Enpresek Euskaraldian Ariguneak izateko izena emateko epea zabalik dute

0
900

Euskaraldiaren hirugarren edizioa gerturatzen ari delarik, Arrasateko industria eta zerbitzu enpresei zuzendutako saio bat egin dute Kulturaten, AED bidelagun. Aitzol Illarramendiren gidaritzapean, 25 bat enpresatako ordezkariak bildu dira Euskaraldian nola parte har dezaketen jakiteko, eta iaz parte hartu zuten enpresa batzuen kasuan, gainerakoekin azken edizioan bizitako esperientzia partekatzeko.

Euskaraldiaren bigarren edizioan, 2020an, enpresek erakunde gisa parte hartu ahal izan zuten lehen urtea izan zen, Ariguneak bilakatuz. Edizio horretan 180 enpresa batu ziren ekimenera.

Duela bi urteko edizioan bezala, denetariko entitateek parte hartzeko aukera izango dute 2022ko azaroaren 18tik abenduaren 2ra egingo den ariketa sozialean. Euskaraldia aukerako abagunea izan daiteke enpresatan euskararen erabilera sustatzeari ekiteko. Aurkezpenean EKIDE enpresako pertsonetako arduraduna eta euskara koordinatzailea den Maria Esquirozek duela bi urteko Euskaraldirako nola prestatu ziren kontatu zuen.

Ondoren, Itxaro Artola AEDko kideak Arigunea izateko jarraitu beharreko prozesua azaldu du. Prozesu horrek 7 urrats ditu:

1. EUSKARALDIAREN PROPOSAMENA AZTERTU ETA ZUZENDARITZAN PROZESUAN SARTZEKO ERABAKIA HARTU

Behin ekimenaren berri izanda, zuzendaritza edo arduradunen lana izango da Euskaraldiak egiten duen proposamena aztertzea. Ekimenean parte hartu ala ez erabakitzerako orduan, zenbait baldintza hartu beharko dituzte kontuan: entitatean ariketa egiteko baliabideak ipini eta arduraduna(k) izendatu beharra, eman beharreko urratsak jarraitzea, autonomiaz aritzea laguntza-tresnak baliatuta, ekimenaren denboretara egokitu beharra eta, batez ere, entitatean hizkuntza-ohitura berriak finkatzeko prestasuna izatea.

2. ARIGUNE IZAN DAITEZKEEN TALDEAK IDENTIFIKATU

Entitatearen zuzendaritzak proposamena onartu eta aurrera egitea erabakitzen badu, lehenengo zeregina entitatean arigune izateko baldintzak dituen talderik ote dagoen aztertzea izango da.

Ariguneetan gutxieneko baldintza da bertako kide guztiek euskara ulertzea; hortaz, entitatean dauden taldeak (barnekoak eta kanpo-harremanetakoak) identifikatu, eta horietan dauden kideek ulertzen duten aztertu beharko du arduradunak.

Ba al dago kide guztiek euskara ulertzen duten talderik gure entitatean?
Herritarrekin harremanetan dauden kideekin bermatu ahal dugu euskarazko arreta uneoro?

Azterketa hori errazteko, arigune posibleak identifikatzeko tresna erabili ahalko dute entitatearen arduradunek. Horren bidez entitate barruan euskara ulertzeko gai diren kideak identifikatu eta entitate barruan non kokatzen diren ikusiko duenez, arduradunak entitatean, edo zenbait ataletan, ariguneak sortu eta hizkuntza-ohiturak aldatzeko aukera errealak ezagutuko ditu.

3. ARIGUNE IZATEA ADOSTU

Behin balizko ariguneak identifikatuta, zuzendaritzak proposamena egingo die, eta entitateko edo ataleko kideek baloratuko dute. Ulermenaren baldintza betetzen duten taldeei edota harrerako kideei proposatuko zaie, ez entitateko kide guztiei, denek ulertzen ez badute.
Taldeko edo harrerako kideek proposamena egoki ikusten badute, hau da, Euskaraldiak proposatutako ariketa egiteko prest badaude, ariketan arigune moduan parte hartzea adostuko dute.

Prest al gaude 15 egunez Euskaraldian ahobizi edo belarriprest moduan parte hartu eta taldean gure hizkuntza-ohiturak euskararen mesedetan aldatzeko?

edo

Euskaraldiak iraungo duen bitartean bermatu al dezakegu gutxienez ahobizi edo belarriprest bat prest egongo dela uneoro herritarrei erantzuteko?

Taldearen adostasuna lortzeko, erabaki kualifikatua proposatzen da; hau da, kide guztien %80k, gutxienez, onartu beharko du Euskaraldian arigune gisa, modu kolektiboan, parte hartzea, nork bere tipologia, belarriprest ala ahobizi, aukeratuta.
Entitateak parte hartzea berretsi edo lehenengoz izena ematen duen egunetik aurrera egin ahalko dute gauza bera ariguneetako kideek.

Kontuan hartzekoak:

  1. Arigunea osatzen duten kideen erabaki pertsonala izango da ariketan parte hartzea.
  2. Pertsona bakoitzak erabakiko du arigunearen barruan ahobizi edo belarriprest izango den. Aukeraketa egitean kontuan izan beharko du rol bera izango duela entitate barruan zein kanpoan Euskaraldiak irauten duen bitartean.
  3. Adostasuna ahalik eta modu esplizituenean jasotzea komeni da. Ariguneetan ariketa taldean egingo den arren, erabaki pertsonala izango da ariketan parte hartzea. Guztien iritzia jaso dela egiaztatu behar da, beraz.
4. DATUAK EGUNERATUZ BERRETSI EDO IZENA EMANGO DU ENTITATEAK

Euskaraldiaren bigarren edizioan izena eman zuten entitateek orduan sorturiko izen-emate fitxa aurtengo datuekin eguneratu beharko dute: arigune kopurua, horietako kide kopurua, entitatearen kontaktua… Lehenengo aldiz parte hartuko dutenek, ordea, izena eman beharko dute. Hori egindakoan intraneterako sarbidea eskuratuko dute, eta horrek, besteak beste, izen-emate fitxategiaren datuak aldatzeko aukera emango die.

Baldintzak betetzen ez dituztenek -kide guztiek euskaraz ulertzen duten talderik ez dagoelako edo kideen adostasunik ez dagoelako- ezingo dute, entitate moduan, ariketan izena eman. Hala ere, entitateko kideei norbanako gisa ariketa egitera animatu, babesa adierazi eta entitateko hizkuntza-ohiturak aldatzeko bestelako urratsak eman ahal dituzte.

5. NEURRIAK HARTU HIZKUNTZA-OHITUREN ALDAKETA ETA ARIKETA GAUZATZEA POSIBLE IZAN DAITEZEN

Behin datuak eguneratuta edo lehenengoz izena emanda, ariketa posible izan dadin neurriak hartuko ditu entitateak:

  • Euskaraldian parte hartuko duela eta ekimena zertan datzan jakinaraztea entitateko kide guztiei, parte nola har dezaketen azalduta.
  • Parte hartuko duten kideei -ariguneetakoei zein horietatik kanpokoei- ariketara begira prestatzeko tresnak eskura jartzea. Prestakuntza hori hainbat bidetatik egin ahal izango da: aurrez aurreko tailerrak, entsegu praktikak, bideo pilulak, gomendio-eskuorriak eta abar. Entitateak erabakiko du modua.
  • Ariguneak identifikatzea. Talde moduan parte hartzea erabaki duten kideez gain, horiek erabili ohi duten espazioa ere ariguneen logoarekin identifikatzea.

Bestalde, entitateko hizkuntza-ohiturak aldatu eta euskarazko praktikak bultzatzeko, bestelako neurriak har ditzake entitateak.

6. ARIKETA SOZIALA EGINGO DUTE ENTITATEKO KIDEEK

Parte hartzaileek, ahobizi eta belarriprest gisa, hizkuntza-ohiturak euskaratzeko praktika kontzientea egingo dute. Ahobiziek euskaraz egingo dute euskara ulertzen duten kide guztiekin. Belarriprestek aldiro erabakiko dute zein hizkuntza erabili, eta haiekin euskaraz egiteko eskatuko diete dakitenei.

Izendatutako ariguneetan (kide guztiek euskara ulertzen dutenetan), kideek eta taldeak hartu duten erabakia praktikatara eramango dute ariketak irauten duen bitartean. Euskara izango da lehentasunezko hizkuntza. Elkarrizketa elebidunak gerta daitezen eta euskaraz egin nahi dutenek taldearen babesa eta, ondorioz, erosotasuna sentituko dituzte.

7. ARIKETAREN BALORAZIOA EGINGO DA ENTITATEAN, AURRERA BEGIRA JARRITA

Ariketa sozialaren eta ekimenaren prozesu osoaren balorazioa egingo da entitatean. Balorazioa egiteko gida proposamena jarriko da entitateen eskura.

Azkenik, ekimeneko prozesuan hartutako neurririk mantendu daitekeen aztertuko dute zuzendaritzak, arduradunek edota kideek hizkuntza-praktika berriak aurrerantzean ere posible izan daitezen.

IZEN EMATEA

Norbanakorentzat irailaren 28ra arte izena emateko epea irekiko ez bada ere, Ahobizi edo Belarriprest izateko, enpresen kasuan dagoeneko izen ematea zabalik dago. Azken Euskaraldian parte hartu zutenek datuak eguneratu besterik ez dute egin beharko.

Izen ematea

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen