Udalak “positiboki” baloratu ditu Sanjoanak, “parte-hartze handikoak”

0
693

Beheko testua: Arrasateko Udala. Argazkia: MB artxiboa.

Herritarrek aktiboki parte hartu zuten programatutako jardueretan, eta eragile sozial eta kulturalen inplikazioa baloratzen da. “Eragile horiek lan bikaina egin dute”, eta eskerrak eman dizkiete Arrasateko Udaleko arduradunek.

Arrasateko Udalak San Joan jaien balorazio “positiboa” egin du. Herritarren parte-hartzea izan da jai hauetako alderdirik nabarmenetako bat. Arrasatear askok herrian geratzea erabaki zuten, eta hori ospakizunetan kaleen animazioan islatu zen. Herritarrek, oro har, aktiboki parte hartu zuten programatutako jarduera askotan, eta “horrek agerian uzten du auzolanean udalerria hobetzen laguntzeko konpromisoa eta nahia”. Era berean, “oso modu positiboan” baloratzen da eragile sozial eta kulturalen inplikazioa, “lan bikaina egin baitute” eta Arrasateko Udaleko arduradunak eskerrak eman nahi izan dizkieke.

Jai hauek bultzada berri bat eman diote herriko ostalaritzari, pandemiaren ondorioz igaro zituzten garai zailak gaindituz. Gainera, egitarau anitza eta adin guztietara egokitua diseinatu da, herritar guztiek jaiak goza ditzaten.

“Egun hauetan, bizitzaz beteriko Arrasate baten lekuko izan gara. Erronka, orain, bizitasun hori urte osoan zehar zabaltzea da, herriaren parte-hartze aktiboa eta etengabeko garapena sustatuz” nabarmendu dute.

Garrantzitsua da azpimarratzea Arrasaten ekintza jendetsu ugari izan direla jaiegun hauetan. Nabarmentzekoak dira Errementari dantza ekainaren 23an, Dragoi Jana eta Chambaoren kontzertua ekainaren 24an, Zeuk ein zeuk jan bazkaria, Eguzkilaru, Pirritx eta Porrotxen ikuskizuna eta Txosnetako kontzertuak ekainaren 25ean. Gainera, arrakasta handia lortu duten eskala txikiagoko ekimen eta ekitaldi asko egin dira, hala nola Bertso Saioa, Iago magoa, Goxuan Salsan taldearen kontzertua, eskualdeko musika taldeen kontzertuak Arrasateko txosnetan 23 eta 24an, edota Trakamatraka ikuskizuna.

Erasoa gizon bati

Hala ere, balorazio positiboa lausotu egin da ospakizun hauetan zapore mingotsa utzi duen gertakari larri baten ondorioz. Tamalez, gizonezko batek erasoa jasan zuen larunbatean, ekainaren 24an, izandako liskarren ondorioz eta ospitalean egon behar izan du hainbat egunez. Udaleko talde politiko guztiek salatu dituzte gertakari horiek, eta Udalak berretsi egiten du eragileekin eta herritarrekin batera lan egiteko konpromisoa, indarkeriazko jarrerak prebenitzeko, gatazkak kudeatzeko eta bizikidetza eta herritarren kohesioa sustatzeko.

Mila esker!

Arrasateko Udalak eskerrak eman dizkie herritar eta bisitari guztiei, bai eta eragile sozial eta kulturalei ere, jaiegun hauek antolatzen egindako lanagatik. Udal langileei ere zabaldu die eskertza mezua. “Elkarrekin lan egiten jarraituko dugu bizikidetza baketsua sustatzeko eta indarkeria egoerak prebenitzeko, guztiontzako udalerri hobea eraikitzen jarraitzeko”.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen