Gabonetako programazioa abian da datozen asteetarako [Publierreportajea]

0
551

Arrasateko Udala herriko hainbat eragilerekin elkarlanean aritu da datozen egunetan kultura eta aisialdi ekimenak eskaintzeko

Lehenengo ekitaldia larunbatean izango da, malabaristen eta akrobaten kalejira batekin

Hemen da jada Gabonetako programazioa, eta, horrekin batera, Arrasateko Udalak egunotan martxan jarri dituen hainbat jardueraz gozatzeko aukera, herrian egun horiek igarotzen dituzten herritar guztiei aisialdi eta kultura agenda anitza eskaintzeko asmoz. Agendak musika, kalejira, jolasak eta ikuskizunak biltzen ditu, adin eta gustu guztietarako, eta konpainia onaz eta kalean ondo pasatzeaz gozatzen duten guztientzat dibertimendua agintzen dute.

Agenda joan den asteburuan hasi zen (abenduaren 4an eta 5ean Biteri Plazan), etxeko txikienentzat antolatu zen jolas parkearekin, Atracciones Sanzen eskutik. Haurrek tirolinaz eta koltxonetaz gozatzeko aukera izan zuten, baita plataformetan jolastekoa ere, ingurune seguruan eta gurasoekin batera. Jolas-parkeaz gozatzeko aukerarik izan ez zutenek asteburu honetan eta abenduaren 19an eta abenduaren 28,29 eta 30ean ere gozatu ahal izango dute. Horrela, jolas parkeaz disfrutatzeko aukera izan ez zuten haur guztiek aukera izango dute egun horietan.

Hori ez da, ordea, egunotan abian jarri den ekimen bakarra. Datorren abenduaren 17an ere musikarako tartea egongo da Ibai-Arte eta Arrasate Bluesen eskutik abian jarri den ekimenarekin. Izan ere, egun horretan, 19:00etan, Arrasate Blues 365 eta Williamek kontzertua emango dute, eta haiek arduratuko dira blues eta rock musika kalez kale eramateaz. Izan ere, Arrasate bluesa urtero uztailean egiten den jaialditik haratago doan ekimen bat bihurtzen ari da pixkanaka, eta beste alderdi batzuetara eta urteko beste garai batzuetara zabaltzen ari da, merkataritza bultzatzen eta kaleko musika babesten jarraitzeko helburuarekin.

Abenduaren 16an literatur hitzaldi bat izango da. Zerocalcak ‘Kobane calling’ lana aurkeztuko du Alex Gurrutxagak zuzenduta: “Kobane Calling-en Zerocalcare-ri lagundu genion Turkia, Irak eta Sirian zehar Kurdistango bihotzera egiten zituen bidaietan, gerra handiko guneak zeharkatuz. Egile italiarraren estilo ezaguna eta bere begirada pertsonala Kobane hiriaren inguruan pausatzen dira eta herri kurduak Estatu Islamikoaren aurka duen borroka, albistegietako kronika geldiezinetik urrunduz bineta bakoitza Rojavako zerrendako paisaia natural eta gizatiarrean kokatzeko”.

‘Euskaratik mundura, eta mundutik euskarara’ ikuskizuna ipuin irakurketa musikatua izango da abenduaren 17an arratsaldeko 18.00etan. 5 urtetik gorakoentzat pentsatuta dago eta Ttak! Eta AED erakundeek antolatzen dute.

Egun berean 20:00etan Goikobaluren kontzertu berezia izango da parrokian Harreman GKEaren alde. Kontzertuan GKEari laguntza emango zaio elkartasun-garai hauetan, eta Goikobaluk bere musika eskainiko die bertaratzeko interesa izan dezaketen herritar guztiei.

Gabon hauetako beste musika eskaintza Zahara Galánek abenduaren 20an 19:15ean Herriko Plazan eskainiko duen kontzertua izango da. Zeta talde arrasatearrak (Zahara Galán eta Borja Gomezen arteko elkarketa) martxoan eman zuen lehen kontzertua Gaztetxean. Musika akustikoa jotzen dute, Zahara ahotsean eta Borja gitarrarekin. Bandak (pop-rock doinuetan oso zentratuta dago) orain arte eman dituzten kontzertuekin oso lagundua sentitzen dela adierazi du eta kontzertua abesti intimistez eta beraiek sortutakoez beteta egongo dela hitzeman dute.  Lehen hiru kantuak estudioan grabatu dituzte, eta laster estreinatuko du ‘Tiempos dificiles’ lehen kantua Spotifyn. Martxoan eman zuten lehen kontzertua Gaztetxean, eta Udazabal programaren barruan ere aritu dira.

Zaharak ahotsa jartzen du eta bere senarrak, Borjak, gitarra jotzen du. Zahara abesteaz gain pianoa praktikatzen hasi da, eta beste talde bateko kide ere bada. Hala ere, Covid-aren etorrera dela eta, proiektu hau neurri batean geldituta dago, aldi berean, elkarrekin denbora gehiago igaro zutelako.

Txatxilipurdi Elkarteak azken urteotako ohiturari jarraituz, Jostailu Truke Merkatua egitasmoa martxan jarriko du aste honetan. Etxeko jostailuei bigarren aukera bat eman, kontsumoa murriztu eta trukearen balioa sustatzea du helburu egitasmoak. Edonork parte har dezake eta nahi adina jostailu ekar ditzake, guztiek balio berdina izango dutelarik. Parte hartzaile bakoitzak ekarritako lehen bi jostailuen truke, koloretako bi txartel izango ditu. Gainontzeko jostailuen truke berriz, Txuri- beltzeko txartelak izango ditu. Truke egunean, koloretako txartelak nahi duen orduan aldatzeko aukera egongo da, 11:30-13:30 bitartean. Txuri- beltzeko txartelak aldiz, bigarren orduan bakarrik aldatu ahal izango dira, 12:30-13:30 bitartean.Jostailu guztiak egoera onean eta osorik egon beharko dira. Bestalde, ez dira onartuko indarkeria sustatzen dituztenak ez eta sexu bereizketa egiten dutenak. Jostailuak jasoko diren egun eta guneak hauexek dira:

Horiek ez dira, ordea, bizilagunentzako aisialdirako aukera bakarrak. Olentzeroren (abenduaren 24a) eta Errege Magoen (urtarrilaren 5a) ohiko kabalgatez gain, herrian egun hauek igarotzen dituztenen gozamenerako beste hainbat ekimen daude aurreikusita. Larunbat honetan, abenduak 11, arratsaldeko 17: 00etan, Amaia Antzokian, etxeko txikienentzat pentsatutako antzezlana izango da. Glu Gluk Perez sagutxoaren benetako istorioa taularatuko du: “Urteetan zehar muga, belaunaldi, amets eta burko guztiak gainditu dituen kondaira. Ipuin klasiko gisa, komedia lehenetsiz, beti dantza eta abestiekin jolastuz, alegiazko istorio hau kontatuko dugu. Historiaren erdigunean pertsona ahulenak zainduko dira, hala nola etxeko nagusia edo haurrak”.

Sagu kaxildenseen komunitatea, asmatzaile ospetsuak, pertsonen etxe berri batean kokatuko dira. Etxe berrira iristean, Xurik, bere bi amekin bizi den haurrak, harreman estua izango du Perez saguetan gazteenarekin. Bien arteko adiskidetasuna noten eta gutunen truke bitxi batekin hasiko da, haurraren burkoaren azpian. Xuri gauero iluntasunaren beldur denez, Perez sagutxoa izango da bere ametsen zaindaria.

Goienagusik ere bat egingo du programazioarekin eta datorren abenduaren 13an hitzaldi bat eskainiko du kriptografiaren munduari buruz. Hitzaldia Urko Zurutuzak emango du. Informatikan doktorea da eta zibersegurtasunean aditua Mondragon Unibertsitatean. Hitzaldia Goienagusiren hamargarren urteurrena ospatuko den aste berean izango da.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen