Jendetza kalean Palestinarekin: “Euskal Herria abangoardia izan da, palestinarrak babestu behar ditugu”

0
3362

Arrasateko azken urteetako manifestaziorik jendetsuena edo jendetsuenetarikoa egin da gaur, Gernika-Palestinak deituta. “Euskal Herria mundu osoarentzat elkartasun eredu izan da”, eta orain “urgentziazko neurriak aplikatu behar dira: laguntza humanitarioa biderkatu, presio militarra desagerrarazi” eta abar. Hartara, Euskal Konpromisoa izeneko ekimena abiatuko da.

Sindikatuek deituta, lanuzteak egin dira goizez eta arratsaldez gurean ere, ‘Palestinarekin konpromisoa’ goiburu.

Arratsaldean ere manifestazioaren unea izan da, eta ehunka eta ehunka herritarrek bat egin dute, “Boikot Israel! Palestina askatu!” oihukatuz.

Antolatzaileek Herriko plazan ondorengo adierazpena egin dute euskaraz zein gazteleraz: “Etxera itzultzea etxe arrastorik gabe. Harriak, hautsa, hutsa, tranpak, oroitzapenak, malkoak, inoiz itzuliko ez dena begi bistan”.

“Hala ere, itxaropentsu. Hondakinak baino, genozidioaren frogak dira. Herri nekaezinaren metafora”.

“Etxera bueltatu, zertarako, nola eta noiz arte izango den jakin barik. Irtenbiderik gabeko itxarobidea. Hala ere, pozarren. Merezi du”.

“Kanpotik ikusita, ezer ez duenak begi onez ikusten du nolabaiteko akordioa egon izana”.

“Palestinaren begien dirdira eta galdera: nazioarteko komunitateak ardura hartuko al du? Nola liteke XXI. mendean halako inpunitate sadikoa? Zein markok arautzen du nazioarteko harreman desorekatu eta arrakeroak?”.

“Nork bermatuko die palestinarrei etxe birrindutara itzultzeko eta berreraikitzeko eskubidea?”

“Libre izateko eskubidea errespetatzen dela bermatu behar du munduak”.

“Palestinarrek jakin badakite, hamarkadetako sufrimenduaren azala urraturik, zuhurtziaz jokatu behar dutela. Guk ere badakigu basapiztia sionistak edozein momentuan sinatutakoa albo batera utz dezakeela”.

“Baina, sasien artean eta sasi guztien gainetik, etxera izeneko txikizio esparrura itzuli dira, esperantzara kondenaturik, kontziente izanik edozein momentutan Israelek akordioa betetzeari utz diezaiokeela”.

“Eta badakigu genozidioa ez dela Trumpek diseinatu duen akordioarekin amaitzen. Genozidioa keinu bakoitzean indarrean dago, baita nazioarteko diplomaziarekin batera antzeztutako pailazokerietan ere. Nazio Batuen Erakundeak, tamalez, zuzenean ikusteko parada daukaguna baieztatu zigun: Gazan genozidioa ematen ari da eta luzerako doa”.

“Genozidioak semantikan ere bizirik dirau. Jarraitzen du preso versus bahitu ahoskatzen den bakoitzean. Presoak eta harrapatuak desberdintzen ditugun bakoitzean”.

“Puzzle honetan, Euskal Herria harrokeriarik gabeko abangoardia izan da eta mundu osoarentzat elkartasun eredu; gaurean ere pausu gehiago ematea ezinbestekoa den arren”.

“Harri, hauts, hutsa, tranpa eta malkoei aurre egiteko urgentziazko neurriak aplikatu behar dira Palestinan: laguntza humanitarioa biderkatu, presio militarra desagerrarazi, sektore zaurgarrienen zaintza landu, oinarrizko zerbitzuen hornidura berreraiki, desplazatutakoak sorterrira eraman… Babestu hitzak gakoa behar du izan”.

“Babestu Gazan, Zisjordanian, kanpamentuetan eta espetxeetan. Palestina eta palestinarrak babestu finean, palestinarrek euren etorkizuna erabaki dezaten”.

“Palestina entzun behar dugu eta palestinarren hitza errespetatua izan behar da. Guri konpromisoak hartzea dagokigu, bakoitzak Palestina babesteko egin dezakeen hori egiteko momentua delako”.

“Horregatik Euskal Konpromisoa osatuko dugu, herriz herri, egunez egun. Egiten den guztia gutxi da, baina egin dezagun, egunero, indar guztiekin, egin dezagun badaezpada. Egin dezagun sorterrira itzultzea, herri libre bat eraikitzeko urrats sendoa izan dadin. Etxera itzultzea etxe arrastorik gabe. Herri nekaezinaren metafora”.

“Palestinarekin beti!”

“Eskerrik asko!”

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen