Arrasateko taldeen partidak astebururako

0
901

Mondrate areto futboleko taldea izango da etxean jokatuko duen bakarra

Arrasate kirol elkarte ezberdinetako taldeek euren zelaietatik kanpo partidaz beteriko asteburua dute aurretik. Hain da horrela, Arrasateko areto futboleko Mondrate izango dela Arrasaten bere ligako partida jokatuko duen bakarra. Gainerako taldeak geografiako hainbat tokitara joango dira euren partidak jokatu eta txapelketaren bigarren itzulian ahalik eta puntu gehien lortzen saiatzeko.

Mondratek Sestao Futbol Sala jasoko du igande honetan, 18: 30ean, Musakolako kiroldegian. Zaleek goi mailako partidaz gozatzeko aukera izango dute, egun, taulan paretsu dauden bi talderekin. Mondrate bederatzigarren dago sailkapenean 20 punturekin eta Sestao puntu bat gorago dago 22rekin. Garaipen kopuruan ere antzeko mailan daude, Sestaok 7 partida besterik ez baititu irabazi, Mondratek 6 irabazi dituen arren.

Mondragon futbol taldeak oso partida zaila du asteburu honetan Lesakan, Beti Gazte taldearen aurka. Etxeko taldea laugarren postuan dago 36 punturekin eta Mondra, berriz, 23 punturekin. Jaitsieraren mehatxua oraindik urrun dagoela dirudien arren, mutilek puntu bakoitza borrokatu beharko dute txapelketaren amaierara nahiko eroso iritsi nahi badute. Partida igandean jokatuko da, 17.30ean, Mastegiko zelaian.

Saskibaloian Mondragon Unibertsitateak Filipenses-eri egingo dio bisita asteburu honetan, 18: 30ean, Palentzian. Talde arrasatearra seigarren postuan dago gaur egun, lehen sailkatuarengandik hiru puntura soilik; Filipenses, berriz, azkena da, taulako burutik hamaika puntura. EBA liga inoiz baino parekatuago dago, eta irabazitako puntu guztiak gero eta garrantzitsuagoak dira.

Leintz Arizmendik ligako 19. jardunaldiari ekingo dio txapelketako lehen sailkatua bezala, orain arte txapelketan jokatu diren partidetatik bakar bat ere galdu gabe. Oraingoan Intxaurdi izango dute aurkari. Taldea hirugarren da ligan, 41 punturekin.

Arrasate Rugby taldeak berriz lehenengo postuan jarraitzen du eta Babyauto Zarautzen aurka jokatuko du igandean 13.30etan Lasarte Orian.

Azkenik, Ford Mugarri eskubaloi taldeak partida zaila du asteburu honetan Basauriren aurka. Etxeko taldea hirugarren dago sailkapenean 31 punturekin eta 18 puntu ditu orain arte Patxi Garciaren taldeak. Partida Basaurin jokatuko da larunbatean, 18: 15eta.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen