Bertso saio ederra, astelehen goizean, Kulturaten

0
467

Testua eta argazkiak: Goienagusitik.

Maiatzaren 20an, astelehena, goizeko 10:00-etan, BERTSO-SAIO polit askoa izango da Arrasateko Kulturaten, Goienagusik antolatuta.

Aroa Arrizubieta (Gasteiz), Manex Agirre (Aramaixo), Ane Zuazubiskar (Arrasate) eta Aitor Tatiegi (Oñati) izango dira parte hartuko duten bertsolariak. Gai jartzailea Xabier Ormaetxea (Aretxabaleta) izango da.

Saio honetan, era atsegin eta entretenigarrian, lau bertsolari gazte esanguratsuok bertsoak inprobisatzeko eta kantatzeko duten artea bertatik bertara ezagutzeko aukera izango dugu, aurkezleak emandako gai ezberdin eta anitzak jorratzen dituzten bitartean.

BERTSOLARIAK

Aroa Arrizubieta (Gasteiz, 2001)). Gasteizko Armentia ikastolan, bertsolaritza ikasgaian bertsozaletu zen, Uxue Diaz de Cerio irakasle izanik. Bertako Bertxilika bertso-eskolan hasi zen, Maddi Gallastegi irakasle. 2013ko eskolarteko topaketan partu hartu zuen. 2016, 2017 eta 2019an Arabako Eskolartekoa irabazi zuen. 2017an Euskal Herriko Eskolartekoa irabazten duen lehenengo arabarra izan zen. 2019an parte hartu zuen lehen aldiz Arabako Bertsolari Txapelketan eta finalista izan zen. 2024an Arabako Bertsolari Txapelduna izan da.

Manex Agirre (Aramaixo, 1982). 2000an, Arabako Eskolarteko Txapelketan txapeldun. 2010, 2018 eta 2020ko Arabako Kuadrilla arteko Bertso Txapelketan talde irabazleko kide izan da. 2011 eta 2015eko Arabako Bertsolari Txapelketetan txapeldun. 2024ko Arabako Bertsolari Txapelketan txapeldun-orde. Euskal Herriko 2013ko Txapelketa Nagusian parte hartu zuen. Hala Bedi irrati libreko Bertxoko irratsaioan ibilitakoa eta Bertxoko sariketa antolatzailea izan da. Arabako Bertsozale Elkarteko komunikazio arduraduna eta zuzendaritza kidea izan zen 2013ra arte. Plazaz plaza dihardu.

Ane Zuazubiskar (Arrasate, 1997). Zortzi urte zituenean hasi zen Arrasateko bertso-eskolan, Patxi Goikoleak eta Haur Hezkuntzako irakasle batek bultzatuta. Egun, Aramaioko bertso eskolako kide da, eta irakasle lanetan ari da Aretxabaletako Lekaixoka bertso-eskolan. Ikus-entzunezko Komunikazioko ikasketak ditu, eta Berria egunkarian eta Euskadi Irratian aritu izan da kazetari moduan. 2015eko Gipuzkoako Txapelketa izan zen parte hartu zuen lehena. 2022 urtean Osinalde sariketa irabazi zuen. Aurten Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan parte hartuko du. 

Aitor Tatiegi (Oñati, 2001). 2010ean hasi zen Oñatiko Txinparta bertso eskolan. Hainbat eskolarteko txapelketetan kantatua, 2019an Gipuzkoako eskolarteko txapelketako txapelduna izan zen. Geroztik hainbat sariketetan parte hartu du. Berriki, bigarren izan da Osinalde sariketan. Bigarren egiteaz gain, entzuleen eta bertsorik onenaren saria ere eskuratu zuen. 2024 Gipuzkoa Bertsotan parte hartuko du.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen