Gutxieneko pentsioen duintzea eskatuko dio Udalak Gasteizi

0
494

Emakumezko pentsionista arrasatear batek pentsionista ugariren kinka larria plazaratu du plenoan. Euskal Herriko Pentsionisten Mugimenduaren mozioa onartu egin da, EH Bildu eta Elkarrekin Arrasateren bozkekin.

Euskal Herriko Pentsionisten Mugimenduak aurkeztu du mozioa Arrasateko Udalean, baita beste hainbatetan ere. Mozioak ondokoa dio:

Idazki honekin batera doakizu Eusko Legebiltzarreko Gizarte Politika eta Gazteria Batzordearen aurrean egin eta aurkeztu dugun txosten laburtua. Bertan eskatzen eta justifikatzen dugu errebindikazio hori, nola gauzatu eta zenbatesten dugu kostua. Txostena eskari horrekin hasten da:

“EHPM-MPEHk egindako txosten honen bidez, 2023rako gutxieneko pentsioa 1.080 eurotan ezartzeko gure berehalako eskaria bultzatu nahi dugu. Eskari hori Estatuko Gobernuari zein EAEko eta Nafarroako gobernuei zuzentzen diegu; azken horiei, gainera, eskatzen diegu, gaur egun 783 eurotan dagoen gutxieneko pentsioa finkatzen ez den bitartean, gutxieneko pentsio hori 1.080 eurora arte osa dezatela hamalau ordainsaritan”.

“Txosten honekin urrats bat gehiago ematen dugu gure eskariaren azalpenean, eta EAEko eta Nafarroako beharrezko aurrekontuaren zenbatespen ekonomikoa kalkulatuko dugu”.

Gainera, txosten horretan (ikus dezakezuen bezala) adierazten dugu eskaera hori premia sozial urgentea eta justiziazkoa dela, erakunde publikoek herritarrei bizi-baldintza duinak bermatzeko behar diren erabakiak hartzeko betebeharra dutelako; baldintza horiek, lanetik etorritako diru-sarrerarik ez duten adineko pertsonen eta pentsiodunen kasuan, gutxieneko diru-sarrera nahikoak bermatu behar dituzte.

1080 euroko gutxieneko pentsioa ezartzeak nabarmen murriztuko luke pentsioetan dagoen genero-aldea. Bizi-kostuaren igoeraren arabera pentsioak EZ errebalorizatzearen ondorioak nabarmenak dira, txostenaren 13. orrian ikus daitekeen bezala: “… egiaztatzen dugu azken urteetan (2011tik 2023ra) LGSa 641,40 eurotik 1.080 eurora igo dela, baina gutxieneko pentsioa 601,40 eurotik 783 eurora baino ez da igo. Pentsioak soldata geroratuak dira, zalantzarik gabe, eta haien zenbatekoa zuzenean lotuta dago jasotzen diren soldatekin; beraz, gutxieneko pentsioak ere LGS izan behar du erreferentzia gisa. Onartezina da 2011n Gutxieneko Pentsioan LGSren % 93,7 izatea eta 2023an % 72,5 izatea”.

Gaur egungo bizi-kostuaren hazkunde esponentzialaren testuinguruan, gero eta pentsiodun gehiagok eten egiten dituzte etxebizitza osasungarria eta beren beharretara egokitutakoa, elikadura osasuntsua, osasuna eta arreta eraginkorra bermatzea mendekotasuna artatzeko dituzten beharrak arintzeko, etab. Gaur egun EAEn, 167.718 pentsiodunek 1.080 eurotik beherako diru-sarrerak dituzte pentsioengatik, eta horietako gehienak emakumeak dira.

Gutxieneko pentsioak, aldagai guztietan, emakume izena du. Izan ere, genero-arrakala horren aurrekari dira soldaten desberdintasuna eta emakumeak alde bakarretik esleitzea ordaindu gabeko edo gaizki ordaindutako lanari ugalketaren eta zaintzaren esparruan.

1080ko aldarrikapen horrek duela bost urte baino gehiagotik gure mobilizazioetan parte hartu duten milaka pertsonek ematen dioten zilegitasuna du.

Ondorioztatzen dugu ez dagoela arrazoi ekonomiko edo politikorik ez egiteko, eta ezin dugu egun bat gehiago itxaron. Horregatik, Arrasateko udalaren osoko bilkurari honako erabaki hau eskatzen diogu:

1.- EAEko Jaurlaritzari eta Legebiltzarrari demandatu, 1.080 eurora arte osatu dezaten pentsiodunen gutxieneko pentsioa 14 ordainsaritan, 2023ko urtarrilera arteko atzeraeraginezko ondorioekin.

2.- EAEko Jaurlaritzari eta Legebiltzarrari jakinaraztea udal honen osoko bilkuran hartutako erabakia, 2023ko abenduaren 5eko egun honetan.

Arrasateko Pentsionistek jakitera eman du Gipuzkoan, besteak beste, ondoko udalek ere mozioa onartu dutela:

Irun, Errenteria-Orereta, Pasaia, Oiartzun, Lezo, Andoain, Ordizia, Mutriku, Zumaia, Zestoa, Antzuola, Oñati eta Bergara.

Osoko Bilkuran PSE mozioaren aurka agertu da, besteak beste, argudiatuz pentsioak “estatuaren ardura” direla.

Hala ere, aipatzekoa da, mozioak bere bigarren parrafoan, adierazten duela “eskari hori Estatuko Gobernuari zein EAEko eta Nafarroako gobernuei zuzentzen diegula”.

PSOEk argudiatu du pentsio publikoen sistemaren kudeaketa “larriki kaltetuta” jaso zuela. Alderdi horrek argudiotzat erabili du mozioak “ez duela gutxieneko pentsioak hobetzea proposatzen”, “euskaldun osagarri bat sortzea baizik”. Orokorrean, hainbat neurri hartzearen alde agertu da.

EAJ-PNVk ere adierazi du pentsionistek pentsio egokituak jasotzea “ez dagozkiola Jaurlaritzari. Hori da Pedrokin [Sanchezekin] hitzartu duguna”.

Agurne Juldain Alcalde zinegotziak hitzeman du pentsio publikoen kudeaketa “Euskadira pasatuko denean, eskatuko diogula eskatu beharrekoari”.

Gehitu duenez “Jaurlaritzak lantzen jarraitzen du RGIaren bitartez” pentsionistekiko babesa eta “laguntasuna”.

Juldainek beste behin hitzeman du Gizarte Segurantzaren eskumena EAEra “ekarriko denean, gu geu joango garela horren alde azkar-azkar”. “Madrilen lan asko dago, eta espero dugu laster lanketa hori burutzea”.

Elkarrekin Arrasatek eskerrak eman dizkie Arrasateko Pentsiodunak taldeari, “5 urte daramatzazuelako astelehenero plazan, eta Erresistentzia eredu zarete”.

Halaber, Eva Abuin Bideburuk eskertu du mozioak “irakurketa feminista ere egitea, eta diozuen bezala, emakumeek pairatzen dituzte pentsiorik baxuenak”.

EH Bilduk ere borroka honen alde azaldu da, “zuen borroka gure borroka da”, eta “ados gaude zuekin Madrili eta Gasteizi eskatzen diezuenean”.

Kepa Urteagak azaldu du “Pedrokin [Sanchezekin] adostu dena kudeaketa izan dela, baina ez konpetentzia”.

Halaber, EAJ-PNV eta PSEri eskatu die “pentsionistei bizkarra ez emateko”. Hona hemen bozketaren emaitzak:

  • Mozioaren alde: EH Bildu eta Elkarrekin Arrasate (11 bozka)
  • Mozioaren aurka: EAJ-PNV eta PSE (9 bozka)

Galde-eskeen txandan, Txaro Zubillaga arrasatearrak, Arrasateko Pentsiodunak taldekoa, emakumeen pentsioak salatu ditu:

“700 euroko pentsioak? 500 eurokoak? RGIak apur bat laguntzen du”, baina “emakumeen pentsio gehienak txarto-txarto daude”.
EAJ-PNVri gogora ekarri dio prezioen garestitzeak daudela, eta gainera “batzuetan RGIa ez dizutela onartzen”.

PSEri erantzun dio “gu ere Madrilera autobusean joan garela” pentsio duinak aldarrikatzera, espainiar estatuko “beste pentsionistekin batera”.

Egun “Eusko Jaurlaritzak dirua dauka, zertarako? Abiadura Handiko Trena egiteko? Horretarako badauka dirua, eta pentsioak zer?!”.

“Nik ez daukat bizitzeko nahikoa diru, nahiz eta nik kotizatu izan dudan, zaintzetan eta laguntzetan lan egin izan dut. Aurreko eguneko greba horren inguruan izan zen ezta?”

Mahai gainean ondoko galdera jarri du: “Zer egin dezaket nik egun Arrasaten 700 euroko pentsio batekin?”. Bidenabar, gogora ekarri du administrazioak kudeatzen dituen pentsioen dirua “gurea dela”.

Pentsiodun honek eskerrak eman dizkie Arrasateko EH Bilduri eta Elkarrekin Arrasateri babesagatik. “Guk lan asko egin dugu bizitzan zehar eta orain ere bizitza duin bat merezi dugu”.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen