Sanjoanetarako entseguak martxan daude jada, eta azpimarratzekoa da ere jatorri kultural ezberdineko hainbat pertsona ohiko konpainia batekin elkartu direla, Danborrada probatzeko.
Hilabete eskas bat falta da Sanjoanetarako, eta Helduen Danborradak martxan ditu entseguak. Gaur arratsaldean, esaterako, Zaldibarko frontoian entseatu dute.
Aurten bi konpainia berri arituko dira Arrasateko kaleetan: Elma etxeetakoa eta Mondrauko Gaztiak izenekoa. “Gero eta gazte gehiago animatzen dira parte hartzen eta oso pozik gaude” baloratu du Eva Romero Danborradako zuzendari nagusiak.
Bi konpainia berriez gain, ohikoek ere danborrei edota barrilei eragingo diete, hots: Montxon, Santamaina, Beti-Gazte, Beti-Alai, Arrasate Herri Eskola, Musakola, Txalaparta, Eskoziarrak eta Danborrariak.
Aipatzekoa da ere “jatorri kultural ezberdineko hainbat lagun hasi direla ohiko konpainia batekin elkartzen, eurek Danborrada gustuko badute, aurrera jarrai dezaten”.
Oro har, konpainietako zuzendari lanetan, besteak beste, Esther, Igor, Jon, Iratxe, Kepa, Luis, Mikel, Mikel eta Rakelek dihardute, eta zuzendari nagusi gisa Eva Romero.

Entsegu irekiak astelehenetan eta asteazkenetan egiten dabiltza 20:30etik 21:30era, SUDCek antolatuta. Ateri egotean Zaldibar frontoian entseatzen dute, eta euria botatzean Kulturolako aterpean.
Zuzendari nagusiak herrikideak animatu ditu “Danborradan parte hartzera jende barik jairik ez baitago. Danborrada zabalik dago eta gazteen taldetik esan digutenez, orain arte 30 lagun batu diren arren, lagun gehiago animatu dira”.
