Mondragon Unibertsitateak saihestu egin du COVID-19ak bere hezkuntza-programa etetea, Nutanix-eri esker

0
1347
Coronavirus virus outbreak and coronaviruses influenza background as dangerous flu strain cases as a pandemic medical health risk concept with disease cells as a 3D render

Unibertsitateak aukera eman die Ingeniaritza Fakultateko ikasleei (Goi Eskola Politeknikoa) hezkuntza-programa osorik online jasotzeko, beren prestakuntzarako beharrezkoak diren aplikazioetarako urruneko sarbidearen bidez.


Nutanixen mahaigainaren birtualizazioari esker, 300 ikasle konekta daitezke aldi berean. Hori dela eta, zenbait ordenagailu-gela kendu ahal izan ditugu, eta espazio hori baliatu aurrez aurreko eskoletan segurtasun-distantzia bermatzeko.

Arrasate, 2020ko urriaren 29a — Mondragon Unibertsitateak, berrikuntzaren erreferentziazko unibertsitate kooperatiboak, cloud computingean aitzindaria den Nutanixen teknologia guztiz hedatzea lortu zuen, COVID-19aren ondoriozko alarma-egoera hasi baino lehen. Proiektu horri esker, Goi Eskola Politeknikoko (Ingeniaritza) ikasleek beren hezkuntza-programa osorik jaso zuten online eta etxetik, prestakuntzarako beharrezkoak diren aplikazioetan urrunetik sartzeko aukera izan baitzuten.

Unibertsitateak lau fakultate ditu: Ingeniaritza Fakultatea (Goi Eskola Politeknikoa), Enpresagintza Fakultatea, Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatea eta Gastronomia Zientzien Fakultatea. Ingeniaritza Fakultatea da denetan handiena, eta han ezarri dira mahaigaina birtualizatzeko Nutanixen soluzioak (VDI). «Gure ikasleek, espezialitatearen arabera, oso aplikazio desberdinak behar dituzte, askotariko beharrak eta askotariko prozesaketa-ahalmenak dituztenak», azaldu du Jesus Lizarraga Mondragon Unibertsitateko Telematika Alorreko koordinatzaileak. «Gure hezkuntza-programa ematen jarraitzea ahalbidetzen digun plataforma bat dugu, eta, horri esker, administrazioko eta zerbitzuetako langileek ere telelana egin dezakete orain. Lehen, ordenagailu-gelak behar genituen; orain, ordea, ez. Espazio hori oso ondo etorri zaigu eskola-inguruneak handitzeko eta ikasleen arteko segurtasun-distantzia bermatzeko».

Birtualizazio-proiektua hurrengo ikasturterako proiektu pilotua zen hasieran. Baina, azkenean, ezinbesteko plataforma bihurtu zen ikasleentzat eta irakasleentzat. Izan ere, konfinamenduan eskola-jarduerarekin jarraitu ahal izan genuen, inolako arazorik gabe. Hasierako proiektu pilotuan, ikasle gutxik hartu zuten parte, eta trantsizio azkarra egin behar izan genuen 300 ikaslerentzat aldi bereko konexio-ahalmena duen azpiegitura batera. Prozesu horretan, funtsezkoa izan zen Lanmedia partnerraren lana.

Aitor Martin Lanmediako Teknologia Areako zuzendariaren ustez: «Berehala konturatu ginen bidelagunik onena Nutanix zela, VDI inguruneetan lehiatzeko zituen abantailak ikusita. Unibertsitateko IT Departamentuari eta Lanmediako giza taldeak Nutanix plataformari buruz zuen ezagutzari esker, irtenbide azkar eta eraginkor bat eskaintzeko gai izan ginen, fase pilotuan oinarritutako proiektua arrakastatsua izan zedin. Proiektua azkar abiaraztea lortu genuen, baina, horrez gain, nabarmentzekoa da prozesaketa grafikorako gaitasuna (GPU), ordenagailu guztietan ibiltzen ez diren aplikazioak ikaslearen esku jartzeko gai baikara».

Malgutasuna eta hazteko gaitasuna

Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoko irakasleak, ikasleak eta langile guztiak pozik daude, arazoa bizkor eta eraginkortasunez konpondu delako, garai hauetan komunikazio telematikoak ezinbestekoak baitira aurrera egiten jarraitzeko. «Hasieran eskatzen zen zerbait —ikasleek malgutasun handiagoa izatea, etxetik aplikazioetan sartzeko premia sortuz gero— ikasleen egunerokotasunerako irtenbide bihurtu da. Teknologia hori gabe, ezinezko izango zatekeen eskolak ematea», dio Jesus Lizarragak.

Unibertsitateak UDS Enterprise + Nutanix Acrópolis tresnak ditu, eta AHV birtualizazio-soluzioa Nutanixen kluster baten gainean ezarri da. Azpiegitura horren abantaila handietako bat eskalagarritasuna da; izan ere, haren irismena handitu beharko balitz, oso erraza izango litzateke, plataformari beste nodo bat gehitu behar baitzaio, besterik gabe. Gainera, azpiegitura hori erredundantea da; alegia, 300 mahaigaini zerbitzua ematen jarrai lezake, nahiz eta zenbaketa-nodo batek huts egin.

Etorkizuna zalantzazkoa da, baina, beharbada, pandemiaren inguruko ondoriorik garbienetako bat hauxe izango da: online prestakuntza behin betiko finkatu dela gure artean: «Datozen urteetan, areagotu egingo da enpresek etengabeko prestakuntza jasotzeko premia, eta, horri erantzuteko, mahaigain birtualen eskaintza handitu beharko dugu», adierazi du Jesus Lizarragak. Gainera, ez du baztertu VDI azpiegitura etorkizunean zabaldu behar izatea. «Ingeniaritzakoez bestelako titulazioetan, antzeko zerbitzuak eman beharko ditugu. Halaber, urrunetik lan egiten duten langileentzat ere aplikazio korporatiboak dituen mahaigain birtuala eduki beharko dugu».

Mondragon Unibertsitateari buruz

Mondragon Unibertsitatea praktikoa eta berritzailea da. 1997an sortu zen, hiru hezkuntza-kooperatiba elkartuta, mundu errealeko erronkei aurre egiteko nahiak eraginda. Unibertsitateak xede argia du: ezagutza eguneratua sortzea eta pertsonak etorkizuneko enpresen protagonistak izateko trebatzea, gizartearen garapenean laguntzeko. Unibertsitateak lau fakultate ditu: Ingeniaritza Fakultatea (Goi Eskola Politeknikoa), Enpresagintza Fakultatea, Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatea eta, 2011tik, Gastronomia Zientzien Fakultatea.

Nutanixi buruz

Nutanix munduko aitzindaria da cloudaren kudeaketan, bai eta azpiegitura hiperkonbergentean oinarritutako soluzioetan ere. Azpiegitura-mota hori ikusezina denez, IT departamentuek beren negozioak sustatzen dituzten aplikazio eta zerbitzuetan soilik jarri behar dute arreta. Mundu osoko enpresek erabiltzen dute Nutanix Enterprise Cloud OS softwarea, aplikazioak eta haien mugikortasuna klik bakar batean kudeatzeko, hodei publiko, pribatu eta banatuen bidez. Horri esker, enpresek edozein eskalatan exekuta ditzakete aplikazioak, askoz ere jabetza-kostu txikiagoarekin. Horrenbestez, erakunde horiek azkar eta eskariaren arabera eskain ditzakete errendimendu handiko IT inguruneak, eta, beraz, aplikazioen jabeek hodeikoaren antzeko esperientzia lortzen dute. Informazio gehiago nahi baduzu, sartu https://www.nutanix.com/es webgunean edo jarraitu Twitterren, @NutanixSpain edo @nutanix erabiltzaile-izenen bidez.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen