Harreman Dendak 25. urteurrena ospatuko du hainbat jarduerarekin

0
223

Testua eta kartelak: Harreman.

Arrasateko Harreman Dendak 25 urte betetzen ditu aurten, 2023an, Bidezko Merkataritzaren alde lan eginez. Urte guzti hauetan, merkataritza justuago baten erreferentea izan da gure bailaran, eta neurri batean Euskal Herrian ere (ez baitira halako denda asko).

Bidezko Merkataritza, boluntario askoren lanari esker bultzatu da gurean, eta lan isil horren poderioz, sentsibilizazio kanpainak burutu dira, eta Hiper Eroskiko denda fisikoan, Fairtradeko produktuak eskaini zaie herritarrei. Horrez gain, inguruko komertzio, elkarte, udal, zein enpresekin elkarlanean aritzea lortu dugu.

Hogeita bost urte eta gero, bide beretik jarraitu nahi dugu. Zergatik? Bidezko Merkataritza pobreziaren kontrako tresna eraginkorra delako. Eta mundu justuago bat lortzeko, beharrezkoak diren irizpide sozial, ekonomiko eta ekologikoak hartzen dituelako kontutan.

  • Elikagaiengatik PREZIO JUSTU ETA EGONKOR bat adosten da produktoreekin.
  • AURRE-FINANTZIAZIO bat eskaintzen zaie, enpresak bideratzeko.
  • LUZERAKO ERLAZIOAK izaten dira.
  • SOLDATA JUSTUA jasotzen dute.
  • Lan BALDINTZA DUINETAN.
  • HAUR eta NAGUSIEN lan esplotazioa ekiditen da.
  • Genero BERDINTASUNA bultzatzen da.
  • Parte-hartze demokratikoa, KOOPERATIBOAK.
  • Eta EKOIZPEN EKOLOGIKOA lehenesten da.

Urteurren hau ospatzeko, eta bide batez Bidezko Merkataritza sustatzen jarraitzeko, hainbat ekimen antolatuko ditugu urtean zehar. Hasteko, maiatzean prestatu ditugunak zuen komunikabideetan aipatzea eskertuko genizueke.

MAIATZAK 2, NORTE SALVAJE FILMA

NORTE SALVAJE filmaren proiekzioa eta ondorengo solasaldia Zehar-Errefuxiatuekin GKE-ko ordezkariekin, Amaia Antzokian 19:30tan.

MAIATZAK 13, AZOKA ANTZUOLAN

Bidezko Merkataritzaren Egunean, Harreman Dendako produktuak jarriko dira salgai Antzuolako azokan Anelkar GKEaren eskutik.

MAIATZAK 20, AZOKA ARRASATEN

Baserritarren azokan, Harreman Dendako produktuak jarriko dira salgai Sebero Altube plazan dendako boluntarioen eskutik.

NORTE SALVAJE, filmaren proiekzioa eta solasaldia

Zehar Errefuxiatuekin GKE-k eta AL BORDE films produktora bilbotarrak egin dute migrazioari buruzko film hunkigarri hau. Filma ikusi eta gero, Zehar Errefuxiatuekin taldeko ordezkariekin solasaldi bat egiteko aukera izango dugu, filmaren inguruan eta migrante zein errefuxiatuen egoeraren inguruan hitz egiteko.

SINOPSIA:

Dokumental honek milaka pertsonen joan-etorria kontatzen du munduko bi muga kritikoenetan: Mexiko eta AEBen arteko mugan, eta Espainia eta Europako beste herrialdeen arteko mugetan. Sinbolismoz betetako kontakizunean, indarkeriaren gordintasuna parajearen edertasunarekin kontrajartzen da. Jendeak ihes egiten du Ipar Basati baterantz, eta bertan diskriminazio eta hesi gaindiezinekin egiten dute topo. Azken finean, zer da ba, basatiagoa? Pertsona bat muga bat gainditu nahian, ala mugaren existentzia bera?

Dokumental hunkigarria, migranteen larruan jartzen gaituena.

Ea merezi duen zabalkundea ematen diozuen ekitaldiari. Mundu justuago bat eraikitzea, guztion lana delako!

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen