Jokin Zaitegi itzulpen sariketari esker kaleratutako azkeneko bi liburuen aurkezpena egingo da astelehenean, urtarrilak 31, AED elkartea, Elkar argitaletxea, Arrasateko Udala eta Laboral Kutxak elkarlanean.
Jokin Zaitegi itzulpen sariketa AEDk sortu zuen duela 33 urte, sariketari izena ematen dion kulturgile, idazle eta itzultzaile arrasatearrari merezi zuen aitortza egiteko asmoz. 2000 urteaz geroztik urteko Elkar argitaletxearekin daukagun lankidetzari esker, azkeneko Literatura Nobel saridunaren lan bat euskaratu eta plazaratzea du helburu gaur egun. Ezin aipatu gabe utzi beka hori finantzatzeko ezinbesteko laguntza ekonomikoa ematen diguten Arrasateko Udala eta Laboral Kutxa.
Pasa den abenduaren 11n, Donostiako udal liburutegian aurkeztu zuten bekari esker ondutako azkeneko bi lanak: Garazi Ugaldek euskaratutako Louise Glücken “Basairisa” eta Xabi Payak ondutako “Bob Dylan-100 kantu” bilduma. Hala, bi poesia lanok Arrasaten aurkezteko parada izango da astelehenekoa, 19:00etan hasita, Kulturaten.
Ekitaldian parte hartuko dute Ugalde eta Paya itzultzaileek, eta baita Xabi Payak, Bob Dylanen kantuak itzultzerakoan, aholkulari eta laguntzaile izan duen Joxerra Garzia irakasle eta idazleak ere. Eurekin batera izango dira Eñaut Muxika AEDko lehendakaria, Xabier Mendiguren Elkar argitaletxeko editorea, Maria Ubarretxena Arrasateko alkatea eta Ainhoa Azurmendi Laboral Kutxaren Garibaiko sukurtsaleko zuzendaria.