Berrerabili 1. Azokatxoa ospatu da Euskaraldian HHI-EPAk antolatuta

0
450

Bigarren eskuko merkatu txikiak helburu bikoitza izan du: “ikasleek euskara eskolatik kanpo ere praktikatzea” eta “berrerabilera sustatzea”. Bertan eskaintza zabala izan da: arropa, poltsak, liburuak,…

Euskaraldiaren baitan, Arrasateko HHI-EPA Helduen Eskolako hainbat ikasle eta irakaslek lehenbiziko azokatxoa antolatu eta ospatu dute.

Berrerabili izeneko 2. eskuko merkatu txiki hau gaur 11:00etatik 14:00etara ospatu dute, eskolako sarreran, eta helburu bikoitza izan da: “Euskara beste kontestu batean praktikatzea, eta aldi berean, berrerabileraren kontzientzia sustatzea”.

Ikasleek oraingoz “euskara maila apala daukate, baina ‘txuletatxo’ bat daukate lagungarri, azoketan erabili ohi diren euskarazko hitzekin, adibidez: zenbakiak, ‘zenbat da?’,…”.

Horrela “euskara ez dugu arlo akademikora mugatzen” azaldu digu Miren Bengoa irakasleak, “eta klasetik kanpo ere praktikatzen dute”. Azokatxoak ere beste xede bat izan du:

“Berrerabileraren garrantziaz ohartaraztea eta berau sustatzea”. Horrela, eskaintza polita eskaini da bertan: “Poltsak, kapelak, lepokoak, mantak, jertseak, prakak, zapatak, zapatilak, berokiak, liburuak, CDak, puzzleak,… eskiatzeko mono bat eta-guzti”.

Hau da, “denetik apur bat, norberari egokia iruditu zaiona, etxean soberan zuena”. Ekimen honen xedea “ez da etekin ekonomikoa ateratzea, baina kontuan hartzekoa da salerosketa kopuru polita izan dela. Baita ere ikasleek boluntarioki azokaren muntaketan, prezioak zehazten eta salmentan parte hartu dutela”.

“Salneurri apalak izan dira, eta jasoko diru kopuruarekin momentuz ez dugu erabaki nora zuzenduko dugun. HHI-EPAk baloratu du “ideia oso ona dela, parte-hartzaileak pozik dabiltzala eta elkartrukatzeko aukera ona dela”.

Lehenbiziko urtea da eta espero dugu aurrerantzean sarriagotan egitea”. Zorionak HHI-EPAko lagunak! Aurrera!

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen