Testua: Arrasate Euskaldun Dezagun.
Duela 2000 urte baskoien lurraldearen bihotzean zegoen Burdin Aroko herrixka bisitatzeko aukera paregabea izango da. Bertan, Aranzadi Zientzia Elkarteko arkeologo gazteek duela zazpi urte hasitako indusketa lanen eta topatutako aztarnen berri emango digute, tartean “sorioneku” eskuaren aurkikuntza. Arkeologo taldea indusketa lanetan ikusteko aukera ere izango dugu.
Bisitak goizeko 10etan hasten direnez, 8etan irtengo gara autobusez Arrasatetik Aranguren bailarara garaiz iristeko. Bisitak hiru ordu eta erdi inguru irauten du eta, gidariak taldearen erritmora egokitzen diren arren, ez da egokia mugikortasun zailtasunak dituztenentzat. Izan ere, oinezko ibilbidea Irulegi mendiko bidexketan zehar egiten da eta tarte maldatsuak ditu. Gainera, gailurrera igotzeko 150 bat eskailera daude. Haurrek arazo gabe egin dezaketen arren, Aranzadiren proposamena da, arkeologoen azalpenak ulertzeko, gutxieneko adina zortzi
urtekoa izatea. Bestalde, garrantzitsua da mendiko arropa eta oinetako egokiak eramatea. Baita hamaiketakoa eta ura ere, bidean ez baitago iturririk.
Eguraldi ona bada, bisita gidatu osoa aire zabalean egingo dugu. Euria eginez gero, aldiz, laborategian emango dizkigute azalpenak, bai arkeologia taldeari buruzkoak, bai laborategi lanei buruzkoak.
Irulegiko bisita bukatu ostean, 14:00 aldera, autobusa hartu eta Iruñarako bidea hartuko dugu hango euskalgintzan murgilduta arratsalde pasa egiteko. Arrasatera 20:00etan itzuliko gara.
Irteeraren prezioa 35€ da. Autobusa eta Irulegiko bisita gidatua sartzen dira prezio horretan. Bazkaria norberaren kontu joango da, etxetik eramanda edo Iruñan. Plazak mugatuak dira, 35 lagun gehienez ere, horixe baita Aranzadik bisita gidatua taldean egiteko jartzen duen muga.
Izena emateko zein informazio gehiago eskatzeko, AEDra jo irailaren 24a baino lehen. 943771228 edo aed@aedelkartea.eus





