EAJk patineteen inguruko neurriak eskatu ditu, Udal-gobernuak araudia egiteko zirriborroa eskatua du

1
2898

EAJ-PNVek gaur adierazi duenez, patineteen inguruko “kezka maila larrira iritsi da”, “batez ere larunbatean, urriaren 11n, gertatutako ezbehar tragiko baten ondoren, non txakur bat hil zen ibilgailu horietako batek harrapatuta”. EAJ-PNVek urriaren 7ko Udalbatzarrean patineteen inguruan galdetu zion Udal-gobernuari, eta Udal-gobernuak bertan gogora ekarri zion, besteak beste, patineteen erabilera arautzeko abian dela Mugikortasun Plana egiteko prozesua.

Jeltzaleek gaur, urriaren 16an, hiru proposamen egin dituzte “herritarren segurtasuna bermatzeko helburuarekin”:

  1. “Polizia-kontrola: eskatzen da Udaltzaingoak egunero kontrolak egin ditzala hurrengo hiru hilabeteetan, baimendu gabeko eremuetan dabiltzan patinete elektrikoen erabiltzaileak identifikatu eta zigortzeko”.
  2. “Informazioa ikusgarri: informazio kartelak jartzea herriko puntu garrantzitsuetan, bereziki hirigune historikoan, gogoraraziz patinete elektrikoak ez direla erabili behar oinezkoen eremuetan”.
  3. “Behin betiko erregulazioa: patinete elektrikoen erabilera arautuko duen ordenantza espezifiko bat garatzea, datorren urtearen hasieran onartu eta berehala martxan jartzeko helburuarekin”.

Ander Garay EAJko bozeramaileak azaldu duenez, “premiazkoa da EH Bilduk eta Elkarrekin Arrasatek esku hartzea auzian, istripu edo egoera arriskutsu gehiago gerta ez daitezen. Auzokide ugarik adierazi digute kezka, eta azkar jokatu behar dugu”.

EAJ-PNVek urriaren 7ko plenoan galdetu zuen ea Udal-gobernuak patineteen inguruko ordenantza egiteko asmorik bazuen.

Udal-Gobernuak bertan gogora ekarri zion Mugikortasun Planaren baitan jada aurreikusita dagoela trafiko ordenantza berri bat idaztea, eta horren baitan patinete elektrikoen erabilera ere arautzea.

Garazi Etxeberria San Miguelek, Hirigintza, Mugikortasun eta Trantsizio Ekologikorako zinegotziak adierazi zion Mugikortasun Planerako “lehen zirriborro teknikoa eskatuta dagoela”.

Jasangarritasun plan berriak ibilgailuen erabilera arautu egingo du, patinete elektrikoena barne.

Iruzkin 1

  1. Horrela ez dugu segurtasunik! Zeozer egin behar da. Aih, nire txakurtxoa zen. Baina beste baten semea, alaba, aita edo ama… izan zitekeen.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen