-19aren aurka udal-zerbitzuentzat prebentzio materiala erosteko. Izan ere, udal-zerbitzuak epe laburrean berrirekiko ditugu, eta beharrezkoak izango dira EPIak, maskarak, gelak,…”.

Beste “10.000 euro baserri bide batzuetan egin beharreko inbertsioetara, eta beste 8.000 euro udal-aseguruen handitze batera”.

‘Ekobulebarra’ri dagokionez “Arrasatek eraldaketa ekologikoa egin behar du, eta horretan lanean gabiltza”. 100.000 euroko partida bat dago lanak hasteko, eta “asmo dugu Ekobulebarraren obren exekuzioa datorren urtean hastea”.

Halaber, auzoetako irisgarritasuna “bermatzen jarraitzen dugu Erguingo eta Santa Teresako igogailuekin”. Santa Teresako proiektuaren idazketarako lizitazioa zabalik dago. Udal-gobernuaren hitzetan, “Udalak urte askotan auzoak abandonatuta izan ditu”.

Lanbidek Elma eraikinean bulego berri bat irekiko du Udalaren lokal batean: “Hitzarmena sinatzeke dugu, Lanbidek proposatu digu lehen solairua alokatzea. Obrak Jaurlaritzaren kontura egingo lirateke. Hitzarmena laster sinatuko dugu”.

Eraikin horretan DNIa egiteko edo berritzeko gunea jartzea “zailagoa da. Baina zerbitzu bat bertan jartzeak erraztuko du beste batzuk bertaratzea”.

Koronabirusaren kalteei aurre egiteko, Udala bere burua zorpetzeko “prest egongo ginateke, beharrezkoa bada. Oraingoz ez da beharrezkoa Udala zorpetzea”. Azaldu duenez, “zorpetzeko Udalak baldintza batzuk bete beharko lituzke. Arrasatearrak oso lasai egon daitezke euren Udala egoera ekonomiko oso onean dagoelako”.

Aurrekontuen aldaketa astearteko Osoko Bilkuran jorratuko da, eta EAJ-PNV eta PSEren aldeko bozkak izango ditu. EH Bilduk eta Elkarrekin Arrasatek ere bertan zer esana izango dute.

2 IRUZKIN

  1. 5.500.000 euro gutxiago jaso behar badira eta aurten egin ez diren obren kostuak datorren aurrekontuetara bideratzen badira, ez da arazoa datorren urteko aurrekontuetara pasatzen?

    Eta egoera ez badoa hobera, zer gertatuko da? Bestetik kontuak ez zaizkit guztiz argi gelditzen. Ez dakit albistea idazteko eragatik den edo, baina iruditzen zait egon daitezkeen konplikazioak ez direla argi azaltzen zeren eta ekonomiak hobera edo txarrera egin dezake eta aurrezki-poltsa bat edukitzea beti da interesgarria.

    Dena perfektu eta dena ideala azaltzea garai hauetan niri ez dit konfiantzarik transmititzen. Zuhurtziaren gainetik hemen ondo gaudela eta ezer pasatzen ari ez dela adieraztea arriskutsua da, kontuan izanik aurrezkiak gastatzen ari garela eta datorren urterako obra askoren ordainketa aurreikusten direla.

  2. Zurekin guztiz bat itten dot. Agian Udaletxean asesore moduan kontratatu behar zintuzkete, edo zure burua eskaini dezakezu horretarako! Ni zu banintz, kurrikuluma bidaliko nuke

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen