Arrasateko Udaleko enpresa komiteak udal gobernuaren “jarrera eta utzikeria” salatu du

0
1624

Arrasateko Udaleko enpresa komiteak, gaur goizean udaletxean eskainitako presntsaurrekoan, udal gobernuaren “jarrera eta utzikeria” salatu du: “Azken urtetan oso zaila egin zaigu gure lan baldintzen eta funtzio publikoaren negoziazio prozesu serio bat aurrera eramatea. Eta gaur egun ere ezinezkoa zaigu negoziazio mahaian Gobernuaren behar izan urgentetatik harago perspektibaz aritzea, ez dute funtzio publikorako ez proposamenik eta ezta estrategiarik ere”.

2016an, orduko udal gobernuaren konpromezua zeukaten sinatuta, 2018 urtean sindikatuekin batera aztertuko zutela lan baldintzen hobekuntza. Hori adierazi dute arduradunek: “Baina ordutik ez dugu ezer negoziatzeko aukerarik izan. 2019an epaitegietarako bidea hartu genuen, legez sindikatuekin negoziatzekoak diren gai batzuk alde bakarrez erabaki zituztelako, besteak beste, lan eskaintza publikoa, egutegiak, soldataren igoera,…”.

Azken hilabeteetan negoziazio mahaia 4 bider batu da eta bilerak luzeak izan arren ez dutela “ezertarako balio izan” adierazi dute: “Bertan ez da ezer negoziatzen, ez eta erabakitzen. Sinatu gabeko dokumentuak aurkezten dizkigute eta LKSk esaten duenari balio gehiago ematen zaio guk proposatzen dugunari baino. 2010etik administrazio publikoko langileok jasan ditugun murrizketek jasangaitza egin dute administrazio publikoaren egoera: lan eskaintza publikoak ateratzeko zailtasunak eragin dute plantila zahartzea eta ordezkapenak ez egitea; aldi baterako langileen kopuruak gora egin du, ezegonkotasuna areagotuz; gero eta arrakala handiagoak daude maila baxuagoko langileon eta goi mailako postuen artean…guzti honek arinago edo beranduago eragina izango du ematen diren zerbitzuetan”.

Puntu honetan, arduradunek zenbait eskaera eta salaketa egin diete Udal Gobernuko kideei: “Udal langileok ez dagozkion lanak eta ardurak asumitzen ditugu maiz, gure ordutegietatik kanpo disponibilidadea izaten dugu, guzti hau zerbitzuen mesedetan… baina nahiko da! Udal gobernuan egoteak funtzio publikoaren gestio ona egitea ere suposatzen du eta ez dira inondik ere hori betetzen ari. Utzi ditzatela alde batera jarrera infantilak eta egin dezatela bere lana! Euren soldaten igoerak burutzeko arin heltzen dira adostasunetara eta horretarako ez dute LKSren aholkularitzarik behar. Gainera, badirudi horretan ez dela ardura ekonomikorik existitzen”.

Gai hauek konpontzeko eskaera zehatzak egin dizkiete egungo udal gobernuari: ”lanpostuen balorazio berri bat, soldataren igoera linealak aplikatzeko proposamenak, aldi baterako lanpostuen kopurua jaisteko eskaera, jubilazio primen egokitzapena, etorkizunean jubilatuko diren lankideen ordezkapenak egiteko plana, azpikontratetako langileen lan baldintzen azterketa, jarraipena eta errebertsio prozesuen hasiera,… Eta bata bestearen atzetik ezezkoa jaso dugu. Udal gobernuak EUDELi erreferentzia egiten dio behin eta berriro, jakinda EUDELeko mahaian ez dela ezer negoziatzen ari. Gainera, mahai gainean jarri ditugun gai askok ez dute EUDELekin zer ikusirik. Eta gu, Arrasateko udaleko langileak gara, beraz, udalari exigitzen diogu gurekin negozia ditzala gure lan baldintzak. Ezinbestekoa eta urgentea da bizi dugun egoerari aurre egiteko plangintza eta erabaki irmoak hartzea. Horretarako, negoziazio prozesu serio bat aldarrikatzen dugu, proposamen zehatzak mahai gainean jarri eta zintzotasunez adostasunetara iristeko”.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen