Mundukidek Kolonbiako hiru emakume birziklatzaileren bisita jasoko du

0
1605

Testua eta argazkiak: Mundukide

Ekainaren 9tik 13ra, Kolonbiako Hego-mendebaldeko Birziklatzaileen Elkarteko (ARSOC) hiru emakume birziklatzailek Euskal Herria bisitatuko dute Mundukide Fundazioaren eskutik. Bisitaldi honen helburua da birziklapenaren eta ekonomia zirkularraren inguruko esperientzia aurreratuak ezagutzea eta tokiko eragileekin esperientziak trukatzea.

Yined Mendoza, Jenny Chachinoy eta Alexandra Uni Rosero dira ARSOC elkarteko ordezkariak. Emakume hauek beren eguneroko lanarekin lanbidearen duintasuna aldarrikatzen dute, eta birziklatzaileen lana gizartean eta ingurumenaren zaintzan funtsezko gisa aitortzea bilatzen dute. Euskadira egindako bisita hau Mundukidek Kolonbiako hego-mendebaldean garatzen duen lankidetza-programaren barruan kokatzen da. Programa horrek antolakuntza indartzea, ekonomia solidarioa eta ingurumen-jasangarritasuna ditu ardatz.

Euskal Herrian egongo diren egunetan, ARSOCeko ordezkariek ekonomia zirkularreko erreferentziazko proiektuak ezagutuko dituzte, baita lanerako gizarteratze-enpresak, kooperatibak eta birziklapen-sareak ere. Era berean, gizarte-erakundeekin, erakunde publikoekin eta hondakinen kudeaketa arduratsuan lanean ari diren hirugarren sektoreko eragileekin bilerak egingo dituzte.

Bisita honek aukera emango du birziklatzaileen lana ikusarazteko, nazioarteko elkartasun-loturak estutzeko eta garapen iraunkorraren inguruko ikasketa partekatuak bultzatzeko.

Gonbidatutako pertsonen aurkezpena

  • Jenny Marcela Chachinoy: Birziklatzailea, GIRASOLES elkarteko diruzaina eta ARSOCeko kidea
    7 urte zituenetik aritu da birziklapen-lanean, ama izan zuen erreferente eta maisu. Gaur egun Pastoko Girasoles elkarteko kide da, eta bertan lidergoan eta erakundearen kudeaketan ardura hartzeko aukera izan du, gaitasun pertsonalak eta kolektiboak garatuz.
  • Alexandra Uni Rosero: ARSOCeko lehen ordezkari legala eta GOLEROSeko kidea
    Ofizioaren defentsarako gaitasun kolektiboak indartzeko lan egiten du. 2021ean Goleros Herri Eskola sortu zuten, adineko birziklatzaileei alfabetatze-prozesuak eskaintzeko eta beren seme-alabei edo bilobei eskola-laguntza emateko helburuarekin.
  • Yineth Mendoza: Birziklatzailea, ASOREANCeko gerentea eta ARSOCeko idazkaria
    Zortzi urte daramatza lurraldetik eta bihotzetik gremioaren borroka eraikitzen. Bere burua birziklatzaileen eskubideen defendatzaile gisa definitzen du, eta lanbidearen eraldaketarekin konprometitutako emakumea da. Bere lidergoa aiton-amonen, gurasoen eta eguneroko borrokan ari diren lankideen esperientzietan oinarritzen da, birziklatzearen duintasuna aldarrikatuz.

Bisitaren Mundukideko arduraduna

Unax Zabala Arrizabalaga
Mundukideko Kolonbia eta Ekuadorreko programen kudeatzailea

Unaxek duela 20 urte hasi zuen bere ibilbidea Mundukiderekin. Bere lehenengo lankidetza-esperientzia Mozambiken izan zen, eta lau urtez aritu zen herrialde afrikarrean lanean. Ondoren, Kubako Programan parte hartzen hasi zen, eta horri esker lankidetza-esparru askotarikoetan sakontzen jarraitu zuen. Brasilgo taldeko kudeatzaile ere izan da, eta gaur egun Ekuador eta Kolonbiako programen arduraduna da Mundukiden.

Elkartrukeko erakundeen deskribapen laburra

  • ARSOC
    Kolonbiako Hego-mendebaldeko Birziklatzaileen Elkartea. Bigarren mailako elkartea da, birziklatzaileen elkarteen arteko lankidetza sustatzeko eta ANRrekin (Kolonbiako Birziklatzaileen Elkarte Nazionala) lotura egiteko helburuarekin sortua.
  • MUNDUKIDE
    Mundukideren eginkizuna Hegoaldeko herrialdeekin lankidetzan aritzea da. Esperientziak, baliabideak eta jakintza partekatuz, parte hartzen duten komunitateen garapen autogestionatua eta integrala bultzatzen du. Horretarako, kooperatibismoaren balioetan eta printzipioetan oinarritutako lan-munduko elkartasuna aktibatzen du. Bere jarduera nagusiak lankidetza-programetan parte hartzea eta elkarlaneko proiektu solidarioak sustatzea dira, tokiko pertsonaeta erakundeekin batera lan eginez.

Arsoc eta Mundukideren arteko lankidetza harremanak

Mundukidek birziklatzaileen elkarteekin egiten du lan Kolonbiako hego-mendebaldean, bereziki Nariño, Cauca eta Valle del Cauca departamentuetan. Elkarlanaren ardatz nagusiak honako hauek dira:

  • Indartze politiko eta antolakuntzazkoa
    Mundukidek ARSOC bezalako elkarteak babesten ditu egitura sendo eta jasangarriak sendotzeko.
  • Prestakuntza tekniko eta profesionala
    Birziklatzaileek Kolonbiako hondakin solidoen kudeaketari buruzko araudi berrietara egokitzeko, arau eta gaitasun teknikoetan oinarritutako formakuntza eskaintzen da.
  • Emakume birziklatzaileen ahalduntzea
    Birziklatzaileen artean emakumeek duten protagonismoa kontuan hartuta, Mundukidek haien lidergoa eta ahalduntze ekonomikoa sustatzen ditu. Horretarako, prestakuntza eta gaitasunak indartzeko programak garatzen dira, komunitateetan eta elkarteetan protagonismo aktiboa izan dezaten.
  • Aliantza eta sareen sustapena
    Elkarteek elkarrekin lan egin dezaten, negoziazio-gaitasuna hobetu, birziklatutako materialen truke prezio hobeak lortu eta eskubideen alde kolektiboki jardun dezaten, tokiko eta eskualdeko aliantzak bultzatzen dira.

Asteko agenda

  • Ekainak 9, astelehena: 9:00etan TRAPEROS de EMAUS, Iruña.
  • Ekainak 10, asteartea: 10.00etan KOOPERA Reusing Center, Mungia.
  • Ekainak 11, asteazkena:10.00etan KOOPERA Voluminosos, Gasteiz eta 15.00etan Elorrioko plataforman birziklatzeko planta (elikadura lehorra), Elorrio.
  • Ekainak 12, osteguna: 10.00etan KOOPERA Denda Bilbo eta 18.00 Hiruatx ggke, Aretxabaleta.
  • Ekainak 13, ostirala: 9.30ean Hondakin ez-arriskutsuen zabortegia Epelen, Arrasate.

Birziklatzaile izatea Kolonbian

Kolonbian, milaka pertsona ateratzen dira egunero kalera euren gurditxoekin, baliozko hondakinak jasotzera eta, elkarteetan bilduta, enpresei saltzera. Batzuek hondakin horiek kalean jasotzen dituzte zuzenean, beste batzuek zabortegietan. Pertsona horiei “kaleko birziklatzaileak” deitzen zaie.

Kolonbian, kale-birziklatzailea hondakin aprobetzagarrien bilketan, sailkapenean, garraioan eta merkaturatzean diharduen pertsona da: kartoia, plastikoa, beira, metalak edo papera, besteak beste. Bere lana, batez ere, kalean egiten du. Bere ekarpenari esker, material asko berriro sartzen dira ekoizpen-zirkuituan; bestela, zabortegietan edo ingurune naturalean amaituko lukete.

Tradizionalki, birziklatzaileek lan informalean jardun dute, askotan egoera ahul eta zaurgarrian. Hala ere, azken urteotan, Kolonbiako Estatuak urratsak egin ditu birziklatzaileak garbiketa- zerbitzu publikoaren parte gisa aitortzeko. Horrek eskubideak eta lanaren formalizaziorako aukerak ematen dizkie.

Kalde birziklatzaileen lanak balio handia du bai ingurumenaren aldetik, bai gizartearen ikuspegitik: hiri jasangarritasuna bultzatzen du, hondakin-kopurua murrizten du eta milaka familiarentzat diru-sarrerak sortzen ditu.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen