Ez Donk Amaituk, Arrasateko 80ak islatzeko erakusketa, kontzertua, bisitak,… antolatu ditu

1
3321

Egitasmo arrasatearrak Biona taberna ohian egin du aurkezpena. Bertara bisitak egingo dira, ‘klaustroetan’ erakusketa bat irekiko da, Amaian mahai-inguruak egingo dira, Gaztetxean kontzertuak ospatuko dira,…

Argazki zaharrak: Bionako lagunak / Kartela: Ez Donk Amaitu.

Txerra Bolinagak, besteak beste, RIPeko bateria-joleak, gogora ekarri du RIPen inguruko kontzertuak egin izan direla bi urtean behin “RIPeko taldekide ohien eta bidean galdutako zenbait lagunen omenez”.

Orain arteko azkena 2018an izan zen, eta Txerra Bolinagak azaldu du “2020an ohartu nintzela RIPen sorreraren 40. urteurrena zela. Lehenengo Doble Cero izan zena”.

“Aitzakia horrekin, eta RIPen inguruko zerbait berezia egin ordez, 80. hamarkadako giroa, taldeak,… islatzea proposatu nien lagunei. Punkak Arrasaten jarraitu egiten du”.

Txerraren proposatu zuen “kontzertuaz gain, erakusketak antolatzea, filmak pantailaratzea ,… Alabaina, sindemia etorri zen “eta dena baldintzatu zuen, beraz 2020an ezin egin”.

Hala ere, Ez Donk Amaitu taldeko kideek sindemian “antolaketan jarraitu genuen, eta esfortzu berezia erakusketan jarri genuen, egingarria baitzen.

Taldeak marka bat sortu zuen: “Ez Donk Amaitu, ez nostalgiatik hitz egiteko. Ni orainean bizi naiz, orainean bizi nahi dugu, eta garai hartaz ikastea du helburu”.

Bide honetan, “Mondrauen punkak baditu izena, izana, jatorria eta etorkizuna”. Egitasmoko Edurne Landaluzek gehitu du “Txerraren proposamena onartu genuen, eta pentsatu genuen 80etako testuingurua eta gizartea nolakoak ziren adieraztea”.

Hamarkada “nahiko berezia izan zen, eta hori dena erakusketa batean azaltzea erabaki genuen. Horretarako, sasoiko prentsa, udal-artxiboa, tokiko bildumak, Jose Letonaren bilduma, lagunen eta ingurukoen argazki-bildumak,… arakatzen hasi ginen”.

Erakusketarekin “ahaleginduko gara 80etako arlo garrantzitsuenak islatzen. Horretan jardutean konturatu gara egun ditugun lorpen asko 80. hamarkadan oinarrituta daudela”.

Klaustroetan egongo den “erakusketa aitortza bat izango da garai hartan aurrerapausoak lortzeko bidean jardun zutenei. Eraskusketaren izena ’80ko urtiek Mondrauen’ da”.

Kalistroetan bertan egongo da ikusgai, eta inaugurazioa urriaren 28an izango da, eguena, arratsaldeko 19:00etan. Zabalik izango da azaroaren 27ra arte.

Bertan ikusgai izango dira “flyerrak, kartelak, sarrerak, argazkiak, prentsako argitalpenak eta beste bitxikeria batzuk”.

Honekin batera “Udal-Bibliotekako langileek gurekin bat egin dute; punkaren eta 80. hamarkadaren inguruko liburuak bildu dituzte, eta eskura jarri dituzte liburutegiaren fonoteka sailean”.

Iker Barandiaranek ere azaldu du “Ez Donk Amaituren jatorrian musikak garrantzi handia du, prentsaurrekora etorri diren beste lagunek erakusten duten bezala. Erakusketan ere pisu nabarmena izango du, baina 80. hamarkadako Arrasate zentzu askotan islatuko du”.

Iker Barandiaranek azaldu du, antolaketa lan ugarien artean, “garai hartako Arrasateko zuzeneko musika taldeak bilatzen jardun dugu. 28 talde inguru zenbatu ditugu, eta ahalegindu gara horien guztien argazkiak eta kantuak lortzen”.

“Talde guztienak lortzea ez da posible izan, baina bai kopuru dezente batena. Hala, erakusketan horietako askok ikus-entzuteko aukera izango da”.

Horrez gain, azaroan zehar 4 dokumental emanaldi egingo dituzte Amaia Antzokian. “Askotan punk mugimendua krestekin eta jarrera zehatz batzuekin lotu izan da, baina Ez Donk Amaituko kideon ustez, punka hori baino askoz zabalagoa da”.

Hori dokumentalen aukeraketan islatzen ahalegindu da, eta dokumentalen emanaldiak Amaia Antzokian izango dira:

  • Stiv Bators: “musikari amerikar hau Arrasaten izan zen, eta talde handietan parte hartu zuen: New Church, Dead Boys,… Dokumentalak atzerriko musika eszena asko islatzen du”. Emanaldia azaroaren 9an izango da.
  • White Riot: “Ingalaterran arrazakeriaren aurkako mugimenduari buruzkoa da, eta gaurkotasunezko gaia da, orain gutxi Voxekoak hemen egon baitziren. Eskuina gero eta indar handiagoa hartzen ari da, eta nola jokatu horren aurrean”. Azaroaren 16an.
  • The Allins: “Musikari amerikar baten inguruko dokumenatala, oso polemikoa, eta bere amak kontatzen du. Nolabait hainbat punkiren amen omenezkoa da”. Azaroaren 23an.
  • Queercore: “Kanadan eta Estatu Batuetan egindako dokumentala da, gay eta lesbianen mugimendua punk eta hardcorean”. Azaroaren 30ean.

Gaztetxean ‘Good vibrations’ filma pantailaratuko da, “Ipar Irlandako punkaren eztandaren ingurukoa”.

Kulturateko areto nagusian, 3 mahai-inguru egingo dira, musikarekin lotuta: “80. hamarkadatik abiatuta, gaur egunerantz”:

  • ‘Rocka eta Euskera, zozoak beleari ipurbeltz’: Hertzainak taldeko Josu Zabala, Euskal Idazleen Elkarteko lehendakaria Garbiñe Ubeda, eta Belako taldeko gitarrista Josu Ximun arituko dira. Azaroaren 10ean.
  • ‘Rocka eta Feminismoa, zertan egin dugu aurrera 80 hamarkadatik’. “Punk inklusiboa zen eta feminismoak bazuen lekua, edo ez?”. Itziar Ziga idazle oso polemikoa, Emagin-eko kide eta kontzertu antolatzaile Miren Aranguren, eta maskulinitatearen inguruko tesia egin duen Jokin Azpiazu soziologoa arituko dira. Azaroaren 17an.
  • ‘Rokanrola drogie donk’: “Lazkao Txiki bertsolariaren ateraldi batetik abiatuta (“Ingelesa, rokanrola eta hori danoi drogie donk”) 80ko pasarteak azalduko dira”. Gregorio Galvez Radio Popularreko irrati esatari jubilatua, Aurora Beltran Taures Zurdoseko front-womana, eta Gotzon Hermosilla idazle eta kazetari barakaldoarra (punka eta hardcore sakon ikertu dituena) arituko dira. Azaroaren 24ean.

Zuzeneko musika ez da faltako, Gaztetxean bertan: Perlata eta Zero. “Zero Txerraren proiektu berrienetako bat da, eta orainean bizi denez, gutxienez bi talde ditu egun”.

Ez Donk Amaituk elkarlan “oso polita egin dugu elkarte eta talde askorekin, baina Udal-liburutegiarekin egindakoa nabarmentzekoa da, asko inplikatu baitira, eta gida bat egitekoak dira”.

Prentsaurrekoa Biona taberna ohian egitearen arrazoia da “sorpresa-efektua egitea, eta momentuz taberna izango ez den arren, azaroaren 12, 13 eta 14an bisitak egingo ditugu Bionan. Ordu erdiko iraupena izango dute, eta horretarako izena eman beharko da Kulturateko erakusketan”.

Izan ere, “jendeak Biona maite zuen, eta guk islatzen dugun 80ko hamarkada ondo islatzen du. Gainera, RIPek lotura handia dauka Bionarekin”.

Horretarako, lokaleko “jabeek onartu dute”, eta egitasmoko kideek “azken astean lokala goitik behera garbitzen ibili gara”.

Bisitetarako, Bionako hormetan lokaleko eta Arrasateko “argazki ugarirekin dekoratuko dugu”.

Egitasmoak eskerrak adierazi dizkie “Arrasateko Udalari eta bereziki Udaleko Kultura Sailari, batez ere Jon Garairi, finantzazioan eta lan batzukin lagundu digutelako. Autofinantzaziorako kamisetak atera ditugu”.

Eskerrak agertu dizkiote ere “Gaztetxeari pandemiaren hasieratik bilerak egiteko aukera eman digulako”.

Iruzkin 1

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen