Testua eta argazkia: Ekin Emakumeak.
Herritarrak, aniztasuna eta euskara oinarrian dituen egitasmoa da Auzoko. Helburu nagusia, euskal hiztunen laguntzarekin, herrira iritsi berriek edota euskaratik urrun bizi direnek, euskarara gerturatzeko lehen pausoak ematea da. Horretarako gure herriko hizkuntza aniztasuna ezagutarazi eta jatorri ezberdinetako herritarrak harremanetan jartzen ditu proiektuak.
Astean behin biltzen da taldea Ekin Emakumeak elkartearen egoitzan, ostegun goizetan, 10:30ean, ordu eta erdiz, dinamika ezberdinen bidez euskarazko oinarrizko hitzak ikasi eta elkar ezagutzeko. Aurten, urriaren 18an hasiko gara elkartzen.
Herritar guztioi zabalik dagoen taldea da; euskarara gerturatu nahi dutenak eta horiei bidean laguntzeko prest daudenak, guztiak garelako beharrezkoak herriko komunikazio eta kohesio hizkuntza euskara izateko.
Bertan itxaroten zaituztegu!