“Ez dadila Lezetxiki pasabide bihurtu AHTko tunelera porlana sartzeko”

0
1029

Alvaro Arrizabalagak, Lezetxikiko indusketen zuzendariak, berretsi egin du Udalbatzan Leibar kobaren inguruko “balorazio teknikoa eskatu behar genukeela”.

Bideoa: Udala.

Udalak eskatuta, Alvaro Arrizabalagak Lezetxiki-Leibar sare karstikoaren inguruko egoeraz mintzatu zen atzo Udalbatzan.

25 urtetik gora eman ditu aztarnategia zuzentzen, eta atzo AHTko obren eta Lezetxikiren inguruko ezagutzak partekatu zituen udal-taldeekin eta herritarrekin, arkeologiaren ikuspuntutik.

Alvarok argi utzi nahi izan du “nire jarrera pertsonala, herritar bezala, ez dela izan Abiadura Handiko Tren zalea. 25 urte daramatzat AHTak sortutako egoerak kudeatzen”.

Azaldu du “1998ko uztailean, indusketak egiten ari ginela, orduko alkatea guregana etorri zela, eta komentatu zigun, AHTaren orduko proiektua gauzatuko balitz, suntsituko liratekeela Lezetxiki, Atxabaleko koba,…”.

“Udalak alegazioak aurkeztu zituen, eta proposatu ziguten guk ere gauza bera egitea. 6-7 aztarnategi guztiz desagertzeko zorian izan ziren”.

Alegazio horietako “bat onartu zuten” AHTko proiektuko arduradunek, eta ondorioz “desbideratu zuten AHTaren trazatu nagusia. Planimetria guztietan hala agertzen da, ‘variante Lezetxiki’ izenarekin”.

Alabaina, “erdiko tunela egin zutenean, agertu zen Lezetxiki gehi Leibar sare karstikoaren galeria bat, eta bietan bilatu ziren konponbide teknikoak, gehienbat trenaren trazatua eta segurtasun teknikoa bermatzeko, imajinatzen dut”.

Alvarok azaldu du horrelako azpiegituren proiektuetan “kontrol arkeologiko bat kontratatzen dela, eta hori enpresa batetik kudeatzen duela”.

“Gu horretan ez gaude inplikaturik, nik aspalditik Unibertsitatetik ikerketa prozesuetan parte hartzen dut, eta ez horrenbeste enpresa-kudeaketan”.

“Uste dut kasu honetan ez dela salbuespenik izan, 2006-2007an beste tunelarekin arazoa sortu zenean, antzeko zerbait gertatu zen, beste enpresa batek atzeman zuen bertan kobazulo bat zegoela”.

“Ni bere azalean egongo banintz, nahiz eta ez daukadan zer-nolako prozedura jarraitu dutenaren informaziorik, agertutako galeria horren ebaluaketa arkeologikoa egingo nuke”.

“Horrek esan nahi du galeria ondo kokatzea, topografia bat egitea, topografia hori erregistratzea (etorkizuneko lanek jakin dezaten), eta aztarna arkeologikoak badaude (labarretako artea esaterako, aukera bat baita) une eta toki berean baloratzea”.

“Hala ere, suposatutzat eman behar dugu lan hori egina dagoela, eta txostenean agertuko dela”. Horregatik planteatu du “txosten hori eskatu behar genukeela, jakiteko zer-nolako tratamendu arkeologikoa eman zaion galeria horri”.

Balorazio hori “egina egongo ez balitz, edozein arrazoi dela, agian galeria hori agertu zelako bibrazio batean, tunelaren babeserako sarea jarri dutenean adibidez, kasu horretan, balorazio hori egin beharko da. Hori da, alde arkeologikotik, egun esan daitekeena”.

Alvaro Arrizabalagak “bi alde positibo” azpimarratu ditu AHTko obren apurketaren harira: “Arkeologikoki ondo ezagutzen dugun Lezetxikiko esparruan ez dela ezer ukitu, 400-500 metro inguru egon daitekeelarik”.

“Bibrazioek eta beste faktoreek aztarnategian duten eragina neurtuta egon beharko legoke, baina hori aurrerago jakingo dugu. Ez dirudi aztarnategiari kalte arkeologiko zuzenak egin zaizkionik”.

Bigarren alde positiboa da “eta ez da tontokeria bat, niri neurri batean poza eragin didana”, “herri honetako jendeak ‘Lezetxiki’ hitza entzutean gutxienez kezkatzen eta mugitzen dela”.

“Zalantzarik ez izan”, mobilizazioko “buruan ni izango nintzatekeela, pentsatuko banu benetan kalte arkeologikoak egin direla”.

Etorkizunari begira “aurreko asteko Jarraipen Batzordean komentatu nuen bezala, nik uste garrantzitsua dela bermatzea inoiz ez dela sarbide tekniko bat, mantentzekoa, segurtasunekoa edo dena delakoa tunel horretara Lezetxikiren bitartez”.

Izan ere, “espeleologoek erakutsi duten bezala, Leibartik igarota, tunel horretara irits daiteke. Kontuan hartu behar da AHTa azpiegitura erraldoia dela, eta erabaki teknikoen aurrean ezer gutxi egin daitekeela”.

Beraz, “arrisku hori ikusten badut, behin eta berriz errepikatuko dut Lezetxiki pasabide bihur ez dadila. Hau da, Lezetxiki ez dezatela pasabide bezala erabili AHTko tunelera adibidez porlana sartzeko edo dena delakoa egiteko”.

Albistea osatzen gabiltza

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen