Harreman Denda kalera irtengo da bidezko merkataritza ikustarazteko

0
1310

Testua eta argazkiak: Harreman Denda

Udaberri honetan, Harreman Denda kalera aterako dugu beste behin, bidezko merkataritzaren eta kontsumo arduratsuaren inguruan sentsibilizatzeko.

Maiatzaren 10ean Aramaioko Lorabarri azokan hartuko dugu parte, bidezko merkataritzako produktuak eta horien inguruko informazioa herritarren esku jartzeko. Eta maiatzaren 17an, Antzuolako San Isidrotan izango gara Anelkar GKEaren eskutik.

Bidezko merkataritzaren kontsumo etikoak hainbat onura dauzka, eta horiexek azpimarratu nahiko genituzke: nekazariek lan baldintza egokiak dituzte, haur edo pertsona nagusien esplotazioarik gabe; prezio justua jasotzen dute; genero berdintasuna, antolakuntza demokratikoak eta kimikorik gabeko laborantzak sustatzen dira; eta ingurumenaren errespetua bermatzen da.

Giza eskubideak eta ingurumena babesten duen merkataritza eredu hau bultzatzea ezinbestekoa iruditzen zaigu, globalizazioak eta multinazional handiek eragiten dituzten injustiziei aurre egin eta gure planeta salbatu nahi badugu.

Horregatik herritarrei, baina batez ere, Debagoieneko Udal, enpresa eta eragile sozialei merkataritza justuago baten aldeko inplikazioa eskatu nahi diegu. Adibidez, herriko jai, kirol edo kultura ekimen ezberdinetarako erosketa etikoak eginez, hezkuntza zentroetarako informazio hitzaldiak antolatuz, opari ofizial eta abarretan, bidezko merkataritzako produktuak eskainiz…

Dagoeneko, bailarako hainbat eragilek Harreman Dendarekin kolaboratzen dute. Hala nola, Arrasateko eta Bergarako Udalak, Fagor Taldea, Ibaiarte Merkataritza elkartea, Goienetxe Fundazioa…

Bidezko Merkataritzaren aldeko apustua egiten dugunok gero eta gehiago gara. Ea denon artean, justizian oinarritutako merkataritza hau hedatzea lortzen dugun!

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen