Guztiontzako jardueraz beteriko uda

0
837

Hilabete gogorrak eta arraroak izan dira. Hilabete horietan, auzokoek ez zekiten ezta orain arte ezagututako uda bera izango ote zuten ere. Azkenean, ezin izan da horrela izan, eta gertaera asko bertan behera geratu dira, edo orain segurtasun neurri zorrotzen artean egin behar dira, Covid-19 birusa herritarren artean zabal ez dadin. Hala ere, egitarauak proposamenez beteta jarraitzen du, eta ekitaldi askok aurrera jarraitzen dute uztailean zehar, haurrak eta helduak entretenitzeko.

Udazabal
Azken asteetan asko pentsatu da ea azkenean posible izango ote litzatekeen udako agenda kultural tradizionala ospatzea. Hala ere, azkenean egin ahal izango da, eta herritarrek Arrasateko kale eta plazetan musika, dantza, antzerki, umore eta zirku ikuskizunez gozatzeko aukera izango dute. Uztaileko kultur erreferente nagusia da, eta udako arratsalde luzeak jardueraz betetzen ditu, denen gozamenerako.

Sei kontzertu eta bost arte eszenikoen emanaldi eskainiko dira aurten, guztiak kalean. Eguraldi txarra eginez gero, musika saioak Amaia antzokian egingo dira, arte eszenikoen kasuan ahal denean Biteri plazara eramango dira. Euskal sortzaileak dira nagusi, bertako artistak balioan jartzeko asmoarekin:  Xabi Solano, Keu Agirretxea, La Furia, Gari, Swintronics, Euskdivarius,  Tio Teronen semeak, Hutsun + Ortzi, Osa-Mujika eta Lasala dantza konpainiak Trapu Zaharra eta Markeliñe antzerki taldeak.

Udaixe

Ikasturtea amaitu bada ere, aisialdiko ekimen eskaintza uztailera arte luzatuko da. Uztailean haurren oporraldia arintzeko Udaixe programa antolatu du Arrasateko Udal Gaztetxokoak, aisialdi jarduerak eskaintzeko 11-17 urte bitarteko nerabeei. Uztailaren 6tik 24ra zabalik egongo dira auzoetako eta erdiguneko gaztetxokoak, lantalde guztiarekin.

Ekimen eskaintza zabala antolatu dute talde txikietan eta lagun giroan egiteko: gaubelak, tailer ezberdinak, mendi irteerak, jolasak etab. eskainiko ditu Udaixek. Beste dinamika irekiago batzuk ere egingo dira, beti osasun irizpideak zainduz.

Freskura

Uztailaren 1etik 29ra, arratsaldeko 17:00etatik 20.00etara Monterronen euskarazko irakurgaiak, mahai jolasak eta besteak egongo dira denon eskura. Honekin, euskaraz dauden produktu ezberdinen ezagutza eta erabilera sustatu nahi da.

Adin tarte guztientzako eskaintza da Freskura, haur, nerabe eta helduei aukera ezberdinen bitartez (jolastuaz, irakurriaz eta tailerretan parte hartuz) parkean dauden momentuan euskaraz ongi pasatzeko aukera eskaini nahi diete, udan ere euskaraz jolasteko eta irakurtzeko bideak eginez.

Arrasate Blues

Aurten, bigarrenez, uztailaren 17 eta 18an Arrasateko kaleak Bluesarekin beteko dira jai giroan berriro! Arrasate Blues jaialdirako Ibai-Artek antolatu duen programazioa honakoa izango da: Uztailak 17 an 19.00etan Euskal Herria Plazan The Song eta Herriko Plazan Serious Business Taldea

Uztailak 18 ordea 13.00etan Izozkitegi inguruan Patakbra eta 19.30etan Kaleetatik zehar Broken Brothers Brass Band. 20.00etan ordea Herriko Plazan Iker Piris & his Dual Electras with Niko Wayne Toussaint arituko dira eta 22.30etan Herriko Plazan Travelinn Brothers.

Bisita Gidatuak

Aipatutako guztiaz gain, Udalak hainbat bisita jarri ditu martxan, herriaren iragan historiko eta industrialari buruz gehiago jakiteko. Bisitak uztailaren 4, 11, 18 eta 25erako daude programatuta, eta izena udalaren web orriaren bidez eman daiteke interesa izan dezaketen guztientzat.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen