Harreman Denda Puntaik Puntan ariko da Bidezko Merkataritzaren alde

0
577

Argazkia: MB artxiboa / Kartela eta beheko testua: Harreman Denda.

Bidezko Merkataritzaren Nazioarteko Eguna ospatuko dugu datorren zapatuan maiatzak 11. Urtero bezala, Harreman Denda kalera aterako dugu, Bidezko Merkataritzaren inguruko informazioa eta produktuak herritarrei eskuragarri jartzeko. Aurten, Aramaioko maiatzeko azokan eta Elgetan ospatuko den Puintaik- Punta Jaialdian egongo gara.

Azken honetan egotea, Debagoieneko jaialdia izanik, oso garrantzitsua iruditzen zaigu. Munduaren eraikitzea gure herrietatik bertatik hasten delako. Herritarrok badaukagulako gauzak aldatzeko boterea. Justizian, berdintasunean eta denon ongizatean oinarritutako gizarte bat eraiki dezakegulako.

Aukerak ugariak dira. Bidezko Merkataritza horietako bat da. Kontsumismo basatiari eta enpresa transnazional handien irabazi goseei aurre egiten dion bidea. Merkataritza beste era batera antolatzeko bidea.

Kontsumitzaileak ekoizleekin lotzen ditu, prozesu eraldatzaileak bultzatuz eta herrialde pobretuetako milaka pertsonaren bizitzan eragin positiboa sortuz.

Justizian eta berdintasunean oinarritutako merkatu-estrategia baten bidez, milaka pertsonek lortzen dute lana baldintza egokietan, ordainsari duin batekin, eta, horri esker, euren familiak elikatu eta ongizate komunitarioan parte hartuz.

Era berean, herri aberatsetako herritarrok, Bidezko Merkataritzako produktuak hautatuz, mundu justuago bat eraiki dezakegu. Pobrezia egoeran bizi diren pertsonei alternatiba eraginkorrak eskainiz, eta gure osasuna eta denon planeta zaintzen duten produktu ekologikoak
kontsumituz.

Pobreziarik gabeko etorkizun baten alde,
aukeratu Bidezko Merkataritza!

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen