Goienagusik antolatutako hitzaldi zikloaren barruan, astelehenean, urriak 24, Asier Blasek ‘Gerra eta errusiar inbasioa Ukranian: zer gertatzen ari da?’ hitzaldia eskainiko du. Hitzaldia goizeko 10:00etan izango da Kulturateko areto nagusian.
Testua: Goienagusi.
Asier Blas Mendoza (1977) Politika eta Administrazio Zientzia saileko irakaslea da UPV/EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien fakultatean. Politika Konparatua, Munduko Sistema Politikoak, Geopolitika, Nazioarteko Harremanak eta Herritar Partaidetza irakasten ditu. Parte Hartuz ikerketa taldeko kidea da eta Geopolitikaz ikerketa taldeko zuzendaria. Bere ikerketalerro nagusiak dira demokrazia ereduak, nazio aniztasuneko egokitzapen politikak, nazioarteko politika eta berrikuntza demokratikoak. 2012an “Manuel Giménez Abad” X. saria irabazi zuen “Modelos de democracia en las comunidades autónomas españolas” lanagatik. Hamarnaka lan akademiko argitaratu ditu. Esparru akademikotik kanpo hedabide desberdinekin kolaboratzen du maiz eta ohikoa da bere partaidetza Euskal Irrati Telebistan (EITBn) eta Argia aldizkarian.
HITZALDIA: ’Gerra eta errusiar inbasioa Ukrainan: zer gertatzen ari da?’
Ukrainako gerran elkar konektatuta dauden hiru gatazka autonomo daude, hiru panpina dituen matrioxka bat bezala da. Lehena, txikiena, ukrainarren artekoa da. Batzuek ukrainar izatea ekialdeko ahizpatasuneko kide izateko modu bat bezala ikusten dute; besteek, aldiz, ukrainartasuna Erdialdeko Europako nazionalitate bat bezala identifikatzen dute Errusia asiarrari kontrajarriz. Batzuek Moskun bilatu zuten babesa, besteek Washingtonen.
Bigarren panpina Ukraina eta Errusiaren arteko gatazka da, lehenengoa barnebildu eta desitxuratu duena. Errusia beldur da NATOren zabalkundeaz eta uste du Ukrainak Washingtoni eman dizkiola bere etxeko giltzak. Honek nazionalismo errusiarra armatu du, besteak beste, Ukrainan sinaturiko bake akordio desberdinak bete ez direlako. Frustrazio horretatik etorri dira Krimeako anexioa, Moskuren babesa errepublika sezesionistei 2014an Kievek hasi zuen gerran eta Ukrainako errusiar inbasioa 2022an.
Hirugarren panpina, handiena eta gainerako biak irentsi dituena protagonismo guztia kontzentratuz, nazioarteko hegemonia borroka da AEB eta Txina artean. Washingtonek Ukrainako gatazka gogoz sustatu eta elikatu du hasieratik, besteak beste, Errusia higatzeko ukrainarren lepotik, NATO kohesionatu eta EB Washingtonen interesetara ainguratuta mantentzeko. Hemen kokatzen da NATOk Errusiaren kontrako borrokan bultzatu duen gerra ekonomikoa. Hegoalde Globalak disimulurik gabeko axolagabekeria eta mespretxua erakutsi ditu G7ak Errusiaren aurkako borrokan laguntzeko egindako eskaeren aurrean, bai Ukrainak egiten duen gerra subsidiarioan, bai Washingtonek eta Bruselak Moskuren aurka abiarazitako intentsitate handiko gerra ekonomikoan. Alde batetik ardatz atlantista dago eta bestetik Txinak eta Errusiak gidatzen duten herrialdeen aliantza, tartean estatu batzuek koltxoi gisa jokatzen dute bi blokeen arteko trantsizio gisa.