Aurten ekitaldi berean ospatu dira Nagusien Bazkaria eta Bazkari Herrikoia, Jai Batzordeak antolatuta. Makatzenako frontoiko bazkalostean mariatxiak ere izan dira.

Antolakuntza berri batek prestatu ditu aurtengo jaiak, eta nobedadeetako bat izan da belaunaldiarteko ekitaldi hau.

‘Maka’ra igotzeko txu-txu trena erabilgai izan zen atzo eguerdian, eta lagun asko elkartu ziren bazkarian jai giroan.

Adin ezberdinetako pertsonen artean Maider Morras Azpiazu Arrasateko alkatea eta Joseba Ezpeleta Irizar zinegotzia izan ziren, biek ala biek auzo honekin lotura izanda.

Izan ere, egungo alkateak jasotako heziketaren parte bat bertan jaso zuen, izebaren etxebizitzan. Era berean, Euskara zinegotzia eta Ogasun zinegotzia urte ugaritan bertan bizitakoa da.

Catering zerbitzuaz gain, barra bat egon zen frontoian edariak bertan erosi ahal izateko. Bazkalostean ‘Dominguez’ mariatxiak izan ziren, eta ‘Los Morotes’ txarangako bi musikari eurekin abesti bat jotzera animatu ziren.















