Inflazioa kontuan hartuz, tasa batzuk %3 igotzea aztertuko du Plenoak

0
304

Udalbatzak erabaki hau onartuz gero, “2024-2025eko ikastaroek %3ko igoera izango dute, INEk 2023ko apiriletik 2024ko apirilera ezarritako hazkundea hain zuzen”. Balizko igoerak eragina izango luke ingurumen hezkuntzako, euskaltegiko eta kirol-ikastaroetako tasetan. Udal-gobernuak jakitera eman du “2015-2023 epealdian KPIa %21 igo den bitartean, tasak ez direla igo, eta, ondorioz, zerbitzu hauen defizit ekonomikoa geroz eta handiagoa izan dela”.

Framea eta beheko testua: Arrasateko Udala.

2024/25 ikasturteko tasak onartuko ditu datorren astean Udalbatzak, oraindik aldatu gabe zeuden azken tasak. Kontuan izanda, INEko (Instituto Nacional de Estadistica) 2024ko apirileko datuen arabera, 2023ko apiriletik 2024ko apirilera %3,3ko hazkundea egon dela ondasun eta zerbitzuen kontsumoaren bataz besteko prezioetan, Ogasun Batzordearen proposamena da ikasturteko tasak %3 igotzea.

“Azken bi legegintzaldietan ez da tasarik igo, eta hau ezin da kudeaketa eredua izan. 2015- 2023 epealdian KPIa %21 igo den bitartean, tasak ez dira igo, eta, ondorioz, zerbitzu hauen defizit ekonomikoa geroz eta handiagoa izan da” Joseba Ezpeleta Ogasun Batzordeburuaren esanetan. “Joera honekin amaitu beharra dago”. Izan ere, igoera hau ”jasangarria” dela adierazi du Ogasun Batzordeburuak, horretarako adibide batzuk jarriz:

“Kirol-ikastaroetan, adibidez, igoera 0,42 € eta 1,19 € bitartekoa da, edota Euskaltegiko ikasle arrunt batentzat 0,04 euroko igoera”.

“Ezin da defizita etengabe sortu”

Joseba Ezpeleta Ogasun Batzordeburuak adierazi duenez, “zerbitzu hauek defizitarioak dira, eta igoera txiki hauek gauzatu ezean, defizitaren zuloa geroz eta handiagoa izango da”.

Ildo horretan, %3ko igoera “neurrian egindako igoera” dela adierazi du, gastuari aurre egiteko igoera. “Gastu asko aurreikusten ditugu eta gihar finantzarioa izan behar dugu, bidean baliabideak galdu gabe”.

Diru publikoa zuhurtziaz kudeatzeko ardura

Ezpeletak diru publikoaren zuhurtziazko kudeaketan egin du azpimarra, eta aurretik dauden inbertsio “garrantzitsuei” egin die erreferentzia.”Udalaren egoera ekonomikoa ona da baina egoera ona mantentzeko, diru sarrerak mantendu behar ditugu. Gerakinen helburua, oro har, inbertsio berriei bide ematea izan behar da, ez gastu arruntera bideratzea. Poltsa husten bagoaz, ezingo diegu aurre egin epe motz eta ertainean ditugun erronka eta inbertsioei”. Inbertsio horietako batzuk aipatu ditu, besteak beste, Iturripeko eta Musakolako Kiroldegi berriak, Amaia Antzokiaren eraberritze integrala, edota Autobus Geltoki duin bat egitea.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen