EH Bilduk eskualdeko autobus zerbitzuaren arazoei irtenbidea ematea eskatu du

2
582

Testua eta argazkia: EH Bildu Debagoiena

Debagoieneko EH Bildu konponbideak eskatu ditu gaur egun autobus zerbitzuek duten arazoak konpontzeko. Halaber, koalizioak udazkenean Aldundiarekin egindako bilera gogora ekarri eta oraindik arazoa konpondu gabe daudela gogorarazi du.

Zentzu horretan, estrategikotzat jo du EH Bilduk eskualdeko mugikortasuna eta garraio publikoa. Honen eskumena Gipuzkoako Foru Aldundiarena denez, datozen asteetan erakunde publikoarekin berriz ere bilduko dela iragarri du. Bilera horretan koalizioarentzat lehentasunak diren urgentziak mahaigaineratuko dituela iragarri du, besteak beste, linea eta maiztasun gehiago, ordutegiak hobetzea, puntualtasuna bermatzea, informazio handiagoa izatea eta segurtasun arazoei aurre egitea, bai langile eta baita erabiltzaileena.

Prestutasun osoa elkarlanerako

Oraindik adostasunik lortu ez badute ere, Debagoieneko EH Bilduk “prestutasun osoa” adierazi du “urgentziazkoa den afera honi irtenbidea emateko”.

“Azpimarratu nahi dugu, momentu jakin batean, gu prest egon gaitezkeela udaletan ditugun baliabideak mugikortasunean ditugun beharrei erantzuteko, beste momentu batzuetan ere egin izan dugun bezala gure eskumenekoak ez ziren gaietan, herritarren ongizatea bermatzeko helburuarekin. Baina, uste dugu instituzio bakoitzak bere eskumenekoak diren gaietan erantzun behar duela, eta lehenik eta behin Foru Aldundiari arduraz jokatzeko eskatzen diogu, kasu honetan, autobus zerbitzuan beharrezkoak diren inbertsioak burutuz”.

Autobus zerbitzu publikoa estrategikoa

Autobus zerbitzu publikoaren gaia urgentetzat jotzeaz gain, gaia estrategikotzat ere jo dute. “Eskualdeko milaka herritarrek erabiltzeaz gain, eta trantsizio ekosoziala beharrezkoa den une honetan, garraio publikoa indartzea estrategikoa da. Horregatik, konpromisoa hartzen dugu epe luzera begirako bestelako mugikortasun eredu bat marrazteko eskualdeko eragile eta norbanakoekin elkarlanean”.

Zentzu horretan, atzo onartu zen Gipuzkoako Batzar Nagusietan, EH Bilduren ekimenez, GFAri eskatzea martxoaren 29ko 1/2011 Foru Arauaren Bigarren Xedapen gehigarria urgentziaz bete eta aurkez dezala, gehienez ere sei hilabeteko epean.

“1/2011 Foru Arauan dioen bezala, bidesarietatik lortzen den zati bat garraio iraunkorraren finantzaketara bideratu behar da. Ingurumen inpaktua txikiagoa izatea lortzen laguntzen duten garraio bideak eta azpiegiturak ordaindu beharko ditu”, adierazi dute koalizioko iturriek. “Lortutako diru sarrerak mugikortasun iraunkorreko politika publikoak finantzatzera eta horien helburuak lortzera bideratu behar dira, hala nola, garraio publikoen ustiaketaren defizitak finantzatzea eta modu iraunkorrenak (errepidetako garraio publikoa edo eta trena) sustatzea”.

2 IRUZKIN

  1. Ondo dau gai hauek guztiak ataratia ze egixa da arazo asko daukola bus zerbitzuak ta hobetzeko aukerak dazela. Aldi berean, guk konpondu dezakeguna zera da, biher dan moduko geltoki bat eukittia erdialdean. Oin dala bi urte ta erdi komentatu zien gauza asko batzun eta beste batzun aldetik, baina behin behineko ospitaleko geltokia, behin betiko bihurtuko delakoan nau.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen