Gozaldia, 2025eko Euskaraldia prestatzen hasteko jaia ospatuko da

0
609

Argazkia: MB artxiboa / Kartela eta beheko testua: Arrasateko GEIKE.

Datorren ostiralean, azaroak 29, GOZALDIA ospatuko dugu Arrasaten. Eta zer da, bada, Gozaldia?

Bada, 2025eko maiatzaren 15etik 25ra egingo dugun Euskaraldia prestatzen hasteko jaia!

Seber Altube plazan elkartuko gara, 17:00etan, eta ezin gozoago ekingo diogu jaiari, Txatxilipurdi elkartearekin jolasean eta herriko lau gozogileren pastak dastatzen!

Ondoren, 18:00etan, ekitaldiari ekingo diogu, laugarren Euskaraldiaren berrikuntzak ezagutzeko eta Arrasateko Hamaikakoa osatuko duen taldea aurkezteko. Arrasateko Bertso eskolak eta Anixe musikariak ere parte hartuko dute.

GEIKE osatzen dugun eragileok bertaratzeko deia luzatzen dizuegu Arrasateko euskaldun eta euskaltzaleoi. Euskararen biziberritze prozesuaren kontrako haizeek gogor jotzen duten honetan, inoiz baino gehiago behar ditugu Euskaraldia bezalako ekimenak.

Aurreko edizioan, 2.961 norbanakok eta 186 entitatek eman genuen izena Arrasaten. Batuko ditugu indarrak geroz eta gehiago izateko? Erakutsiko dizkiogu munduari euskaltzaleon grina, batasuna, irudimena eta bizinahia? Jakina, baietz!

Egin dezagun anbizioz, ilusioz eta bizipozez! Nork bere inguruan eraginez, konpromiso indibidual eta kolektiboak hartuz, Gozaldiarekin hasita elkar mugituz… egingo dugu!

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen