“Multinazionalek ere onartu dute neoliberalismoa agortuta dagoela”

1
897

Ekain Center-eko Adrian Zelaia lehendakariak hitzaldia eman du Kulturaten, azalduz Mendebaldeko “elite korporatiboek 3 mehatxu dituztela: Txina eta Errusia, Internet eta neoliberalismoaren agorpena”.

Goienagusi elkarteak hitzaldi berri bat antolatu du, bere 10. urteurrenaren baitan: ‘El mundo en una encrucijada’ (‘Mundua bidegurutzean’).

Adrian Zelaia Ulibarrik eman du hitzaldia, Ekonomia Aplikatuko irakasle da Gizarte-laneko Graduan, UPVn.

Halaber, Ekai Center ikerkuntza zentroko lehendakaria da, ekonomian eta politika publikoetan espezializatuta.

Zenbait liburu idatzi ditu, eta gaurkoarekin Goinagusirentzako hiru hitzaldi eman ditu. Herritar ugarik Kulturateko areto nagusia bete dute.

Bertan azaldu duenez “azken hamarkadetan eta gaur egun korporazio handi batzuk, multinazionalak edo inbertsio-funts handiak, mehatxaturik sentitzen dira”.

“Korporazio handi hauek komunikabideen bitartez iritzi publikoari eragiten diote, hau da, guri, herritarroi. Izan ere, euren mezuak hamarkadetan zehar bidali dizkigute eta gure pentsatzeko era markatu digute”.

Horren aurrean, “hausnartu egin behar dugu, pertsonalki nahiz taldeka, ea gure ideologia, ideiak edota pentsamoldea gure interes pertsonalen edo sozialen araberakoak diren, ala korporazio horien interesen araberakoak”.

Aipaturiko elite korporatibo horrek “hiru mehatxu nagusi ditu: Errusia eta Txina (handitzen doazen potentzia independente bezala)”, “eredu neoliberalaren agorpena (Mendebaldean 80. hamarkadatik ezarrita dagoena)” eta “Internet (eliteen kontrol ideologikoaren aurkakoa)”.

Elite horiek “Errusiaren eta Txinaren aurka egiteko, agindu egin zuten herrialde musulman independenteak erasotzea (Libia, Siria, Irak, Iran,…) horrela Errusia eta Txina ezegonkortzeko eta kontrolatzeko”.

Izan ere, kontuan hartzekoa da Asiako bi potentzia horiek “herrialde musulmanekin harreman oso garrantzitsuak dituztela. Elitearen estrategia hasieran arrakastatsua izan zen, Afganistan, Irak, Libia eta Siria suntsituz, baina Errusia Sirian sartzearen ondorioz, porrot egin zuen”.

Bigarren mehatxuari dagokionez, eredu ekonomikoaren agorpenari aurre egiteko “bi bide hartu ditu eliteak: batetik, kostu laboral eta sozialak murriztea etengabe, etekin enpresarialak handitzeko”.

“Bestetik, bigarren estrategia zabalkunde monetarioa izan da, eta horrekin oso lotuta dago zorra. Azken hamarkadetan arazo ekonomikoa izatean dirua merkatura sartu da, banku zentralen bidez”. Horrek “zorra handitzea eragiten du eta sakoneko arazoak larriagotzea”.

Neoliberalismoa agortuta dagoela aditu “kritikoek soilik azaltzen zuten hasieran, baina 2020an multinazionalek, ‘gran reinicio’ delako proiektuaren bitartez, onartu egin zuten neoliberalismoaren agortzea”.

Interneti aurre egiteko, “bi estrategia gauzatu dituzte: sare sozialak sortzea eta zabaltzea (eliteak eta inteligentzia-zerbitzuak elkarlanean) eta hedabideen bidezko unifikazio ideologikoa”.

Horren ondorioz “desagertu dira praktikan ezkerra, eskuma eta erdi kontzeptuak, hirurak testuinguru neoliberalean urtuz”.

Hitzaldiak gehiagorako eman du, eta ekitaldiaren bukaeran entzuleek ere hitza hartzekoa aukera izan dute.

Iruzkin 1

  1. Bikain! izugarri pozten nau horrenbeste andra ikusteak argazkian! Informatzea horren inportantea da…

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen