Ekin Emakumeak elkarteak 30. urteurrena ospatuko du

0
738

Testua: Ekin Emakumeak.

Ekin Emakumeak, urteetan zehar, AED elkartearen baitako (Arrasate Euskaldun Dezagun, 1983) lantalde bat zen. Talde horretan emakumeontzako aisialdi euskalduna sustatzen jardun ondoren, 1995ean elkarte gisa eratu zen, ordura arteko helburuei eraginkortasun handiagoz erantzun ahal izateko. Hasieratik kontziente izan ziren emakume eta, gainera, euskaldun izateak eskubideen urraketa bikoitza eragiten ziela. Hau gainditzeko grina horretatik abiatu zen arlo honetan esku-hartzeko beharra.

Denborarekin, eta herriko errealitatea aldatzen joan den neurrian, kultura-aniztasunari erantzun bat emateko beharra ere ikusi zen. Horrela, hainbat jatorritako emakumeen behar eta interesetara zabaldu zen esku-hartze esparrua. 

Gaur egun, pertsona guztion arteko aukera berdintasuna eta kultur arteko elkarbizitza ditu helburu; eta Euskara da bere jarduna gauzatzeko erabiltzen duen kohesiorako tresna. Ekin Emakumeak Elkarteak, beraz, hiru ardatz jorratzen ditu: euskara, emakumea eta aniztasuna. 

Aurten erronka polita daukagu Elkartearen 30. urteurrena antolatzeko nahiarekin. 2020an ezin izan genuen 25. urtea ospatu Pandemia garaiarekin bat egin zuelako eta ezinezkoa zelako ekonomikoki zein teknikoki ezer egitea. Hori dela eta, hurrengo urtean indar gehiagorekin egitea nahiko genuke.

Hau guztia aurrera eramateko elkarteko ohiko langileez gain, Laura Bueno Rodriguez eta Oihane Pildain Etxaniz, Ainara Alkorta Abaurrea izango dugu urteurreneko kontuekin lanean. Horretaz gain, elkarteko zuzendaritza batzordea eta urteurrenerako espresuki sortutako talde motorra izango ditugu gure lana babesten. Argi dago, talde lanari esker lortzen dugula Ekin Emakumeak-en urteko zein egunerokotasuneko eskakizunei aurre egitea

Hau horrela, elkartearen urteurrenean, hiru lan ildo zabalduko ditugu: Euskara eta aniztasuna; emakumea eta feminismoa; eta memoria historikoa.

Urteurrena ospatzea eta ekintzak gauzatzea oso garrantzitsua da Ekinentzat. Are gehiago, gu bezalako elkarte txiki batentzat. Izan ere, urteurrena ospatzearekin batera, hainbat dira eskaintzen zaizkigun aukerak: jardueren bitartez elkartera pertsona gehiago gerturatzea, ikusgarritasun gehiago lortzea, burutzen diren ekimenen bitartez gure lan ildoen inguruan hausnarketarako espazioa zabaltzea eta elkartearen parte izan diren pertsona guztiei aitortza bat egitea.

Lanketa hauek guztiak martxan jartzeko hainbat ekintza antolatuko ditugu, urte guztian zehar pilula moduan eskainiko direnak. Honi guztiari hasiera eman ahal izateko lelo lehiaketa jarriko dugu martxan. Lelo lehiaketa hau ostiralean zabalduko dugu eta bi astez egongo da parte hartzeko aukera. Parte hartzeko bidali mezu bat gure WhatsApp, Instagram edo E-mailera. Animatu parte hartzera!

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen