Testua: Arrasateko Udala
- Lanen lizitazioaren oinarrizko aurrekontua 156.897,11€koa (BEZ gabe) da eta asmoa da obrak esleitu eta 8 asteko epean amaituta izatea.
- Berrikuntza proiektu honen bitartez aipatu eraikineko azpiegiturak hobetu nahi ditu Udalak, erabiltzaileei kalitatezko instalazioak eskaintzeko.
Arrasateko Udalak urratsak ematen jarraitzen du herriko azpiegitura eta instalazioen hobekuntzan eta horri jarraiki, onartu berri du Herri Eskolako Erguin eraikinean komunak berritzeko lanen esleipena.
Lizitazioa lehiaketa publiko bitartez egingo da eta horren oinarrizko aurrekontua 156.897,11€koa izango da (BEZ gabe), betiere, eskaintzen arabera alda daitekeena. Udalaren nahia da behin lanak esleituta, 8 asteko epean komunak amaituta izatea.
Ildo horretan, uda sasoia aprobetxatuko da berrikuntza lanak egiteko, hain zuzen, ekainetik abuztua bitartean, haurrak oporretan eta eskola itxita dagoenean, alegia, obrek ez dezaten irakasle eta ikasleen egunerokotasunean inolako eragin edota oztoporik sortu.
“Udal honen helburu nagusietako bat da arrasatearrei kalitatezko azpiegiturak eskaintzea eta Erguin eraikineko kasuan, hori da, hain zuzen, lortu nahi duguna. Exekuzio epea betez gero, ikastaroa hasterako obra guztiak amaituta eta komun berriak prest egongo dira eta modu horretara, erabiltzaileei kalitatezko instalazio berrituak eskaini ahal izango dizkiegu”, adierazi dute Udaletik.