ongietorriarrasatera.asmoz.org webgunea zabalik dago, Ekin Emakumeek, Ekai Centerrek eta Asmoz Fundazioak elkarlanean egina. Ildo berean, migratutako familien estresari buruzko ikerlana egin dute, baita proposamenak aurkeztu ere.
–Migratutako familiek estresa sufritzen dute, zein faktorek eragiten dute estresa?
Guk dakiguna da eurek hemen, Ekin Emakumeen lokalean komentatzen digutena. Baina beno, horrek ez du zertan horrela izan. Komentatzen digute euren sorterria utzi ostean, kultura aldaketa eta hizkuntza aldaketa bizi dituztela, hau da, aldaketa oso handi bat.
Horrek eragiten du estresa, baita herrialde berri batera iritsi eta etxebizitzarik ez izatea, bertako hizkuntza ez menperatzea, lagunik ez izatea eta gestio burokratikoek eragiten duten ezinegona…
Guri ere gauza bera gertatuko litzaiguke beste herrialde batera baldintza horietan joango bagina.
-Testuinguru honetan zaintzek zer paper jokatzen dute?
Pertsona migratu hauek entzunak izatea eta zainduak izatea euren egoera gozotzen dute. Horrek ez du esan gura estresik jasango ez dutela, baina behintzat karga arinduko zaie. Goxo tratatzeak egoera errazten die.
-Gai honen inguruko txosten bat jorratu duzue, zein proposamen egiten ditu txostenak?
Txosten nahiko zabal bat egin dugu, eta proposamen ugari aurkeztu ditugu. Ildo honetan, beste diru-laguntza bat eskatu dugu, eta ea aurrera egiten duen. Balizko diru-laguntza honekin gura dugu prozesua bizi izan duten pertsonak izatea etorri berriei harrera egingo dietenak.
Honen inguruko praktika on asko ikusi ditugu Europan eta hemen gertu Sopela eta Getxon, baina hauxe da guri gehien gustatu zaiguna eta iritsi berriei gehien lagundu ahal diena.
Ildo honetan, Arrasaten Aniztasun Mahai bat dago, orain geldi dagoena baina martxan jarri gura da.
-Webgunea ere erabilgarri dago, zertarako balio du erreminta berri honek?
Jaso dugun diru-laguntzatik, egin ditugun analisi guztietatik eta Arrasateko Harrera Zerbitzutik urteetako artatzeetatik webgune berri bat ongietorriarrasatera.asmoz.org egin dugu.
Web orriak; non erroldatu, osasun arazorik sufrituz gero nora joan, herriko zenbait eragile non dauden, eurekin kontaktatzeko zenbakiak, eta abar azaltzen ditu.
Webgune irekia da, ez baikara toki denetara iritsi, eta eskertzen dugu webgunea osoagoa egiteko Ekin elkartearekin kontaktuan jartzea, informazio gehiago jasotzeko gogotsu baikaude.
Beraz, jendeak interesgarri baderitzo berak eskaintzen duena webgunearentzat interesgarria dela, jendeak bidal diezagula informazio hori eta guk webguneari gehituko diogu.
Are gehiago, webguneak iritsi berrientzako informazio interesgarria izango du, baina baita iritsi berriak ez direnendako ere. Webgunea bizirik dago, eta erreminta hau denon artean aberastuko dugu.
Orain arte Arrasateko eragile guztien informazioa ez dago inon elkartuta, eta informazio hori guztia elkartzeko webgune berri hau baliagarri ikusten dugu.
–Nora bidali behar da informazio hori?
emakumeak@ekinemakumeak.eus emailera, 943 79 83 70 telefono zenbakira deituz, edo Ekin Emakumeek egoitzara bertaratuz, harrera zerbitzuko orduetan astelehen, astearte, asteazken eta ostiraletan 10:30etik 12:30era bitartean (Pablo Uranga kalea 4, behea).




