Arrasateko Mugimendu Feministak “beste zaintza sistema bat” aldarrikatu du “beste sistema bat eraikitzeko”. Ildo honetan, greba antolatzen hasteko, datorren asteazkenean bilera irekia egingo da.
Nazio eta herri mailako mugimendu feministak adierazi dute Martxoaren 8a “ez dela antolatzeko eta kaleak hartzeko egun bakarra. Egunez egun lanean jarraitu behar dugu”.
Ildo honetan “aurtengoan erronka handi bati heldu diogu: Euskal Herrirako zaintza sistema publiko komunitario bat borrokatzeko ardura dugu”.
Mugimendu Feministatik “jendarte honetan ematen diren botere-harremanak eraldatzeko proposamen bat egiten dugu. Patriarkatu kapitalistak guztiok, intentsitate ezberdinetan bada ere, kolpatzen gaituelako”.
“Hau ez da emakumeon gauza, hau guztion afera da, horregatik eragile eta norbanakoekin eskuz esku lan egiteko garaia da”.
Euskal Herriko Mugimendu Feministatik “borroka artikulatu bat planteatzen dugu greba feminista orokor baterantz, eta gaur, Martxoaren 8a, lehen urratsa da”.
Arrasate mailan “saretzeko eta zaintza-sistema eraldatzeko bidean datozen urratsak modu kolektiboan erabakitzeko” martxoaren 15ean, datorren asteazkenean, arratsaldeko 19:00etan Kulturateko Jokin Zaitegi gelan asanblada egingo da.
“Beste zaintza sistema bat nahi dugu, beste sistema bat eraikitzeko. Aspaldi hasi genuen bideari jarraituz, gaur ere denon bizitzak erdigunean jartzera gatoz. Denon bizitzak erdigunera! Feminismoa da alternatiba! Gora borroka feminista!”.